Eusko Jaurlaritzak 150 milioi inbertituko ditu lau enpresa estrategikotan

Finkatuz funtsaren erabilera «indartzeko eta optimizatzeko» asmoa agertu du Noel D'Anjou Ogasun sailburuak. Energia konpainien zerga bertan behera uzteak 67 milioi gutxiago ekarriko dizkiote Jaurlaritzari, baina erabakia txalotu du.

Noel D'Anjou Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburua, astelehenean egindako agerraldian. IREKIA
Noel D'Anjou Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburua, astelehenean egindako agerraldian. IREKIA
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 4a
12:55
Entzun

Koltxoiaren azpian gordea zuen dirua ateratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Finkatuz funtsean dituen 300 milioi euroetatik erdiak inguru erabiltzeko asmoa du, eta luze gabe gainera. Hurrengo urtean 150 milioi euro erabiliko ditu «lau enpresa estrategikoren» akzioak erosteko. Hala jasota dago Ogasun eta Finantza Sailaren aurrekontu egitasmoaren memorian. Txostenean ez da esaten enpresa horiek zein diren, eta Noel D'Anjou sailburuak ere ez du zehaztasunik eman, baina hautagaiak ez dira falta: Talgo, Uvesco...

Sailburu bakoitzak nor bere saileko aurrekontuak azalduko ditu aste honetan Eusko Legebiltzarrean, eta D'Anjou izan da lehenengoa, astelehen honetan. Bere sailak guztira 122,5 milioi euro izango ditu hurrengo urterako, aurten baino milioi erdi gehiago, eta hortik erdiak ia, 57 milioi euro, FEI Finantzen Euskal Institutuarentzat izango dira.

Finkatuz funtsa FEIren tresna nagusia da, eta hori «indartzeko eta optimizatzeko» asmoa agertu du D'Anjouk, batzordean egindako agerraldian. Ez du besterik esan, eta legebiltzarreko taldeetako bozeramaileek ere ez diote azalpenik eskatu.

Hautagaiak

Finkatuz funtsak 300 milioi euro ditu gaur egun. Eta hori erabiltzen hastea erabaki du Jaurlaritzak. Hurrengo urterako lau operazio aurreikusten ditu, guztira 150 milioi euroko kostua izango dutenak. Diru hori eskudirutan izan beharrean, akzioetan izatera pasatuko luke.

Eta zein enpresatan? Jaurlaritzak gertutik aztertzen ari da Talgo tren ekoizlearekin zer gertatzen ari den, eta ez du ezkutatu Sidenor euskal talde industrialarekin batera Talgoren akziodunen taldean sartzea. Talgo ez da berez euskal enpresa bat —Madrilen du egoitza—, baina haren lantegi nagusia Rivabellosan (Araba) dago, 700 langilerekin, eta gertuko enpresa askok harentzat lan egiten dute.

Beste hautagaietako bat Gipuzkoako Uvesco taldea da, BM eta Super Amara supermerkatuen jabea. Ekain amaieran jakin zen Frantziako Carrefourrek erosteko asmoa duela. Enpresa sortu zuen familia, Fernandez de Barrena, operazio hori gelditzeko lanean ari da, eta Euskal Herrian akziodun bila ari dira.

Jaurlaritzak 2020an jarri zuen martxan Finkatuz funtsa. Nagusiki teknologia eta energia alorretako ehun bat enpresa ertain eta txikitan ditu akzioak, eta hiru handitan: ITP, CAF eta Kaiku.

Finkatuz-ekin loturikoa da D'Anjouren sailaren aurrekontuetako daturik azpimarragarriena. Beste bat ere badago, eta horrek diru sarrerekin lotura dauka. Energia enpresen eta bankuen irabaziei Espainiako Gobernuak ezarritako behin-behineko zergengatik 119 milioi euro jasotzea aurreikusten du Jaurlaritzak: 67 milioi euro energia enpresengatik eta 52 milioi euro bankuengatik. Lehenengoa, baina, bertan behera geratuko, Espainiako Gobernuak hala adostu baitu EAJrekin eta Juntsekin, eta, hortaz, diru hori ez du jasoko.

D'Anjouk, halere, erabaki hori txalotu du, eta gogoratu du bankuenak indarrean jarraituko duela eta multinazional handiei zerga berri bat ezarriko zaiela eta horiek itundu egingo direla Madrilen eta Jaurlaritzaren artean, «euskal erakundeen diru sarrera arrunten parte izan daitezen».

«Zuhur eta zorrotz»

Horrez gain, sailburuak, aurreko astean aurkeztutako 2025erako aurrekontuaren beste datu orokor batzuk gogoratu ditu. Eta aurreikuspen ekonomikoen buruzko hausnarketa labur bat ere egin du. Bereziki kezkatuta agertu da Alemaniaren egoerarekin. Haren ahultasuna «kroniko» bihurtzen ari dela azpimarratu du, eta hori eragina izaten ari dela Euskal Herriko industrian, manufakturetan bereziki.

Sailburuak aurrekontu proiektua diseinatzeko erabili den «zuhurtzia eta zorroztasuna» azpimarratu ditu, eta aurreikuspen ekonomikoak eta diru sarrerenak analisi «sendoetan» oinarritzen direla nabarmendu du. Datorren urtean, EAEko ekonomia %2,1 handitzea espero du, eta, zerga bilketari esker, 1.400 milioi euro gehiago jasotzea.

Oposizioko taldeek bestela pentsatzen dute. EH Bilduko Pello Otxandianok adierazi du diru sarreren alorrean kalkulu «baikorregiak» egin dituela Jaurlaritzak, eta azpimarratu du aurrera eraman nahi diren neurrientzako «beste fiskalitate bat, beste diru sarrera mota batzuk» behar direla.

Alvaro Gotxi PPko legebiltzarkideak ere zalantzan jarri ditu aurrekontuak egiteko erabili diren aurreikuspen ekonomikoak. Esan du Jaurlaritzak «buztinezko oinak dituen» aurrekontu egitasmo bat diseinatu duela.

Sumarreko Jon Hernandezek salatu du Jaurlaritza «eslogan» gisa erabiltzen ari dela datorren urteko aurrekontuak inoizko handienak direla, baina aurtengoekin konparatuta igoera txikiagoa dela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.