«Ez diogu ezeri uko egingo finantza erakunde gisa geure etorkizuna antolatzeko orduan». Ate guztiak zabalik utzi nahi izan ditu Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidente berriak, karguan egindako lehen adierazpen publikoetan. Bankuaren norabidea finkatzeko garai erabakigarriak dira, eta Billalabeitiaren lemapean erabakiko da bankuaren jabetza inbertitzaile pribatuei irekiko zaien edo ez, Mario Fernandezek diseinatu zuen bide orrian iragarrita zegoen modura.
Kutxabankeko administrazio kontseiluak bilerara deitua zuen atzo goizean, Bilboko egoitza nagusian. Billalabeitiaren izendapena aho batez babestu zuten kontseilariek. Presidente kargua hartuta, lehen agerraldia egin zuen Billalabeitiak, bankuaren jabe diren hiru fundazioetako presidenteak lagunduta. Aurretik, hedabide grafikoentzat bostekoa eman zioten elkarri Fernandezek eta haren ordezkoak, baina agerraldira ez zen atera Fernandez.
Ekitaldiak sekulako ikusmina piztu zuen. Deialdian halakorik aipatzen ez bazen ere, Billalabeitiak agerraldian ez zuela galderarik erantzungo jakinarazi zuten bankuko komunikazio arduradunek. «Bi ordu baino ez dira iritsi denetik», izan zen argudioa galderarik ez onartzea justifikatzeko.
Galderak egiteko betarik gabe, esker ona azaltzen abiatu zuen agerraldia. «Erronkari» erantzuteko prest dagoela azaldu zuen Kutxabankeko presidente berriak. Bizkaiko Aurrezki Kutxan zazpi urtez aritu izanari esker erakundearen nortasunari buruzko zenbait ezaugarri argi dituela nabarmendu zuen. «Taldearen ibilbide guztian kaudimen kultura bat egon da», eta hori indartzeko lan egingo duela agindu zuen.
Zeharka, Espainiako Bankuaren erabakien zain jarraitzen du Kutxabankek. Ikuskatzailearen ustez, bankuaren jabetza duten hiru fundazioak elkar hartuta ari dira, eta, ondorioz, erakundearen kontrol osoari eutsi nahi badiote, 700 milioi euroko erreserba funtsa eratu behar dute. Haatik, erabaki horri alegazioak egin dizkiote BBK-k, Kutxak eta Vitalek, eta egoerari buelta emateko aukera errealak daudela uste dute.
Edonola ere, Kutxabanken geroa finkatzeko finantza ikuskatzaileek —hala Europako Banku Zentralak nola Espainiako Bankuak—eragin zuzena izango dute, Billalabeitiaren aburuz. «Ez diote soilik arriskuan kalitateari eta kapital mailari begiratuko, erakundeen negozio eredua jasangarria den edo ez kontrolatuko dute».
Hori dela eta, ohartarazi zuen orain Kutxabanken lehentasun osoa negozio eredu hori indartzea izan behar duela. Balantzeen egoerari buruzko ardura alde batera utzita, bankuaren ohiko jardunari lehentasuna ematea defendatu zuen. «Bezeroak, merkatua, lehiakideak, produktuak, prezioak, errentagarritasuna, horiek ezin ditugu burutik kendu».
Ikuspuntu kualitatibo batetik eginbeharrak ere ez zaizkie falta. «Finantza sektorean konfiantza berreskuratzea sustatu behar dugu». Bankuaren azken helburua akziodunentzat balioa sortzea izan behar du, presidente berriaren ustez, eta, kasu honetan, ahalik eta dibidendurik handienak bideratzea fundazioei, gizarte ekintza elikatu eta «ahal dela» indar dezaten. «Hori da geure izaera, ezberdin egiten gaituena, inolako konplexurik gabe», adierazi zuen.
Erabaki «taktikoa»
Fernandezen dimisioaren oihartzuna ez da oraindik itzali. Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataformaren ustez, kargua uztea erabaki «taktikoa» izan da. «Hauteskundeak hurbil egotea eta presio soziala daude EAJren eta dimisioa eman duen presidentearen borroka taktiko honen atzean», adierazi zuen plataformak, ohar baten bidez.
Bankua kapital pribatuari irekitzearen aurkako sindikatuak—horien artean ELA eta LAB — eta gizarte taldeak biltzen dira plataforman. Haien aburuz, ez da sakoneko aldaketarik espero. «Dimisioak ez du hankasartzea konponduko, eta pribatizatzaileen bidetik ez dago pribatizazioa konpontzerik».
Bestalde, ELAk mobilizazioak iragarri ditu abenduaren 3 eta 4rako, Kutxabanken lan baldintzen murrizketak salatzeko.
«Ez diogu ezeri uko egingo»
Billalabeitia Kutxabankeko presidente berriak ez du argitu segituko duen kapital pribatuari sarbidea emateko Fernandezek iragarri zuen bide orriarekin.Negozioari lehentasuna ematearen aldekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu