Epelkeriarik gabe aritu da langabezia erregistratuaren datuez: «Ez dago aurrekaririk». Tomas Arrietak (Bilbo, 1958) «akordiorako borondatea» eskatu die eragile sozialei eta administrazioei, modu horretan «lehenago» iritsiko delako susperraldia.
Ezin zen bestelakorik espero,ezta?
Kolpe izugarria da lan merkatuarentzat. Langabeziak %9,5 egin du gora Euskadin hilabete batetik bestera. Ez dago aurrekorik, baina alderaketak egiten hasita 2009ko urtarrilera joan behar da. Atzeraldi Handiaren oldarraldian 10.000 langabe gehiago zenbatu ziren. 11.000 izan dira orain.
Ez al dago ezer onik?
Ez dut ezer ikusten. Ekonomia geldirik dago ia bere osotasunean, eta horren isla baizik ez da hau. Erregulazioei esker, 150.000 langile inguruk bere enpleguari eutsi diote.
Oraingoz, ezta?
Hori da, oraingoz. Izan ere, galdera marka handi bat dago hor ere. Dosier horiei buruzko salbuespen legeak dio erregulazio horiek hasi eta sei hilabete pasatu arte ezin dela kaleratzerik egin. Neurri berezien onura jasotzeko, enpresek baldintza hori errespetatu behar dute. Horrek arindu beharko luke egoera honek enpleguan izango duen eragina. Baina dena da ziurgabetasuna.
Berreskura daiteke enplegua galduko den abiadura berean?
Ezin dugu espero galduko den abiaduran berreskuratzea enplegua. Hasteko, jokaleku honetan ez dago iraganik. Enpleguaren susperraldia jarduera piztearekin batera gertatzen da, BPGaren susperraldiarekin batera. 2008az geroztiz galdutako aberastasun maila berreskuratzeko, zortzi urte behar izan ditugu, eta, hala ere, ez dugu orduko enplegu maila berreskuratu.
Urteetako ziklo batez ari zara?
Oso ezkor jarrita ere, ez du ematen arrazoizkoa pentsatzea susperraldiak orduan bezainbesteko denbora beharko duela. Lehenago gertatuko da orain. Edonola ere, jarduera berreskuratzeak enplegua goraka eramango du, baina ez dakigu zein erritmotan eramango duen. Aterako gara, argi dago, eta 2008ko krisian baino azkarrago aterako gara, ez dagoelako ekonomiaren egiturazko arazo sakonik. Baina enplegua beti doa susperraldiaren atzetik.
Pertsonen mugikortasuna mugatu dute, hain justu turismoak behar duena bizirik egoteko. Enplegu asko joan daiteke sektore horretan, ezta?
Gure BPGaren egituran, industriak beste ekonomia batzuetan baino pisu handiagoa dauka, baina egia da zerbitzuen garrantzia handitu egin dela azken urteetan, eta, horren barruan, turismoarena. Normaltasunerako prozesua faseka egingo da; alegia, ez gara hasiko lehengo bizitza bera egiten egun batetik bestera; horregatik, erraz pentsa daiteke turismoan eragin handia izango duela, eta harekin lotutako jardueretan ere bai; ostalaritzan eta abarretan.
Nola berreskuratu beharko litzateke ekonomia?
Erronka ezezaguna dugu aurrez aurre. Atal publiko sendoa beharko dugu, jarduera laguntzen duena, baina kontsentsua nagusitzen den giroa ere oinarrizkoa izango da, akordioak egiteko. Enplegua berreskuratzeko prozesua errazagoa izango da elkarrizketaren bidez, esaterako, galdutako lanegunak berreskuratzeko.
Agertoki ezezaguna da, baina ez hainbeste, oroimen kolektiboan dagoelako nola atera zen ekonomia Atzeraldi Handiaren putzutik. Soldaten debaluazioa izango ote da berriro?
Hainbat gauza ikasita beharko genituzke. Lehena da horrelako astinduak datozenean enplegu ahulak sufritzen duela gehien, eta langabe berriak kalitate txikiko enplegutik datozela. Euskadin, urtero, aldi baterako 900.000 lan kontratu egiten dira, eta horietatik %35 ez dira astebeterako baino gehiagorako. Pertsona horien zaurgarritasuna oso handia da.
Beraz...
Ez nuke nahi nire nahia eta errealitatea nahastea, baina ez dut uste 2008an aukeratu zen bidetik aterako garenik orain. Orduko neurriak borondate osoz hartu ziren, soldatak txikitzeko. Lehiakortasuna handitzeko formula bat izan zen kanpo merkataritzari begira. Horrek eragindako egoera normalizatzeak luze jo du; koronabirusa agertu aurretik, negoziazio kolektiboaren erritmoa txukuna zen. Pena izugarria litzateke lortutako horren zatirik handienari ez eustea.
Eutsiko zaio?
Susperraldiari nola ekiten diogun, horren araberakoa ere izango da erantzuna; konfrontazio maila eta akordiorako borondatea zenbatekoak diren ikusi beharko da, egonkortasuna eta kohesioa baititugu jokoan. Ez dadila gal zulo batetik hamarkada baten ondoren berreskuratu duguna. Nik badakit jendea sufritzen ari dela, baina testuinguru honetan inoiz baino batasun handiagoa behar dugu, dena daukagulako jokoan. Ez dezagun ahaztu azken urteetan garbi geratu dela kalitatezko enplegua behar dugula, lehiakortasuna ezin dela iritsi lan kostuak jaitsita. Jar dezagun berriro motorra martxan, baina adostu ditugun oinarri horiekin.