«Ez dugu limosnarik eskatzen, politika publiko eraginkorrak baizik»

'Guardian ez itxi. Aiaraldea defenda dezagun' goiburu hartuta, protesta jendetsua egin dute Gasteizen. Erakundeei neurriak eskatu dizkiete eskualdeko egoerari aurre egiteko.

AA
Dozenaka lagunek Arabako Aldundiaren eraikina inguratu dute giza kate bat osatuz, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko martxoaren 15a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Aiaraldearen egoera sozioekonomikoaren aldeko aldarria eraman dute larunbat honetan Arabako Aldundiaren atariraino. Guardian ez itxi, Aiaraldea defenda dezagun goiburu hartuta, mobilizazio jendetsua egin dute eguerdian Gasteizen, egoerak eragiten duen arrangura arduradun politikoei helarazteko eta orain arte jaso ez duten inplikazioa eskatzeko. Gazteak zein helduak, langileak, pentsiodunak eta herritar arruntak, denak bildu dira beren «kezka eta haserrea» ozen adierazteko: «Nekatuta gaude: ez dugu limosnarik eskatzen, politika publiko eraginkorrak baizik».

Autobusetan eta auto partikularretan iritsi dira dozenaka lagun, eta Probintzia plazan elkartu dira. Aldundiaren eraikina inguratu dute giza kate bat eginez, aldarriak ozen oihukatu eta afixak erakusten zituzten bitartean. Modu horretan, salatu nahi izan dute eskualdean «ziurgabetasun eta abandonua» pairatzen dituztela, eta ezinbestekoa dela neurriak hartzea herritarren etorkizunera begira.

Izan ere, gogorarazi dute lanpostu asko desegin direla azken urteetan eskualdean. Guardian da orain jomugan dagoen azkena: 171 behargin kale gorrian geratzeko zorian dira. Baina Glavista izan zen aurretik, eta hura bezala beste hainbat. Urtebete baino gutxiagoan 500 enplegu desager litezke Aiaraldean. Zama jasanezina, herritarren aburuz: «Ez da ahaleginik egin hori ekiditeko».

INBERTITZAILERIK EZ GUARDIANEN

Guardian Glass Laudioko (Araba) planta ixteko prozesua aurrera doa. Zuzendaritzak ekoizpen arazoak eta argudio teknikoak jarri ditu mahai gainean enplegua erregulatzeko espedientea zabaltzeko. Langile batzordeak ez du argudio horiekin bat egiten, ordea, eta dokumentazioa biltzen ari da enplegu erregulazioa gerarazteko. «Haien asmoa da gure lanpostuak diru truk saltzea», salatu du Aitor Peral LABeko kideak. Inbertitzailerik baden galdetuta, erantzun du ez dutela espero «laster» inbertitzailerik agertzea. Horiek horrela, segurutzat jo dute kontsulta epea amaituta 171 langile kalean geratuko direla.

Industria izan da eskualdeko ekonomiaren motorra urte askotan, baina sare hori «desegin» egin da pixkanaka, enpresak itxi dituztelako edo bertan finkatutako multinazionalek lantegiak edo ekoizpen lerroak beste norabait eraman dituztelako. Hori dela eta, eskualdeak bere barne produktu gordinaren %22 galdu du azken hamarkadan, eta Arabako langabezia tasarik handiena dauka. «Aiaraldea erreferente bat izan da industrian, lan duina eta komunitatea izan dituen lurralde oparo bat. Baina, gaur egun, penaz begiratzen digute, edo are okerrago: ez digute begiratu ere egiten», salatu dute.

«Jendea erabateko ziurgabetasunean bizi da, ezin du etorkizuna planifikatu. Ez daki ziur bere lanpostua mantenduko duten edo kenduko duten, bihar zer egin ahalko duen eta zer ez. Horrela bizitzea zaila da», azaldu du Endikak, 42 urteko amurrioar batek. Tubacexeko langilea da, eta berak ere ongi ezagutzen du ezegonkortasun hori. Duela lau urte, pandemia ostean, «berregituratze» bati ekin zion enpresak, eta kaleratzeen mamuak Amurrioko eta Laudioko lantegien atea jo zuen.

Haren lanpostua ez zen arriskuan egon, baina zeharka jasan zituen egoera haren albo ondorioak: «Denoi eragin zigun, eta orain ere denoi eragiten digu, lanpostu batzuk kenduko direlako eta sortuko direnak are prekarioagoak izango direlako». Nabarmendu du oraingoan ere ez dutela laguntzarik jaso erakundeen partetik, orduan bezalaxe. «Ez digute irtenbideak bilatzen laguntzen, eta, gainera, esaten digute ezin garela kexatu, inbertsoreak uxatuko ditugula bestela. Horrela ezin da».

Guardian-Aiaraldea
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Etorkizun latza»

Inplikatzeko eta neurriak hartzeko; eskaera hori egin nahi izan diete Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari gaur. Promesa «hutsalak» alde batera utzi eta neurri «errealak» ezartzeko behingoz; beste alde batera begiratzeari uzteko eta «odoluste honi amaiera emateko». Izan ere, enpresen itxierak eta enplegu galerak «denei» eragiten die: «merkatariei, gazteei, bizitza osoa eskualdea eraikitzen eman dutenei».

Oro har familia guztiei, Mamenek gogorarazi duenez. Amurriokoa da, 63 urte ditu eta seme-alabei diruz lagundu behar die, eskualdean beste hainbatek egin behar duten moduan. «Horrela ezin dira bizi: ez daukate familiarik, ez etxerik, ezin dute oporretan joan... Etorkizun latza dute». Garai «zailak» direla adierazi du, egoera hori ez baitagokio enpresa bakarrari. Enplegu erregulazio ugari dituzte inguruan: «Nire suhiak Inauxan lan egiten zuen, eta aldi baterako erregulazioa aplikatu nahi zioten», gogoratu du.

«Aiaraldean dena dago txarto», gaitzetsi du Karmelek (69 urte, Amurrio). Horren harira, Anek eta Maribelek nabarmendu dute zeinen garrantzitsua den saretzea egoerari aurre egiteko. Pentsiodunak dira, batek 70 urte ditu, eta besteak, 72; gogorarazi dute pentsio duinen aldarrikapenak ere baduela lotura eskualdearen etorkizunarekin: «Soldata duinak behar ditugu, eta pentsio duinak ere bai. Hori ere aldarrikatzeko gaude hemen».

Aiaraldeko herritarrek ozen adierazi dute ez dutela «etsiko», eta esan dute eskualdearen «orainaren eta etorkizunaren alde» tinko jarraituko dutela: «Ez dugu milimetro bat ere egingo atzera». Egoera iraultzeko neurriak hartzea exijitu dute: «Aski da, ezin diezue gure aldarrikapenei entzungor egin, ez dugu onartuko zuen aberastasuna gure miseria bihurtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.