Euskoari esker, 100.000 euro inbertituko ditu Herrikoak tokiko enpresetan

Dagoeneko 100.000 euro trukatu dituzte euskotan, 1.800 erabiltzaile eta 360 bat egitura hartzaileri esker

Euskoa diru gisa onartzen dute Ipar Euskal Herriko 360 saltokik eta erakundek. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Angelu
2013ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Euskoak badu bere lehen bilana: urtarrilaren 31n abian jarri zenetik, 1.800 erabiltzaile lortu ditu,eta 100.000 euro trukatu dituzte Ipar Euskal Herriko diru alternatiboan. Azken kopuru hori bera inbertituko du orain Herrikoa sozietateak tokiko enpresetan, euskoaren bultzatzaile Euskal Moneta elkartearekin hitzartu baitzuen trukatutako eusko bakoitzeko bere erreserbetatik euro bat sartuko zuela Eusko-Herrikoa funtsean.

Funts horren banatzekoproiektu deialdia abian jarri dute Herrikoak eta Euskal Monetak. Interesatua den orok ekainaren 30a arte dauka Euskal Monetari proiektua helarazteko. Enpresak ez du zertan sortuberria izan. Elkarteentzat, ordea, laguntzak ez du balio. Enpresa, sozietate anonimo edo kooperatiba bat izan behar du egiturak, berez, Herrikoak kapital hartze edo bazkide kontu korronte moduan parte har baitezake bakarrik proiektuan.

Hori bai, egiturak Euskal Moneta elkarteak eta Herrikoak finkatu irizpideak bete behar ditu. Hau da, Euskal Monetari dagokionez, euskara sustatzea, ekonomiaren birlokalizatzea, eta gizartean eta ingurumenean aitzinatzea helburutzat duen egitura izan behar du. Herrikoak, berriz, bideragarriak diren proiektuak hautatzen ditu. Berez, tokiko ekonomia sustatzeko helburua du Herrikoa sozietateak, eta milioi bat euro dauka tokiko enpresen laguntzeko. Baina 100.000 euro horien kasuan, Euskal Monetak bere esperientzia ere gehitzen dio proiektuari, diruarekin ari direnekin zuzenean beharrak edo ideia berriak non dauden ikus ditzakeela. Adibidez, hor dago CLPB esne kooperatiba behar gorrietan dagoena.

Beste aukera bat banaketa sailean ikusten dituzte. Euskoa onartzen duten 360 egituretatik anitz Lapurdi itsasaldeko ostatuak eta barnealdeko laborariak dira. Baina bien artean banatzaileak eskas dira. Jatetxeek banatzaile handietara jotzen dute ardura. Banaketa sustatuz, tokiko laborariekiko bidea erraztea nahiko luke Euskal Monetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.