Eusko Jaurlaritzak prest ditu babes neurriak, Donald Trump AEBetako presidenteak abiarazitako merkataritza gerraren ondorioei aurre egiteko. Muga zergek kalte egingo dieten enpresei laguntzeko, Jaurlaritzak ekintza plan bat prestatu du, eta laguntzak emango ditu enpleguari eusteko, finantzaketa errazteko, merkatu berriak bilatzeko eta ikerketa eta berrikuntza sustatzeko. Pradalesek bihar emango ditu horien inguruko xehetasunak. Hala ere, zorra handitzeko baimena eskatuko dio Madrili, ostegunean.
Gaurko gobernu bileran aztertu dituzte muga zergek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian izan ditzaketen ondorioak. Jaurlaritzak dagoeneko zenbakia jarria zien kalte horiei, lehendakariak aurreratu baitzuen 400 milioi euroko gainkostua eragingo ziela AEBetara esportatzen dituzten enpresei. Kopuru hori 1.200 milioi eurora handitu du gaur, ordea, zuzenean ez ezik zeharka ere nozituko direlako muga zergen ondorioak ekonomian.
Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du gobernua harremanetan dagoela enpresekin. Are gehiago, azaldu du entzute prozesu bat martxan duela, eta inkesta bat egin duela haien kezkak eta beharrak identifikatzeko. Zehazki, mila enpresak parte hartu dute inkesta horretan. Halaber, bozeramaileak esan du 75 enpresa «estrategikorekin» zuzeneko hartu-emana duela. Izan ere, Jaurlaritzak beldur da muga zergen ondorioz esportazioak jaitsiko ote diren, AEBak bazkide handienetan laugarrenak baitira EAEko enpresentzat. «Ahalegina egingo dugu egoera honi ahalik eta hoberen aurre egiteko», esan du Ubarretxenak.
datuak
1.200Trumpek indarrean jarritako muga zergek eragingo duten kaltea, EAEn. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 400 milioi euroren gainkostua eragingo die AEBetara esportatzen duten enpresei. Zeharka, baina, kaltea are handiagoa izango da.
1.043EAEko zenbat enpresak esportatzen duten AEBetara. Horrez gain, beste 132 enpresak lantegiak dituzte han; gehienek bulego komertzialak.
Bada, Jaurlaritzak bihar aztertuko du egoera eragile ekonomikoekin. Industriaren Defentsarako Taldea elkartuko baita Miñaon (Araba). Bilera «berezia» izango dela adierazi du Ubarretxenak, hasieratik mahai horren bueltan biltzen diren eragileei beste batzuk batuko zaizkielako, hala nola AEBekin harreman komertzial gehien duten enpresak, AEBetan lantegi gehien dutenak eta sindikatu nagusiak.
Oraintxe bertan, EAEko 1.043 enpresak esportatzen dituzte beren produktuak Atlantikoaren beste aldera. Aldiz, AEBetan presentzia dute 132 enpresak. Denera, 216 lantegi daude, baina horietatik gehienak bulego komertzialak dira —141— , eta soilik gutxi batzuk dira ekoizpen lantegiak —75—.
Horiei guztiei Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartutako neurri sortaren berri emango die lehendakariak. Ubarretxenak adierazi du, dena den, bilkurak hiru helburu nagusi dituela: «Diagnostikoa partekatzea, tresnak eta baliabideak identifikatzea eta euskal industriaren aukerak aztertzea».
Bileran egindako gogoeten eta hartutako erabakien berri alderdi politikoei ere emango die lehendakariak. Horretarako, Vox ez beste alderdi guztiekin bilera sorta egingo du datorren astean, Ubarretxenak aurreratu duenez.
Indartuz funts berria
Jaurlaritzak ez du argitu laguntza horiek nola finantzatuko dituen. Dena den, zorra tresna gisa erabiltzeko moduan izango du, gobernuak gaur onartu baitu 1.000 milioi euroko zorra hartzeko lege proposamena. Industrian inbertitzeko erabili nahi du diru hori gobernuak, Finantzen Euskal Aliantzaren bitartez azpiegitura energetikoak eta zientifiko-teknologikoak indartzeko batez ere. Haren helburua da denera 4.000 milioi euro mobilizatzea, erakunde publiko nahiz pribatuen bitartez. Eta teorian merkataritza gerrarekin lotura zuzenik ez badu ere, industria sektoreari arnasa emateko balioko du.
Inbertsio horiek guztiak bideratzeko, funts bat sortu dut Jaurlaritzak: Indartuz. Finantzen Euskal Institutuaren barruan kokatuko da, Finkatuz bezalaxe. Hura enpresen errotzea bermatzeko sortu zuen gobernuak 2009an. Indartuz funtsaren helburua, aldiz, «eraldaketa ekonomikoa eta industriala bultzatzeko» aurreikusitako inbertsioak antolatzea izango da, hau da, 4.000 milioi euro horiek non jarri erabakitzea.
Jaurlaritzak badu zor gehiago hartzeko gaitasuna, iaz apenas hartu baitzuen. Baina, hala ere, zorpetze muga malgutzeko eskatuko dio Madrili, muga zergen ondorioei aurre egiteko baliabide gehiago izateko
Jaurlaritzak badu finantza ahalmen gehigarri hori hartzeko marjina, iaz apenas hartu baitzuen zorrik. Baina, horretarako 2025eko aurrekontuak aldatu behar ditu Jaurlaritzak, eta, horretarako, Eusko Legebiltzarraren baimena behar du. Izan ere, aurrekontuetan 1.285 milioi euroko zorra dago zenbatuta, eta 2.285 milioiraino handituko litzateke orain. Azken hamarkadan Jaurlaritzak izan duen kopururik handiena da. Gaur onartutako lege proposamena hilaren amaieran eramango du legebiltzarrera, eta espero du ekain amaierarako bidea libre izatea.
Hala ere, Jaurlaritzak baliabide gehiago nahi ditu, muga zergen ondorioei aurre egiteko, eta zorpetze muga malgutzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari. Ostegunean egingo dute Madrilen Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa, eta bertan egingo dio proposamena Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroari, argudio gisa erabilita zorrak EAEko ekonomian pisu apala duela. Sailburuak ez du argitu zenbat handitu nahi duen, ordea; «diskrezioa» eskatu du.