Zenbaki gorriak pilatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Ogasun Ministerioaren datuen arabera, Lakuak eta haren menpeko erakundeek beren kutxetan sartu zen baino 585 milioi euro gehiago gastatu zuten iaz, barne produktu gordinaren %0,63. 2023an ere defizita izan zuen, baina askoz txikiagoa: 106 milioi (BPGaren %0,12).
Kontuak hobeto orekatu ditu Nafarroako Gobernuak: iaz ere, aurreko hiru urteetan bezala, superabita izan zuen. 2023an BPG barne produktuaren %0,94koa izan zen, eta iaz, berriz, %0,97koa. Zenbaki osoetan adierazita, 259 milioi euro gastatu gabe utzi zituen.
Defizit publikoa zorraren bitartez finantzatzen dute erakundeek. 2024ko azken datuak astelehenean kaleratuko ditu Espainiako Bankuak, baina 2024ko hirugarren hiruhilekoaren amaieran beheranzko joera nabari zen bi administrazioetan: Nafarroan, BPGaren %12,9tik %10,7ra igaro zen urtebetean, eta EAEn, berriz, %12,6tik %11,8ra. Kopuru osoetan ere zorra txikitu dute batak zein besteak.
Espainia, %3tik behera
Espainian ere koska bat egin du behera defizitak, %3,52tik %2,8raino, eta, horrenbestez, Europako Batasunak finkatzen duen %3ko mugaren azpitik geratu da. Zenbaki osoetan, kutxetan sartu diren baino 44.597 milioi euro gehiago gastatu dituzte Espainiako Erresumako administrazio publikoek (52.699 milioi izan ziren 2023an).
Zenbaketa horretatik kanpo geratu da Valentziako tanta hotzari aurre egiteko egindako gastua, horretarako baimena ematen baitu Bruselak. Hori kontuan hartuta, defizita %3,15ekoa izango litzateke.
Defizitaren zatirik handiena administrazio zentralari zor zaio, %2,58 hain zuzen ere, erkidego autonomoek praktikoki beren kontuak orekatu ahal izan dituztelako —%0,1eko defizita—. Gobernu zentralak erregimen orokorreko erkidegoei emandako transferentziak handitu direlako gertatu da hori, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu duenez.
Tokiko erakundeek superabita izan dute berriro ere (%0,42), eta Gizarte Segurantzak, berriz, defizita (%0,53).
Datuak aurkeztean, paparra atera du Monterok. Azaldu du bosgarren urtez jaitsi dela defizita eta EBrekin hitzartutakoa baino txikiagoa izan dela berriro ere. «Datuok gobernuaren politika ekonomikoaren arrakasta erakusten dute [...], eskuinak zabaltzen duen lokatza gora behera», ziurtatu du, eta nabarmendu «murrizketarik gabe» lortu dela defizita gutxitzea, «gastu publikoaren kontrol onari eta diru sarreren politika egoki bati esker».