Prozesu luze baten ondoren, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eguneratzen duen legea. Alde handiz egin du aurrera, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman baitute; kontrako botoa eman dute PPk eta Voxek, eta «abstentzio kritikoa» hautatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek.
Jeltzaleen eta sozialisten aspaldiko asmoa zen DSBEaren legea aldatzea, duela hamalau urtekoa baita. Aurreko legealdian saiatu ziren, baina azken unean atzera egin behar izan zuten, gehiengorik ez zutelako Eusko Legebiltzarrean, eta beste taldeen ezezkoa jaso zutelako. Legealdi honen hasieran atera zuen Eusko Jaurlaritzak berriro proiektua tiraderatik, gehiengo osoa bermatua izateak ematen duen lasaitasunarekin. Gainera, Elkarrekin Podemosen babesa lortu zuen, eta EH Bilduren zuzenketa batzuk ere onartu ditu gehiengoak.
Sari guztiak handituko dira
DBSE berritua apirilean jarriko da indarrean, Eusko Autonomia Erkidegoaren agerkari ofizialean agertu eta hiru hilabeteko epea betetzen denean. Edonola ere, lehen fasean, gaur egun banatzen diren errentak Espainiako batez besteko inflazioaren arabera eguneratuko dira, %8,5 hain zuzen ere. Horren ondorioz, gaur egun 727 euroko prestazio estandarra jasotzen duenak 798 euro jasoko ditu urtea hastearekin batera; apirilaren 1etik aurrera, berriz, 800 eurora helduko da.
Bizikidetza unitatea osatzen duten bi lagunen saria, berriz, 934 eurotik 1.013 eurora helduko da urtarrilean, eta 1.066 eurora apirilean.
Prestazio horiek handitu egingo dira bizikidetza unitatean saria jasotzeko eskubidea duten kideak eta haurrak ugarituz gero. Horrela, prestaziorik handiena 1.680 eurokoa izango da lege berriarekin, heldu batek eta lau adingabek osatutako familientzat; gaur egun, 1.086 euro dagozkie.
2024. urtetik aurrera, prestazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KPIaren arabera eguneratuko dira. Desagertu egingo da gutxieneko soldatarekiko lotura.
Aldaketak baldintzetan
Lege berriak zenbait aldaketa egiten ditu gutxieneko errenta jasotzeko baldintzetan. Horrela, desagertu egingo da etxebizitza bakoitzean jaso daitezkeen prestazioen muga. Horrek modua emango du etxebizitza partekatu arren familia osatzen ez duten pertsonek errenta bat baino gehiago jasotzeko.
Berritasun nagusia, ordea, zera da: DSBEa jasotzeko gutxieneko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da. Gazte horiek erakutsi beharko dute urtebete daramatela emantzipatuta eta beste hainbat Lanbiden izena emanda.
Aldaketarik ez da erroldatzean: gutxienez hiru urtez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi izan dela erakutsi beharko du errenta jaso nahi duenak. Hasieran, urtebetekoa zen erroldatze epea, eta, horregatik, sindikatuek eta pobreziaren aurkako talde batzuek salatu dute oraingo erreformak «murrizketei» eusten diela. Gaur bertan, ESK sindikatuko kideak Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu dira, lege berriaren aurka protesta egiteko.
Edonola ere, urtebeteko erroldatzea nahikoa izango dute eskatzaileak adin txikikoren baten zaintza badu, mendekotasunen bat badu edo elbarria bada. Erroldatze baldintzarik ez dute bete beharko indarkeria matxistaren biktimek, ezta sexu salerosketaren eta esplotazioaren biktimek, errefuxiatu gisa aitortutako pertsonek eta terrorismoaren biktimaren izaera onartua dutenek ere.
Gutxieneko errentan iruzurrik ote dagoen kontrolatzeko, ikuskapen talde bat sortuko du Lanbidek, «betekizunak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, bai eta horiek betetzen direla ziurtatzeko aholkuak emateko ere». Datu ofizialek erakutsi arren iruzurra txikia dela, PPk horretan jarri izan du indarra, eta etorkinekin zuzenean lotu ere egin izan du.
Mendiak «lege ausarta» txalotu du
Gaurko saioan, Idoia Mendia Enplegu eta Lan sailburu eta lehendakariordeak onartu du erreforma asko luzatu dela eta debate gogorrak eragin dituela. Baina pozik azaldu da, «gizartearen kohesioa sakontzeko» asmoek aurrera egin duelako. «Euskal gizarteko kide batek jasan ditzakeen egoera zaurgarri guztien aurrean babesa handitzen du» legeak, «ausarta» da, «inguruko aurreratuena», eta «une txar bat bizi duenak lan bizitzara eta gizartera berriro lotzeko tresnak eskaintzen ditu».
Legea goretsi dute haren alde egin duten alderdietako ordezkariek ere. «Zalantzan jarri nuen Eusko Jaurlaritzak egindako lan onaren mailan egoteko gai izango ginen. Oso lan serioa, mediatikoa ez den ingurune batean, entzute lan handikoa… Langa goian genuen, baina gaur esan dezakegu legebiltzar honek ere lortu duela», esan du Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak. «Herrialde hobea izango gara, pobreziaren kausak aztertzen eta gaizki pasatzen duten pertsonak tratatzen dakigun neurrian. Gure babes soziala sendoa da, baina eguneratu beharra zegoen bizitza duina izateko ekintza publikoa behar duten pertsona guztiengana iristeko».
«Oso lege ona da», gaineratu du Gloria Sanchez sozialistak. Elkarrekin Podemosen aldetik, David Sotok ziurtatu du bere taldeak «arduraz» jokatu duela legea negoziatzeagatik, testuak «funtsezko aurrerapausoak» dakartzalako. «Mezu bat zabaltzen du [legeak]: gizarte inklusiorako tresnak ez dira arazo bat, ez dute [pobrezia] betikotzen, eta iruzurra oso txikia da».
EH Bilduko Nerea Kortajarenak, berriz, aldarrikatu du legea «motz» geratzen dela gaur egungo beharrei aurre egiteko, eta EAEko erakundeek «beren gaitasunaren azpitik» babesten dituzte beren herritarrak.