Sara de la Rica. Ekonomia katedraduna EHUn

«Ez da posible geure gazteen lan ibilbidea 25 urterekin hastea»

EAEko lan merkatua gero eta gehiago zahartzen ari da, eta De la Ricak ohartarazi du gazte gabezia ezin zaiola soilik jaiotza tasari egotzi: «Gazteak ez daude aktiboak, ez okupatuak, ez langabezian».

BERRIA.
Ivan Santamaria.
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuari buruzko behatokia zuzentzen du Sara de la Rica EHUko doktoreak (Bilbo, 1963). Langabeziaren jaitsieraz eta enplegu berriaren sorreraz ez ezik, lan merkatuak gaur egun dituen erronka eta eginbeharrei buruz ere mintzo da De la Rica.

Zer ondorio atera liteke 2015. urteko enplegu eta langabezia datuei buruz?

Nahiko argi ikusten da atzeraldi zikloa amaitu dela, eta bide eman dio hazkunde ziklo bati. Barne produktu gordina handitzen ari da, eta horrek enplegua suspertzea eragiten du.

Adegik posible ikusten du krisiaren aurretik zegoen enplegu mailara itzultzea 2018. urterako. Baikorregia da?

Kanpo faktoreen menpekotasun handia dugu. EBZren pizgarriei, petrolio merkeari eta euroaren merkatzeari etekina ateratzen ari gatzaizkie. Baldintza horiekin eta ziurgabetasun faktore berririk gabe, posible litzateke bizpahiru urtean enplegua berreskuratzea. Gaur egungo mundu globalizatuan, oso arriskutsua da aurreikuspenak bi edo hiru urtera begira egitea, ordea.

Badirudi industriak hobera egin duela, baina krisiaren aurreko egoeratik urrun segitzen du. Aukerarik badago galdutako enplegua bereskuratzeko, itxura batean ekoizpen ahalmena galdu denean?

Industrian lehiakor izatea oso zaila da, are gehiago kontuan hartuta geure enpresen tamaina beharko genukeen baino txikiagoa dela. Gainera, gorabidean diren herrialdeen lehia indartsuari aurre egin behar zaio. Ikusten ari gara zer gertatzen ari den Txinarekin eta altzairuarekin. Prezioak botatzen dituzte, eta oso zaila da horri aurre egitea. Industrian sektore batzuk arazo ikaragarriak dituzte, ez bakarrik Euskadin, Europa osoan baizik. Beste batzuetan —autogintza eta aeronautika, esaterako—, lehiakorrak gara, eta ondo ari gara lanean kanpora begira.

Krisiaren aurretik baino jende gehiago dugu orain lanean zerbitzuen sektorean. Hirugarren sektorea hedatzeak nolako ondorioak ditu ekonomiarentzat?

Ekonomiaren tertziarizazioa herrialde aurreratu guztietan gertatu da. Arazoa da balio erantsi eskasa duten sektoreetan zentratzea, jarduera horiek aberastasun gutxi sortzen dutelako. AEBetan hirugarren sektore oso indartsua dute, I+G jarduerei oso lotuta. Eskulan kualifikatua behar du, eta berrikuntza handia eskaintzen die enpresei. Gisa horretako zerbitzuak oso gutxi garatu dira hemen. Noski, ez diogu utzi behar industria sektorean merkatu kuota handitzen saiatzeari, aberastasuna sortzeko motor efektu handia duelako.

Enplegu mugagabea galtzen ari gara, eta sortzen den guztia aldi baterakoa da.

Egia da. Jarduera suspertu bezain pronto, aldi baterako enplegua itzultzen ari da 1990 eta 2007 bitartean zuen tasara. Garai horretan, %30 inguru zen. Geure ekonomiaren arazo endemikoa da. Enpresetan dagoen barne malgutasun faltaren ondorioz, kanpora begirako malgutasuna nahi da, eta kaleratze merkea duten aldi baterako langileak botata lortzen da hori.

Lan merkatuaren dualtasun hori aitortzen zuten azken lan erreformek, baina, ezer aldatu dute, benetan?

