Behi esnedunak hazten ditu Laura Irigaraik (Azkarate, Nafarroa Beherea, 1988). ELBko kidea da, eta DDTMren bulegoen okupazioan parte hartu du, NPBren laguntzen beranta salatzeko. Bortura joan behar duten laborariek garai hauetan bizi dituzten zailtasunak azpimarratu ditu.
Nola eskuratzen dituzue Europako laguntzak?
Maiatzerako egiten ditugu deklarazioak, errateko zer dugun gure etxaldean: zenbat pentze, zenbat alor, zenbat kabala... Deklarazioa egiten dugunean, Frantziako Estatua engaiatua da guri laguntza hori ematera, eta guk badakigu zenbat hartuko dugun. Berez, udan lantzen dituzte deklarazioak, eta laguntzek udazkenerako iritsi beharko lukete: lehen, urrirako %80 eskuratzen genuen, eta gure dosierra landu arau, hondarra berantago ukaiten. Aurten, irailean erran ziguten hitzeman baino diru gutxiago emanen zutela, eta laguntza gehienak ez dira oraindik helduak. Bereziki hazleenak dira apaldu; horregatik, inportantzia handia dute gure eremuan.
Bortura joaten direnek dute arazo gehien.
Nik behi esnedunak ditut; beraz, ez naiz bortura joaten, eta laguntza gehienak eskuratuak ditut. Baina ardiak dituztenak bortura abian dira, eta, horientzat, NPBren erdia baino gehiago da.
Zer erran nahi du horrek?
Erran nahi du fakturak hor direlarik ez dituzula ordaintzen ahal. Diruzaintza arazo bat da: bankura joan behar dira sos horren ukaiteko; gastu bat da. Kabalak behar dira bazkatu, eta segituko duzu fakturak errezibitzen; ez diozu mundu guziari erranen «zaude, NPBren beha naiz».
Hazkuntzan, neguan da gastu gehien.
Eta, bereziki, hor hunkiak diren hazleentzat. Bortura abian direnentzat: udan ez dute gastu handirik, kabalak naturak bazkatzen baititu. Neguan, etxean dituzte. Eta eskasak orain dira ateratzen, urte hasieran, etxean egindako belarrak bukatzen ari baitzaizkie. Badira beste gastuak ere. Martxo-apiriletan berriz kanpoan izanen dira, eta apalduko dira beharrak.
Eritasunak ere gehitu dira aurten.
Maiatzean, deklarazioa egin genuenean, nehork ez zuen pentsatzen diru hori faltako zela neguko, eta anitzek gastu gehiago izan dituzte larrazkenean, eritasun hemorragiko epizootikoaren ondorioz. Hori ere ez zen aurreikusia. Dirua badelarik, bada, baina, ez delarik, kalte anitz sortzen du.
Frantziako Gobernuak iragarri neurriek ez dituzte konponduko arazo horiek?
Diruari buruz iragarpen batzuk egin dituzte, baina, oro har, ez da fitsik hemengo hazleentzat. Laguntza balitz bezala erakusten dute gasolio profesionalaren prezioa ez emendatzea, baina ez galtzea da azkenean. Joan den astean DDTMren mezu bat eskuratu genuen, eta erran ziguten arazo informatiko bat ukan zutela eta dirua ez genuela eskuratuko martxoaren 15a aitzin. Aski! Azkenean beti etxaldeek aitzinatzen dute dirua.