Eustatek bi hamarren igo du EAEren BPGaren hazkundea, %1,8raino

Industriak eta eraikuntzak datu hobeak eman dituzte hirugarren hiruhilekoan, baina zerbitzuak dira hazkundearen motorra. Azken urtean ia 16.000 lanpostu sortu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Industriaren datuek hobera egin dute. Irudian, Danobat kooperatiba, Elgoibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Industriaren datuek hobera egin dute. Irudian, Danobat kooperatiba, Elgoibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko abenduaren 5a
15:25
Entzun

Erritmo egonkorrean hazten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. 2024ko hirugarren hiruhilekoko datuak eguneratu ditu gaur Eustatek, eta urrian aurreratutakoak pixka bat zuzendu ditu, onerako gainera. Urrian esan zuen barne produktu gordinaren urte arteko hazkunde tasa %1,6 izan zela, baina bi hamarren handitu du, %1,8raino.

Hazkunde tasa hori bera izan zuen ekonomiak urteko bigarren hiruhilekoan, eta, horri esker, urte osorako bere aurreikuspena (%1,9) bete egingo dela «edo desbideraketa oso txiki bat» izango duela azaldu du Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia kontseilariordeak. Azken asteetan iritsitako datuak «oso egonkorrak» direla gaineratu du, eta ez dutela okertzerik ikusi.

Izan ere, euskal ekonomiaren arazoetako bat da haren produktuen bi bezero handi, Alemania eta Frantzia, ahul dabiltzala eta, hortaz, Euskal Herriko enpresen produktu gutxiago behar dituztela. Ahuldade horren seinalea da industria ari dela daturik okerrenak ematen sektore ekonomiko nagusien artean.

Industria, hobexeago

Industria datu positiboetara itzuli da urteko hirugarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan %0,5 haztetik %0,7 haztera igaro da, eta hiru hilabete artekoan, berriz, -%0,7tik %0,9ra. 

Eraikuntza ere suspertu da: -%0,1 txikitu zen udaberrian, eta %0,9 hazi zen udakoetan. Kontrako bidea egin du lehen sektoreak, %0,7tik -%2,3ra jaitsi baita. Zerbitzuak dira sektorerik egonkorrena eta hazkundearen motorra, baina haren hazkundea pixka bat apaldu da azken hiruhilekoan.

Eskariaren aldetik, barne kontsumoak egiten dio tira ekonomiari, eta, bereziki, administrazio publikoenak (%2,2, urte arteko tasan).

Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, %1,6 hazi da azken urtean, zerbitzuen eskutik (%2). Kopuru osoetan, 15.795 enplegu gehiago dira 2023ko hirugarren hiruhilekotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.