Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da Aernnova laguntzea ITP eros dezan

Azpiazuri «arrazoizkoa eta ona» iruditzen zaio Jaurlaritzak Finkatuz funtsa erabiltzea ITPren errotzea bermatzeko. Naval erosi dutenekin ere hizketan ari da Jaurlaritza, industria jarduera egon dadin

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, atzo, Forum Europa hitzaldian parte hartzen. IREKIA.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
ITP Aerori salgai kartela kenduko diotenen artean Eusko Jaurlaritza bera egongo da agian. Pedro Azpiazu Ekonomia kontseilariak onartu du «arrazoizkoa eta ona» izango litzatekeela Jaurlaritzak operazio horretan esku hartzea,Finkatuz funtseko diruekin. Ez litzateke erosle nagusia izango —rol hori Aernnovarentzat izango litzateke—, baina laguntzeko prest legoke salmentarekin lortuz gero aeronautika enpresa horren jarduera Euskal Herrian errotzea.

El Correo egunkariak atzo kaleratu zuenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Aernnova «animatzen» ari dira ITP Aero erostera. Horrela lortu nahi dute oraingo jabeak, Rolls Roycek, epe luzerako ikuspegia duen industria enpresa baten esku uzteabere euskal adarra, eta ez epe laburreko interesa duen inbertsio funts baten esku.

Operazio horretan laguntzeko prest ote zegoen galdetu zioten atzo Azpiazuri, Forum Europa gunean emandako hitzaldiaren amaieran. Gaia aztertzen ari direla onartu zuen, eta horretarako tresna Finkatuz funtsa izan zitekeela, haren zeregina baita enpresen errotzea bermatzea. Funtsa Ekonomia Sailaren esku egonagatik ere gaia Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuaren mahaian dagoela azaldu zuen, eta hark dituela datuak. Hain zuzen, Tapiak ere aipagai izan zuen gaia, beste konferentzia batean, eta operazioaren garrantzia onartu zuen. «Euskadirentzat, ITP puntako enpresa da, eta haren berrikuntza baliabideak oso garrantzitsuak dira, hornitzaile kate oso bat elikatzen baitu. ITPrentzat etorkizunik onena nahi dugu, eta, Rolls Roycek ITP salmentan jarri duen honetan, haren errotzea bermatuko duen proiektua nahi dugu. Eta ez naiz ari soilik haren egoitza sozial eta fiskalaz ari; nahi dugu bermatzea ere haren jarduera produktiboa eta hornitzaileentzako trakzio izaera»

Navalen, VGPrekin hizketan

Beste fronte batean ere ari da Jaurlaritza lanean, Navalen. Azpiazuk onartu zuen gobernua hizketan ari dela ontziola zenaren orubeak eta instalazioak erosi dituenarekin, VGP Belgikako logistika enpresarekin, inguru horretan industria jarduera bat ere egon dadin. «Espero dezagun industria gehiagoko irtenbidea topatzea, gogo beteko dituena bai irabazleak, bai langileak, eta bai Sestaoko herria».

Egoera ekonomiko orokorrari dagokionez, Azpiazuk aitortu egin zuen aurki 2021erako hazkunde aurreikuspena jaitsi egin beharko dutela, orain arteko %8,6 ezinezkoa egiten dutelako urte hasierako neurri murriztaileek. Gainera, iragarri zuen hemendik gutxira bonu jasangarrien 1.000 milioi euroren beste jaulkipen bat egingo dutela, zerga bilketak betetzerik izango ez duen aurrekontuaren zati bat estaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.