Eusko Jaurlaritza, geroz eta kritikoago sektore publikoko grebarekin

Alor publikoan grebara deitu dute asteazkenerako, eta mobilizazio gehiago ere izango dira aurrerantzean. Urkullu eta Garamendik gogor kritikatu dituzte sindikatuak berriz ere.

Iñigo Urkullu legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Xabier Martin-Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 23a
14:42
Entzun

Alor publikoko grebaren atarian, Jaurlaritzako hainbat ordezkari deialdiaren eta sindikatuen aurka azaldu dira, beste behin. Iñigo Urkulluk, Bingen Zupiriak eta Olatz Garamendik esan dute sindikatuek egindako analisiak ez duela bat egiten errealitatearekin.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk horien aurkako gutun gogorra idatzi du Noticias taldeko egunkarietan. «Bozgorailua jartzen dieten bakoitzean, gizartearen parte batek entzun nahi duena esaten dute: zerbitzu publikoak gain behera doazela, sektore publikoko langileen lan baldintzak okerrera doazela, eta zerbitzu publikoen pribatizazioak etengabeak direla». Sindikatuei erreparatuz, esan du «populismoek» ez dutela datu objektiborik ematen, ez dituztela aipatzen informazioen «iturriak». «Jarrera hori oso arriskutsua da».

Alor pribatuan eta alor publikoan jarduten duten langileen arteko desberdintasunak nabarmendu ditu, alor pribatua goretsita. «Ezin dira herritarren aurrezki guztiak erabili funtzionarioen soldatak pagatzeko bakarrik. Hori ez da gure eredua. Gure baliabideek mugak dituzte, eta, hori kontuan hartuta, gure zerbitzu publikoak eta langile publikoen soldatak hobetzen saiatzen gara egunero, Hori bai, argi utzita gizarte gisa aurrera egiteko ezinbestekoa dela aurreztea, inbertitzea eta enpresa mundua babestea».

Alor pribatuaren aldeko mezuan sakondu du mezuan, esanez enpresak, kooperatibak eta autonomoak «ezinbestekoak» direla herritarren aurrezkien altxorrak hazten jarraitu dezan. Eta sindikatuen aurka jo du: «Ez litzateke jendea erabili behar nork bere interesak defendatzeko. Ez da zilegi jendeari iruzur egitea». Erantsi du zerga bilketak enpresa pribatuen beharra duela, eta bilketak «bermatzen» duela «zerbitzu publikoak» izatea.

Informazio gehiago. Udazken beroa sektore publikoan

Radio Euskadi-n emandako elkarrizketa batean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi du zerbitzu publikoak ez direla enpleguaren sostengu bakarra, «enpresa sareek eta milaka autonomok ere aberastasuna» sortzen dutela. Gainera, adierazi du «kaosa eta tremendismoa» pizten duten diskurtsoetatik kanpo «beste errealitate bat» dagoela, «zerbitzu publikoak eta enplegu publiko eta pribatua» zaintzen dituena.

Gobernantza Publikoko sailburu Olatz Garamendik, berriz, adierazi du zerbitzu publikoen inguruko analisiak «zorroztasun» handiagoz egin behar direla. Gehitu du kalitatea ez dela «apaltzen edo handitzen egindako protesten arabera»; diagnostikoan ez nahasteko ere ere eskatu du. Zerbitzu publikoaren egoera «integrala» dela azaldu du.

Errealitatetik kanpo

Sindikatuak, berriz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin bildu dira astelehen honetan. Espainiako Gorteetarako azkeneko bozetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza lortu duten alderdi guztiak deitu zituzten bilerara, baina soilik bi horiek erantzun diete. Eskera jakin bat egin diete: erakunde guztietako aurrekontuen negoziazioetan euren botoak erabil ditzatela langile publikoen soldatak hobetzeko, enplegu publikoa sortzeko eta pribatizazioak amaitzeko.

Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Miren Gorrotxategik, ohar batean, lehendakariaren «erasoa» kritikatu du. Uste du «oso arriskutsua» dela langile publikoak gainerako langileekin «aurrez aurre jartzea», eta salatu du hori «eskuinaren» ohiko estrategia dela. Gorrotxategiren ustez, Urkullu da errealitatea ikusi nahi ez duena, eta datorren urteko hauteskundeetan pentsatzen ari da. «Benetan uste du [langileak] prest daudela egun bat galtzeko bere gobernua higatzeko bakarrik? Inkesta guztietan herritarrek adierazi dute zerbitzu publikoek okerrera egin dutela, eta kezka hori gero eta handiagoa da».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere «errealitatetik kanpo» egotea eta «patronalaren diskurtso erreakzionarioa zabaltzea» leporatu dio Urkulluri, Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.