Eusko Jaurlaritzak puntu bat apaldu du hazkunde aurreikuspena

Pedro Azpiazuk argitu du susperraldiaren parte bat 2022ra atzeratuko dela, ziurgabetasuna dela eta. Irailean BPGaren %6,7ko igoera finkatu ondoren, %5,6ra apaldu du orain Ekonomia Sailak

xabier martin
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Susperraldiaren urtea izango da 2021a, baina ez gobernuek espero zuten bezainbesteko indarrez. Eusko Jaurlaritzak murriztu egin du aurtengo hazkunde aurreikuspena, azken hilabeteetan hedatutako ziurgabetasun handiko agertokia kontuan hartuta. %6,7 ez, baina %5,6 egingo du gora Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinak. Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk jakinarazi du doikuntza hori.

Jaurlaritzak makrozenbakiak aldatu ditu, eta bat egin du hainbat eragilek beren aurreikuspenetan helarazitako kopuru apalagoekin. Txertoek bridatu egin dituzte pandemiaren ondoriorik larrienak, baina kutsatzeen oldarraldia gai da ekonomian eragiteko oraindik ere, kontsumoan, adibidez. Eta susperraldiak eragindako albo ondorioek, osagai batzuen eskasia eta energiaren garestitzea direla medio, 1,1 puntu kendu dizkio Lakuak irailean finkatu zuen goraldiari.

Baina Azpiazuk argitu du hazkundearen doikuntzak ez duela islatzen «sare produktiboaren ahultasuna». Aurten uste baino gutxiago haziko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGen batura, baina galdutako koskaren parte bat 2022an berreskuratuko dute, Ekonomia Sailaren arabera: 2022an, %6,7 egingo du gora, irailean aurreikusi zutena (%6,4) baino hiru hamarren gehiago.«Osagai batzuen eta lehengaien eskasiak prezioak garestitu ditu, eta ekonomia guztira zabaltzen ari da hori, KPIan islatzen denez», esplikatu du sailburuak.

Eragin txikia enpleguan

Edonola ere, beharrezkoa zirudien doikuntza egitea, urteko hirugarren hiruhilekoko datuak jakin ondoren. Eustatek %3,9ko gorakada islatu du urte arteko tasan, eta gobernuak %5,5ekoa aurrekusia zuen. Dena den, hazkunde apalago horrek enpleguari eragingo ote dion kezkak uxatu nahi izan ditu Azpiazuk. Gasteizko gobernuak duen makrotaulak enpleguari buruzko datu onak islatzen ditu: aurtengo, 13.390 enplegu gehiago aurreikusi ditu, eta beste 11.500 gehiago 2022rako. Horrekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko langabezia %10 inguruan ibiliko da urte amaieran, eta %9,2ra jaitsiko da 2022rako. Irailean, %10,3ko langabezia tasa iragarri zuen gobernuak aurtengo, eta %9,5ekoa 2022rako.

Bilketa eta zorra

Azpiazuk Jaurlaritzaren aurrekontuen tramitazioaren harira jakinarazi du aurreikuspenen doikuntza, eta ziurtatu du apaltze horrek ez diela eragingo aurrekontuei, %9,3koa delako BPGaren hazkunde nominala. Adierazle hori bilketari lotua dago, eta ogasunen bilketa ondo doa. Araban, %12,4 igo da azarora arte, eta Gipuzkoak %13,3 gehiago bildu du. Gipuzkoa 2019ko azaroko datuen gainetik dago jadanik (+%3,9). Bizkaiak gaur emango du azaroko datuaren berri, baina urrirako, 2019ko maila berreskuratuta zuen kasik.

Zerga bilketa handitu arren, erakunde publikoek gehiago gastatu dute, eta, horren ondorioz, zor publikoa handitu egin da. Espainiako Bankuak berritutako datuek diote Jaurlaritzak 11.470 milioi euroko zorra duela, BPGaren %16,3 gehiago. Azken hiruhilekoan txikitu egin da (-69 milioi euro), baina duela urtebetekoa baino nabarmen handiagoa da (+1.303 milioi). Nafarroak ere txikitu egin du zorra azken hiruhilekoan (-7 milioi), eta handitu azken urtean (+148 milioi); guztira, 3.613 milioi zor ditu, BPGaren %18,3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.