Eusko Legebiltzarrak uko egin dio oinarrizko errenta eztabaidatzeari

EAJk, PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek atzera bota dute herri ekinaldi legegilea. EH Bilduk eta EP-IUk alde bozkatu dute, baina egungo gizarte politiken inguruko eztabaida sakonago bat galdegin dute

Itziar Gerendiain bozeramailea, atzo, oinarrizko errentaren proposamena osoko bilkuran aurkezten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Herri ekinaldi legegilea parlamentura iritsi bezala amaitu da: baldintzarik gabeko oinarrizko errentari ezetz esan dio Eusko Legebiltzarrak. EAJk, PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek proposamena aintzat hartzearen aurka bozkatu dute.EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aldeko botoa eman dute, eta gizarte politiken eztabaida sakonagoa eskatu dute. Bigarren aldia zen halako ekinaldi bat osoko bilkuran bozkatzen zutena, baina oraingoan ere ez dute onartu eztabaidatua izan dadin.

Herritar talde batek jarri zuen martxan ekinaldia, iazko otsailean, eta haien izenean hartu zuen hitza Itziar Gerendiainek. «Bide berriak esploratzeko garaia iritsi da», adierazi zuen. «Tresna berriak behar ditugu pobreziari modu eraginkorrean aurre egiteko». Haren ustez, egungo sistema ez baita gai izan hori egiteko.

Gerendiainek azaldu zuen oinarrizko errenta ekonomikoki bideragarria dela, eta hori frogatzen duten askotariko ikerketak jarri zituen adibide gisa. Borondate politikoan egin zuen azpimarra, bada. Eta kritiko azaldu zen Jaurlaritzarekin, kontrako iritzia eman zuelako eztabaidatu aurretik: «Parte hartze demokratikorako indarrean dauden bitarteko urrietako bat mespretxatzea da».

Proposamenean jasota zegoen baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskubide gisa aitortuko zuen lege bat onartzea. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok jasoko luke diru laguntza herritar izate hutsagatik: 900 euro 18 urte baino gehiagokoek; 450 euro 4 eta 18 urte bitartekoek, eta 270 euro 14 urtetik beherakoek.

Azalpenak gero

Taldeek ordu erdiko bi tarte izan zituzten beren jarrera azaltzeko: proposamenaren alde zeudenak aurrena, eta aurka zeudenak gero. Hori da halako ekinaldien bereizgarrietako bat, legebiltzarraren ohiko jarduerarekin alderatuta. Eta hor, dagoeneko, agerian geratu zen bozketaren emaitza zein izango zen, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk soilik hartu baitzuten parte lehenengo txandan, eta bakar batek ere ez bestean.

Miren Gorrotxategi EP-IU taldeko eledunak adierazi zuen milaka herritarrek babestutako egitasmoa izanik ezinbestekoa zela tramiterako onartu eta eztabaidari bide ematea. «Ez gaude ohituta; pentsarazi behar digu», esan zuen. Eta EAJri gogorarazi zion proposamenaren alde egin zuela Europan: «Europarako balio duenak zergatik ez du balio Euskadirako?».

Iraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak ere ekinaldia aintzat hartzea babestu zuen, baina «eztabaida orokorrago bat» aldarrikatu zuen, gizarte politikei dagokienez. «Ereduaz hitz egin behar dugu, ereduaren erroko aldaketaz». Eta nabarmendu zuen eztabaida hasi besterik ez dela egin, egitasmoa onartu ez arren.

Bozketa amaitu ondoren eman zituzten azalpenak gainerako taldeek. EAJk eta PSE-EEk bere egin zituzten Jaurlaritzaren argudioak, eta egungo ereduan sakondu nahi dutela azaldu zuten. Aitor Urrutia jeltzalearen iritziz, oinarrizko errenta ez da «sistemarik egokiena» pobreziari aurre egiteko, eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta berriaren garrantzia azpimarratu zuen. Gloria Sanchez sozialistak, bestalde, zalantzan jarri zituen errentaren oinarriak eta helburuak.

PP+C's-en izenean, Laura Garridok ere egungo babes sistemaren alde hitz egin zuen, eta baztertu egin zuen laguntza orokortu bat. Laguntza oro enpleguarekin lotu behar dela argudiatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.