Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzak %50 handituko ditu inbertsioak 2022an

Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan: 13.108 milioi euro. «Susperraldi ekonomikoa» bultzatzea izango du xede. Aurtengo eta datorren urterako hazkunde aurreikuspenei eutsi die Azpiazu sailburuak.

Jaurlaritako kideak, gaurko gobernu kontseiluaren ostean. DAVID AGUILAR (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 26a
14:44
Entzun

Pandemiaren ondorioei inbertsio politika indartsu batekin erantzun nahi die Eusko Jaurlaritzak. Uste du hurrengo urtean «haizea alde» izango duela, eta «inoiz ez bezalako aukera paregabea» duela hori egiteko. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak azaldu duenez, horrela pentsatzeko bidea ematen diote aurtengo zerga bilketaren emaitza bikainek eta Bruselak eta Madrilek berriz ere defizit eta zor arauak malgutu izanak. Era berean, urte amaierarako eta datorren urterako aurreikuspen ekonomiko onei eutsi die Jaurlaritzak (%6,7ko hazkundea aurten, eta %6,4koa 2022an), nahiz eta energiaren prezioek eta industriako lehengaien hornidura krisiak «zuhurtziaz» jokatzera behartuko duten datozen hilabeteetan.

Horiek horrela, inoiz baino diru gehiago gastatzeko aukera ikusi du Jaurlaritzak: 13.107 milioi euro guztira, aurtengo aurrekontuan baino %6 gehiago. Diru horretatik 1.605 milioi euro inbertsioetara bideratuko du, aurtengo aurrekontuetan baino %50 gehiago. «Inoiz baino baliabide gehiago izango ditugu, eta azkar gauzatu behar dira», azaldu du Azpiazu sailburuak: «2022. urteak inbertsio publikoa maximizatzea eskatzen digu, baimendutako mugak estutuz eta eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz».

Aurrekontuak abenduaren 23an onartzea espero du Jaurlaritzak. Datorren astean sailburuek agerraldiak egingo dituzte euren sailetako partidak azaltzeko. Ondoren, oposizioko taldeekin bilduko da Ekonomia sailburua. Gobernuko kideek ez dute beste inoren babesa behar aurrekontuak onartzeko, baina Azpiazu prest azaldu da alde guztiekin hitz egiteko, Voxekin salbu. Bi baldintzarekin: «eskumenen esparrua errespetatzea» eta eskura dauden baliabide ekonomikoekin «koherenteak» izatea.

Ekonomia sailburuak azaldu duenez, «hiru trantsizio handiei» heldu die Jaurlaritzak bere aurrekontuekin: «Teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari, eta gizarte eta osasun arloetakoei». Azpimarratu du aurrekontuetako hamar eurotik zortzi inguru (%77) gizarte politikak «bermatzeko eta hobetzeko» erabiliko direla. Halaber, ikerketa eta garapenerako diru saila %10 handituko dutela nabarmendu du, 587,8 milioi guztira.

Bestalde, jakinarazi du pandemiaren eraginei aurre egiteko iaz sortutako funts berezia %36 murriztuko dutela; guztira 349 milioikoa izango da, baina osasun eta hezkuntzarako iaz emandako laguntzak berdin mantenduko dituzte, 185,4 milioi euro eta 95,6 milioi, hurrenez hurren. Gainerako 194 milioiak, «zorraren amortizaziora bideratu zitezkeenak», sailen gastu ahalmena handitzeko erabiliko ditu Jaurlaritzak.

Pandemiaren ondorioak

Ohi bezala, Osasun Sailarentzat izango da aurrekontuen zatirik handiena, 4.352 milioi (+%4). Osakidetzak 116 milioi gehiago jasoko ditu, bereziki COVID-19aren aurkako neurriekin jarraitzeko. Txertoetarako, adibidez, beste bost milioi bideratuko ditu, hemeretzi guztira.

Hezkuntza Sailak 3.235 milioi izango ditu ( +%4,1), 127 milioi gehiago, neurri batean, pandemiaren ondorioei aurre egiteko beharragatik. Horietatik 61 milioi langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko ditu. Bestalde, hiru urtera arteko hezkuntzak 30 milioi euroko aurrekontuari eutsiko dio, eta Haurreskolak partzuergoak 60 milioi euro izango ditu, aurreko urtean baino bi milioi gehiago. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketak ere gora egin du: 356 milioi euro jasoko ditu, 21 milioi gehiago.

Jaurlaritzak sail bakarrean murriztuko du aurrekontua: Lan eta Enplegu Sailean. 936 milioi euro izango ditu (-%0,8). DSBEarentzako diru saila gutxituko da, baina onuradunek %3ko igoera izango dute. Azpiazuk azaldu duenez, hori horrela izango da aurreikusitako onuradun kopurua murriztu delako, Espainiako Gobernuaren bizitzeko gutxieneko diru sarreragatik. Gizarte laguntzei dagokienez, etxebizitzarako laguntzak igoko dira, azken hamar urteetan lehen aldiz, baita gizarte larrialdietarako laguntzak eta pobrezia energetikoaren aurkakoak ere.

Kultura eta Hizkuntza Politikak, berriz, 322,4 milioi euro izango ditu, aurreko ekitaldian baino 32,6 milioi gehiago ( % 11,2ko igoera). Sailaren aurrekontuaren erdia, 161 milioi, EITBrentzat izango dira (12,6 milioi gehiago), eta 46 HABErentzat, 3,4 milioi gehiago. Azpiazuk gogoratu du I+Grako diru sailetatik 2,4 milioi izango direla kultura eta hizkuntza politiketarako.

Ekonomia eta Ogasun Sailak izango du igoera handiena: 128,6 milioi izango ditu ( %42,7 gehiago). Finkatuz funtsa indartzeko ahalegin berezia egin nahi du Jaurlaritzak, 50 milioi bideratuta. Euskal enpresa handietan epe luzerako partaidetzak erosteko sortu zuten Finkatuz 2019ko uztailean, eta apirilean, funts hori kudeatzeko sozietate publikoa sortzea baimendu zuen Jaurlaritzak.

Aurrekontuetatik diru sail bat azpimarratu du Jaurlaritzak, 1,1 milioi eurokoa, Parisen ordezkaritza bat irekitzeko. Era berean, 70 milioiko beste bat jasotzen da Madrilek berriki Jaurlaritzaren esku utzi duen espetxeen eskumenerako. Azpiazuk, halaber, jakinarazi du EAEko administrazioetako langile publikoen soldatek %2ko igoera izango dutela datorren urtean, Espainiako Estatuko funtzionarioek bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.