ELAk martxoan eskatu zuen etxez etxeko laguntzako hitzarmenean etxeko langileak ere sartzea. Sindikatuaren ustez, «egindako azterketen arabera, etxeko langileen lana, funtsean, zaintza lana da, eta gainerako denbora garbiketa lanetan ematen dute». Horregatik nahi du ELAk etxez etxeko laguntzako hitzarmenenean langile horiek ere sartzea, «etxeko laguntzako langileen pareko eginkizunak betetzen baitituzte».
Langileen Estatutuaren 92. artikulua baliatzea proposatu du ELAk. Arau horren bidez, lan agintaritzak aukera du —Eusko Jaurlaritzak EAEn— hitzarmenik ez duen eremu bateko langileak sartzeko indarrean dagoen hitzarmen kolektibo batean, ez badago hitzarmen propio bat negoziatzeko legitimatuta dagoen atalik.
Jaurlaritzak abuztuan jakinarazi zuen abiatua zuela horretarako prozedura. Orain, ordea, ELAk azaldu duenez, gobernuak eten egin du, «epai garrantzitsu bat falta dela argudiatuta».
Sindikatuarentzat, oso larria da «Eusko Jaurlaritzak uko egitea etxeko langileen lan baldintzak duintzeko urrats eraginkorrak egiteari», sektore prekario eta pobreenetakoa baita.