Sektore publikoa

Eusko Jaurlaritza ez da joango sindikatuek LHKn deitutako bilerara

Bilera astelehenean egin nahi dute sektore publikoan grebara deitu duten sindikatuek. Garamendiren arabera, negoziazioa maila guztietan dago zabalik, eta beste toki batean beste bilera bat egiteak ez du ezertarako balio.

Olatz Garamendi, gaur Bilbon. IREKIA
Irune Lasa.
2023ko urriaren 13a
16:17
Entzun

Urriaren 25ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deitutako greba hurbilduz doan heinean, sindikatuen eta erakundeen mugimenduak gero eta gehiago dira. Gaur, Eusko Jaurlaritzak uko egin dio sindikatuekin biltzeari datorren astelehenean LHK Lan Harremanen Kontseiluan, eta, beraz, ezezkoarekin erantzun die ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuen eskariari. Jaurlaritzaz gain, sindikatuek langile publikoen ardura duten erakunde guztiak dituzte deituta bilera horretara, hala nola Eudel, hiru foru aldundiak eta Estatuko EAEko ordezkariak.

Olatz Garamendik Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eman ditu Jaurlaritzaren arrazoiak. Haren arabera, «jada ezarrita daude foroak sindikatuekin eta negoziazioa maila guztietan dago zabalik. Beste toki batean bilera bat egiteak ez du ezertarako balio».

Sailburuak gogoratu du aste honetan bertan egin duela bilera Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluak, hor ordezkaritza dutela sindikatuek eta aldundiek, «eta ez da ezer esan LHKn beste bilera bat egiteaz, ezta hizpidera ekarri nahi dituzten gaiez ere».

«Nire ustez, negoziaziori mesede txikia egitea litzateke egiaz existitzen ez diren, ezarrita ez dauden foroetan parte hartzea», esan du Garamendik, eta gaineratu mahai guztiak daudela zabalik; «elkarrizketa zabalik dago, eta gu ere prest gaude negoziatzen jarraitzeko».

Sindikatuen kritikei erantzunez, esan du Jaurlaritzaren legealdi honetako ezaugarria «zerbitzu publikoen kalitatearen aldeko apustua» izan dela. «Administrazio Orokorrean 3.700 lanpostu eta Osakidetzan eta Hezkuntza 14.000 lanpostu sendotzeko prozesuak ditugu mahai gainean, eta langile taldea 5.800 pertsona handitzea». Horrez gain, azaldu duenez, «nahiz eta Estatuak ezarri soldata mugak, Euskadin soldatak oso toki onean daude, beste erkidegoekin alderatuta».

Garamendik, era berean ukatu egin ditu sindikatuek egotzitako pribatizazio asmoak eta horren ondoriozko sektore publikoaren prekarizazioa. «Hain zuzen, guztiz kontrakoa egiten ari da Gobernua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.