Enplegua

Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du 50 urtetik gorakoak lanerako kontratatzea

Bi milioi euro jarriko ditu horretarako, eta espero du berrehun pertsonaren kontratazioa errazten laguntzea. Laguntzak handiagoak izango dira emakumeak edo 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzen badira.

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua Eusko Legebiltzarrean astelehenean egindako agerraldian.. IREKIA
aitor biain
2023ko azaroaren 8a
12:10
Entzun

Langabezian dauden 50 urtetik gorakoen laneratzea sustatu nahi Eusko Jaurlaritzak, eta plan berezi bat jarri du martxan horretarako, Lanbideren bitartez. Diru laguntzak emango ditu langabezian urtebete edo gutxiago daramaten 50 urtetik gorakoak kontratatzeko. Programak bi milioi euro pasako aurrekontua dauka, eta espero dute berrehun pertsonaren kontratazioa errazten lagunduko duela.

Elkarrizketa sozialerako mahaian adostu zuten programa Lan eta Enplegu Sailak eta sindikatuek, eta datorren astean jarriko dute martxan. Hala iragarri zuen Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak astelehenean, Eusko Legebiltzarrean.

Diru laguntzak jasotzeko, baldintza batzuk bete beharko dituzte enpresek. Batetik, sei hilabeteko lan kontratuak egin beharko dizkiete gutxienez; aldi baterako kontratuak izan daitezke, edo mugagabeak. Mugagabea eginez gero, langilearen urteko soldataren erdia ordainduko du Lanbidek. Eta, bestetik, lanpostuek lanaldi osokoak izan beharko dute, eta lanaldi partzialekoak badira, ezingo dira izan lanaldi osoaren %70 baino txikiagoak.

Laguntzak %15 handiagoak izango dira emakumeak edo 55 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzen badira, eta %10 handiagoak azken bi urteetan Lanbideko prestakuntza saioren bat eginda badaukate. Kontratatutakoak bi baldintzak betetzen baditu, laguntzaren zenbatekoa %20 handituko da.

Lanbideren arabera, aurtengo lehen seihilekoaren amaieran langabeen % 43,24 ziren 50 urtetik gorakoak. Ia gehienak 55 urtetik gorakoak dira (%63,84), eta horietatik %38k urtebete edo gutxiago daramate lanik gabe. Emakumeak dira erdiak baino gehiago (%56,28); %42,72 dira gizonak.

Lehen aukera

Lehen Aukera izeneko diru-laguntza programaren aurrekontua handitzea ere onartu du Lanbidek. Uste baino eskaera gehiago jaso direnez, beste 1,6 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak lan esperientziarik ez duten 30 urtetik beherakoen lan merkaturatzea sustatzeko. Iaz 941 kontratu lagundu zituen diruz Lanbidek programa horri esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.