Industriaren sektorearen makalaldia dela-eta, Finkatuz funtsean duen diruari astindua eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak, eta Imanol Pradalesen agintaldiaren lehen inbertsioa gauzatu du: 15 milioi euroko kapital partaidetza erosi du Bizkaiko Arania Taldean, eta ekarpen horrekin gutxieneko partaidetza bat bermatuko du taldean, %6,25ekoa, hau da, kontseilari bat. Altzairuarekin lan egiten dute Aranian, eta hainbat produktu egiten dituzte, autogintzaren sektorerako nagusiki, baina azken urteetan produkzioa dibertsifikatzen ari da, bereziki logistikaren alorrera.
Hazkunde fasean dago taldea, eta inbertsio handiak iragarri ditu datozen urteetarako nazioartekotze prozesuan, deskarbonizazio estrategian eta digitalizazioan, eta horretan lagundu nahi du Gasteizko gobernuak enpresaren kapitalean parte hartuta. Hala nabarmendu du Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak akordioaren berri emateko egin duten aurkezpenean, Bilbon.
Eusko Jaurlaritzak 2020an jarri zuen martxan Finkatuz funtsa. Nagusiki, teknologia eta energia alorretako ehun bat enpresa ertain eta txikitan ditu akzioak, baita hiru handitan ere: ITP, CAF eta Kaiku. Estrategikoak diren enpresen errotzea bultzatzea da haren helburu nagusia. Horretarako, 226 milioi euroko poltsa bat du gaur egun.
«2025ean ziur nago mota horretako operazio gehiago ikusiko ditugula»
NOEL D'ANJOUEusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua
Iazko azaroan, Noel D'Anjou sailburuak agintaldiko asmoen berri emateko egindako agerraldian aurreratu zuen luze gabe hasiko direla diru hori mugitzen, eta hala berretsi du gaurkoan ere. «2025ean ziur nago mota horretako operazio gehiago ikusiko ditugula». Azaroan, 150 milioi euroko inbertsioak iragarri zituen, eta lau enpresa estrategikotan. Orduan bezala gaur ere ez du izenik eman, baina hautagaiak ez dira falta, eta guztien gainetik bat da nabarmena: Talgo. Jaurlaritzak berak ez du baztertu akziodunetako bat bihurtzea, Bizkaiko Sidenorrekin batera.
Sektore estrategiko bat
Tren ekoizlearekin zer gertatuko den zain, beste fitxa bat mugitu du Jaurlaritzak, eta agintaldiko lehen inbertsioa egin du. Gainera, orain arte ukitu ez duen sektore batean egin du: altzairuaren industrian. Azken urteetan gorabehera handiak izaten ari da sektore hori, eta beste batzuen bilakaeraren oso mendekoa da, energiena eta autogintzarena bereziki.
Eta halaxe da Aranian ere; produkzioaren %75 autogintzara bideratzen dute gaur egun. Nagusiki bi produktu egiten dituzte sektore horretarako: altzairuzko zumitzak edo zintak, eta hodiak. Lehenengoak Zornotzako lantegian (Bizkaia) egiten dituzte, eta, bigarrengoak, Jundizekoan (Araba). Baina sektore horretarako ez ezik beste batzuetarako ere egiten du lan, eta azken urteetan hautu hori indartu du, bereziki logistikaren sektorerako produktuetan.
Galdakaoko lantegian (Bizkaia), esaterako, metalezko apalak egiten dituzte, etxeetarako, biltegietarako eta ostalaritzarako, besteak beste. Apal eta altzari handiagoak ere egiten dituzte, industrialak, Tuteran (Nafarroa). Beste produkzio lantegi bat ere badu, baina Euskal Herritik kanpo, Eslovakiako Bytca hirian.
Berriki, Thyssenkrupp taldearen Mungiako (Bizkaia) filiala erosi du, altzairuzko zumitzen produkzioa indartzeko, eta Turinen (Italia) biltegi multimodal bat ireki du. Arania taldeko arduradunek azaldu dutenez, 2021etik 60 milioi euroko inbertsioak egin dituzte, eta datozen hiru urteetarako 50 milioi euroko inbertsio plan bat dute. Esan du erdia baino gehiago Euskal Herrian gauzatuko dutela, eta 50 lanpostu sortuko dituztela.
85 urteko historia
Arania taldea ez da hasiberria. Duela 85 urte sortu zen, eta Zornotzako Euba auzoan du egoitza nagusia. 1.085 langile ditu guztira. 500 milioi euroren salmentak egin zituen iaz. Produkzioaren %80 esportatu egiten du, eta mundu osoko 65 herrialdetan ditu komertzialak. Filialak ditu AEBetan, Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian, Txilen, Kolonbian eta Perun. Urtean 380.000 tona altzairu baino gehiago erabiltzen du, eta horren zati handi bat Arcelor Mittalen Sestaoko (Bizkaia) lantegian ekoizten dute. Altzairutegi horretan aldaketa betean daude gaur egun, zero emisioko altzairua ekoizteko.
Araniako presidente Eric Aranak azaldu duenez, konpainiak aurrera begira duen erronketako bat da jasangarritasun estrategia indartzea, emisio txikiko altzairuarekin lan egiteko. Horrez gain, hazkunde eta nazioartekotze prozesuan aurrera egin nahi du, AEBetan eta Latinoamerikan; lehenengoan, bereziki, Donald Trumpen muga zergen politikari aurrea hartzeko. Bi filial ditu han, baina, egoera ikusita, han fabrika propioa eraikitzen ari dira, eta, Aranak adierazi du prozesu hori bizkortu egin beharko dutela. Halaber, negozioaren dibertsifikazioa indartu nahi du taldeak, eta bereziki logistikaren sektorerako egiten dituen produktuetan jarri nahi du indarra, pandemiaren ondoren logistikak mundu osoan eta batez ere Europan hartu duen pisua dela-eta.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu du Arania taldearen kapitalean sartu izana operazioa «berezi eta aitzindaria» dela Finkatuzentzat, enpresaren sustraitzea ziurtatzeaz gain, haren bultzada industriala eta hazkundea ere lortu nahi dituelako. «Berrindustrializazioaren aitzindari izatea nahi dugula esaten dugunean, gaurkoa bezalako operazioez ari gara. Arania taldea Europan altzairuaren eraldaketan punta-puntako industria da, eta bere kapitalean parte hartuta herri mailako apustu bat egiten dugu posizio lider hau indartzeko eta bere sustraitzea bermatzeko».