2025eko urtarrilean hamabi urte beteko ditu Eusko Moneta elkarteak, eta Xebax Christy euskoa bultzatzen duen elkarteko lehendakariak uste du tarte horretan «garapen handia» izan duela haren erabilerak. Publiko berri bat hunkitzeko estrategia bat plantan ezartzen hasi dira, eta arreta berezia emanen diote Ipar Euskal Herriko barnealdeari eta mendialdeari.
Christyren arabera, Eusko Monetak ez du oraindik mendialdeko sektoreekin «atxikimendu ahalmena aktibatu». Hori gauzatzeko, Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin, lurralde animazio postua sortu berri dute, Maider Aragonek hartu duena. Lurralde animatzailearen eginbeharra izanen da barnealdeko eskualdeetako publiko desberdinen arteko harremanak eta loturak sortzea eta bultzatzea: partikular, enpresa, elkarte eta herriko etxeekin. Lanketa, nagusiki, Garazi-Baigorrin, Iholdi-Oztibarren, Amikuzeko parte batean, eta Zuberoan eginen da.
«Gure borondatea da jende gehiago hunkitzea eta, bereziki, euskoaren potentziala barnealdean askatzea», esplikatu du Aragonek, beti bertako aktibitate ekonomikoa, enplegua, trantsizio ekologikoaren aldeko praktikak eta laborantza iraunkorra errespetatuz. «Gure kontsumoa birtokiratzeko eta eragileen arteko harremanak bultzatzeko aukerak areagotzen dira».
Gainera, animatzaileak uste du barnealdera hedatzeak lagun dezakeela tokiko monetan euskarak «merezi» duen tokia lortzen. «Horregatik lan berezi bat abiatuko dugu 2024-2025 ikasturtean, terrenoan dugun presentzia azkartzeko eta bertako biztanle eta eragileekin sortzen ahal ditugun elkarlanak handitzeko», bukatu du Aragonek.
«Gure borondatea da jende gehiago hunkitzea eta, bereziki, euskoaren potentziala barnealdean askatzea»MAIDER ARAGONEusko Monetaren lurralde animatzailea
Geografikoki ez ezik, sektore berrietara ere zabaldu nahi du Eusko Monetak. Berriki, adibidez, eskulangintza eta eraikuntza sektoreekin lan egiten hasi dira.
Hego Euskal Herriarekin lanean
Azken hilabeteetan hasi duten lan bat ere aipatu dute: mugaz gaindiko tokiko moneta baten proiektua. Christyk iragarri duenez, hurrengo hilabeteetan aitzina pauso «garrantzitsuak» eginen dituzte eta gogoetak «serioski» aitzinatuko dira.
Harremanak eta bilkurak abiatu dituzte Hego Euskal Herriko egitura batzuekin, momentuz Gipuzkoako Oiartzualdean eta Nafarroko Baztan eskualdean. «Gure eginkizuna ekinaldi horien aholkatzea eta laguntzea da. 2025ean, aitzinamendu esanguratsuak abiatuko dira tokiko taldeak sortuz, ikerketak eginez, eta egitarauketa juridikoa hasiz, proiektu gobernantza baten plantan ezarriz».
Erakargarritasuna hobetzeko, monetaren ikusgarritasuna sinpletzen saiatu dira. Adibidez, orain arte paperezko formatuan proposatzen zuten aurkibidea, euskoa onartzen duten profesionalak zerrendatzen dituen mapa. Gaurtik aitzina, berriz, edozein tresna elektronikotik kontsultatzen ahalko da, paperezkoa baztertu gabe, aurkitegia.euskalmoneta.org helbidean. «Geolokalizazioaren bidez, erabiltzailearen inguruan euskoan diren profesionalak ezagutzen ahalko ditu, kategoria desberdinetako banatuak direnak», esplikatu du Nikola Glainek, ekainetik elkarteko langile taldeko koordinatzailea dena.
Horrez gain, irailetik goiti lantaldea osoki osatu dutela diote: orotarat hamabi langile dira elkartean. Langileentzat berrikuntza bat proposatu dute, nahi dutenentzat euskara kurtsoak eskainiak izanen zaizkie lan denboran.
Hirugarren ekitaldia
Urtero antolatzen duten gisara, aurten ere elkartzeko aukera izanen da Euskok antolatzen dituen ekitaldiei esker. Usaian bi proposatzen dituzte, baina aurten beste bat gehitu dute, hirugarrena.
Lehena urriaren 5ean izanen dute, Eusko Elkarteen Egunarekin, Miarritzen (Lapurdi), Surfriderreko lokalean iraganen dena.
Ondotik, abenduaren 4an, berrikuntza bat proposatuko dute Hendaian, Lanetik Egina musika elkartearekin elkarlanean, Mundura Eguna, zeinetan antzerki eta musikaz gozatzen ahalko den.
Eta azkena, Ezpeletan 2025eko apirilaren 12an iraganen dena, Eusko Eguna, tokiko moneta ospatzen duen eguna proposatuko dute; aurtengoan, eguna gauera arte luzatu nahiko lukete, zenbait kontzertu proposatuz.