Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak iragarri du ez duela espero ITP Aeroren akzioen salerosketarik. «Lehendakaria, Finantza sailburua eta hirurok lasai gaude». Esan du Bain Capital funtsak zenbait bidetatik onartu diola ez duela bere zatia saltzeko presarik eta, hortaz, ez dela salerosketa posibleez hitz egiteko garaia. Adierazpenok gaur goizean egin ditu, Forum Europa tribuna Euskadi zikloan.
Duela egun batzuk hedabide batek zabaldu zuen AEBetako funtsak ITPren akzioak saltzeko asmoa duela, eta Eusko Jaurlaritzak bere parte hartzea handituko lukeela erantzun gisa. Jauregik ez du informazio hori baieztatu nahi izan: «Ez dago ezer esateko».
Talgon, Eusko Jaurlaritzak ekarpen ekonomikoa egin zuen, Finkatuz funtsaren bidez, enpresa «estrategikoa» dela iritzita. Trukean, gobernua ea zuzendaritza berriko kide izango den galdetu dio gaurko agerraldian Jose Luis Rodriguez New Economy Forum elkarteko presidenteak, kazetarien galderak bere eginda. Sailburuak erantzun dio Jaurlaritza «gustura» dagoela, eta garrantzitsuena proiektua dela: «Ekinbide indartsua da, etorkizun handikoa, eta Euskadirentzat ona izango da». Era berean, akziodunen multzoa zabalduko ote duten itaundu diote, eta Jauregik esan du hori Jainagaren taldeak erabaki beharko duela. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko jabea eta Xabier Sagredo BBK-ko presidentea, besteak beste, entzuleen artean ziren.
Talgoren akzioen salerosteren prozesua bide onetik doala baieztatu du sailburuak. BBK-k, Vital fundazioak, Finkatuz funtsak eta Sidenorrek osatutako partzuergoak saltzaileekin aurreakordioa lotuta duela esan du, eta adostutakoa «zehatz-mehatz» aztertzen ari direla orain, «horrelako operazioetan egin behar den bezala, argi izateko zer erosi den».
«Liderrak gara sektore estrategikoetan eta garapenerako tarte handia dutenetan. Gainera, ahalmen izugarriak ditugu»
MIKEL JAUREGIIndustria sailburua
Espainiako Gobernuak Talgo salerostean eragin zuzena izan zuen, izan ere, Hungariatik egindako eskaintza bat blokeatu zuen, eta Sidenorren alde egin. Sailburuak azpimarratu du beharbada Madril bidelagun aproposa izango dela multinazionalak Euskal Herrian errotzeko. «Harremana ona da». Talgoren eta Balenciagaren auzietan aliatu gisa jokatu izana jarri du adibide gisa, eta etorkizunean ere hala izatea desiratu du.
Pedro Sanchezen gobernuak Trantsizio Digitalerako Elkarte Publikoaren bidez Multiverse konpainia gipuzkoarrean egindako 67 milioiko ekarpena ere «albiste ona» dela esan du. Goraipatu egin du Multiverseren jarduna, eta gogoratu du Jaurlaritza akziodunetako bat dela.
Lur emankorra
Kargua hartu zuenetik igarotako hilabeteak korapilatsuak izan direla esan du Jauregik —Talgo, Balenciaga, Guardian, muga zergak, ezegonkortasuna eta abar aipatu ditu—, eta orain beste faktore bat erantsi du: gerra komertziala. Haren eragina leuntze aldera, aldarrikatu du Europak bere industria hauspotu behar duela, eta defendatu horretan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «protagonistak» izan behar dutela, industriak eta haren inguruko sektoreek %40ko ekarpena egiten baitiote barne produktu gordinari. «Liderrak gara sektore estrategikoetan eta garapenerako tarte handia dutenetan. Gainera, ahalmen izugarriak ditugu».
%3I+Gn zenbat inbertituko duten 2030erako. 2023an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan I+G ikerketan eta garapenean egindako gastua BPGaren %2,16ra iritsi zen. 2030erako %3koa izango dela ziurtatu du Mikel Jauregi sailburuak.
«Aukera daukagu geure burua lur emankor gisa saltzeko, eta puntako enpresak erakarri eta hutsetik hasitako inbertsioa egikaritzeko», esan du Industria sailburuak. Energia, digitalizazioa eta defentsa sektoreko enpresei egin die gonbita. «Gaur egun honelakoak gara 1980ko eta 1990eko hamarkadetan izandako krisi egoeretatik irteteko hartu ziren erabakietan asmatu zelako. Orain guri dagokigu etorkizuneko Euskadi irudikatzea, eta denborarik galdu gabe hasi behar dugu horretan».
Arazo bakarra ikusten du: energiaren kostua. Petrolioaren, gasaren eta argindarraren kostua beste herrialde batzuetan baino garestiagoa dela aitortu du, eta horrek errentagarritasuna gutxitzen duela. Energia berriztagarrian ekoizpena sustatu behar dela defendatu du, eta nabarmendu du energia eolikoan ziklo guztia egin daitekeela bertako enpresekin: piezak ekoitzi, instalatu, energia kudeatu...
Adierazi du lurraldeko plan sektorialek balioko dutela martxan dauden proiektuak «ordenatzeko», baina ohartarazi du «gehienak» ez direla balekoak izango, ez direlako haize oneko lekuak, ingurumenari kalte handia egingo diotelako, sare elektrikora lotzeko zailak direlako eta errentagarritasun txikia izango dutelako.