CCOO Euskadik Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari esan dio ezinbestekoa dela administrazio publikoan euskara zabaltzea, baina ezin dela izan «batzuek beste batzuk baztertzeko arma». Lehendakaria sindikatuekin egiten ari den bilera sorta egin du eskaera hori CCOOk, eta euskararen inguruko gaietan ados jartzearen alde agertu da. Hori bai, oinarri bat zehaztuta: «Ezinbestekoa da herritar guztien eskubide soziolinguistikoak bermatzea; guztiek dute bi hizkuntzetan artatuak izateko eskubidea, eta noski, euskara gutxiengoan dago».
Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak eman du bileraren berri, eta esan du euskaren auzia konpontzeko zubiak eraiki behar direla, «eta ez hormak». Haren ustez hizkuntza eskakizunak «malgutu» egin behar dira «behar errealetara» egokitzeko, eta neurriak hartu euskara ikasteko aukera izan ez dutenentzat, hala nola «zerbitzu publikoetan azpikontrataturiko langileentzat». Gai horri berari dagokionez, nabarmendu du ez dagoela euskararen aurkako oldarraldi judizialik, baizik eta eremu jakin batzuetan «abusuak» egon direla, «Jaurlaritzak berak ezarritako arauen aurka zihoazenak».
Langile borroka ez kriminalizatzeko eskatu dio CCOOk Jaurlaritzako lehendakariari, eta benetako negoziazio kolektiboa eskain diezaiela langile publikoei
Lan negoziazioen harira, langile borroka ez kriminalizatzeko eskatu dio Pradalesi, eta langile publikoek benetako negoziazio kolektiboa behar dutela azpimarratu. Beste hainbat gai ere jorratu ditu CCOOk: industriaren deskarbonizazioa, etxebizitzaren arazoa, zerbitzu publikoen indartzea eta zerga sistema. Azken horren harira, eskatu du gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu dezatela: «Zerga sistemaren oinarria BEZa eta lanaren errenta dira, eta ez sozietate zerga. Hori aldatu beharra dago».