Ez dute balio izan dualtasuna ezabatzeko, ezta murrizteko ere. Arazoari errotik heldu beharko zaio. Oso alde handia dago kontratu mugagabeek eta aldi baterakoek dituzten kaleratze kostuen artean. Baina horrek baino garrantzi handiagoa du langile mugagabeen kaleratzeari buruz dagoen ziurgabetasun juridikoak. Ez dago batere garbi kaleratze bat azkenean zenbat kostako den, eta, horregatik, enpresaburuek nahiago dute aldi baterako ahal bezainbeste kontratu egin.

Sortu den enplegu gehiena 45 urtetik gorakoentzat da. Nola interpretatu behar da datu hori?

Geure lan merkatua zahartzen ari da. Euskadin ehun okupatutik 47 dira 45 urtetik gorakoak, eta langabeen artetik %34 dira adin horretatik aurrerakoak. Logikoa da sortzen den enpleguaren parte bat haientzat izatea. Hala ere, esango nuke gainordezkatuta egon direla 2015. urtean sortu diren lanpostuetan. 20.000 lanpostu berrietatik 18.000 izan dira 45 urtetik gorakoentzat. Baliteke adineko langabeak edo epe luzekoak kontratatzearen truke enpresei ematen zaizkien pizgarriek zerikusia izatea. Ona da kolektibo horrentzat, baina, gizarte modura, gustatuko litzaidake gazte enpleguaren gorakada ikustea, eta hori ez da gertatu.

Txanponaren ifrentzua gazte enplegua da. Zer gertatzen da?

25 urtetik beherako gazteen falta oso kezkagarria du lan merkatuak geurean. Ez daude aktiboak, ez okupatuak, ez langabezian. Egia da 20-22 urte bitartean amaitzen dituztela ikasketak —goi mailakoak direnean, eta hori da gomendagarriena—, baina ondoren lan merkatuak bereganatu beharko lituzke, eta ez da hori gertatzen ari.

Jaiotze tasa txikiaren ondorio da gazteen egoera?

Jaiotza tasaren jaitsierak gazte falta eragin du, baina, gutxi izateaz gain, daudenak ez dira aktiboak. Gizarte gisa konpondu behar dugun zerbait da. Ez da posible geure gazteen lan ibilbidea 25 urtetik aurrera hastea. Beste herrialdeetan, enpleguan duten parte-hartze tasa askoz handiagoa da. Kasu gehienetan, ikasketak eta lanpostu partzialen bat bateratzen dituzte. Ona da hori, lan merkatuarekin lehen harremanak izateko modua ematen duelako.

Nolakoa da geure lan merkatua orain, krisiaren aurretik genuenaren aldean?

Oro har, ez da ikusten lan merkatu oso ezberdina, baina bitartean asko aldatu da aurrez aurre dugun mundua. Digitalizazioa inposatzen ari da, eta, etorkizun hurbilean, aldaketa itzelak eragingo ditu lan merkatuan. Orain garatzen ditugun gaitasunen aldean oso ezberdinak izango diren beste batzuk beharko ditugu, eta ez zait iruditzen behar beste axola zaigunik. Ematen du krisiak jota segitzen dugula, irauteko modua piztuta, baina gauza asko berriz pentsatu beharko dira: enplegu motak, lan egiteko moduak, lan harremanak, langileentzat eta enpresentzat malgutasun gehiago izango duten ereduak...

Espainiako Gobernua osatzeko prozesuak aurrera segitzen du. Aipatu izan da lan erreforman atzera egiteko aukera. Beharrezkoa iruditzen zaizu?

Ez zait iruditzen lan erreforma osorik indargabetzea beharrezkoa denik. Baina erreforma osatugabea da, argi eta garbi. Egokiak dira ezarritako barne malgutasun neurriak, baina beste alor batzuk indartu behar dira, langilea babesik gabe gera ez dadin. Enpresaren aldeko malgutasuna azpimarratu da, proportziorik gabe, eta ez langileen aldekoa. Esaterako, argi utzi beharko litzateke malgutasunak ez duela soilik balio behar izan lan baldintzak okertzeko. Gauzak ondo doazenean, soldatak gora egiteko aukera onartu beharko litzateke. Ultraaktibitateari muga bat jartzea ere egokia da, baina gaur egun erori den linbo juridikotik irten beharko luke, behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.