Egunotan, negoziazio betean ari dira Masorange telefono konpainiaren ordezkariak eta sindikatuak Madrilen, enpresak enplegua erregulatzeko aurkeztu duen espedientea dela eta. Orange eta Masmovil taldeek bat egitearen ondorioz sortutako enpresa da Masorange, eta plazara agertu zenean, joan den martxoan, iragarri zuen lantaldea murriztuko zuela, lanpostu batzuk «bikoiztuta» zeudelakoan. Negoziazio mahaian zehatzagoa izan da enpresa: haren asmoa zen 795 langile kaleratzea, eta espedientea taldea osatzen duten sei enpresetan ezarri nahi zuen; horien artean Euskaltel dago.
Enpresak azken proposamen bat egin du, eta horren inguruan bozketa egin beharko dute langileek. Proposamen horren arabera, kaleratutako langileen kopurua txikitu egingo litzateke –orain 650 kaleratze egitea proposatzen dute–, eta ordaina emango lieke kalera joatea onartzen duten langileei: 47 egun antzinatasun urte bakoitzeko, 24 hileko soldata gehienez ere; eta 45 egun behartuta kaleratutakoentzat. Horrez gain, ordain osagarri bat ere emango luke, langile bakoitzaren antzinatasunaren arabera.
Euskalteli dagokionez, enpresak dituen 276 langileetatik 39 kaleratu nahi zituen Masorangek, %14,1; horietatik 37 Bizkaian daude, eta bi, Gipuzkoan. Albisteak langileak aztoratu ditu, eta joan den astean mobilizazioak egin zituzten Euskaltelek Zamudion (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean. Ez dago argi azken planteamenduaren arabera zenbat lanpostu galduko liratekeen Euskaltelen.
Kaleratzeak borondatezkoak izatea edo ez izatea izan da negoziazioaren gakoetako bat: kaleratzeak «borondatezkoak» izatea lehenesten badu ere, enpresak ez du baztertzen kaleratze behartuak egitea 650 langileren kopuru horretara iristeko. Orain arte, sindikatuek ez dute hori ontzat eman, baina enpresak bere azken proposamenean ez du auzi horretan amore eman.
Javier del Blanco Euskalteleko langile batzordeko presidentea da (CCOO), eta egunotan Madrilen egon da, negoziazio mahaian. Dioenez, kaleratzeak gutxitzeak «kontraesan handi bat» azaleratzen du: «Hasieran ikerketa bat aurkeztu zuten, murrizketak zer enpresatan eta zer sailetan egin behar zuten justifikatzeko, antolakuntza eta produktibitate arrazoiak argudiatuz; orain, berriz, zeharkakotasunaizeneko kontzeptu bat atera dute, eta, horren arabera, enpresa batean jende gehiago baldin badago kalera joateko prest, hori onartuko lukete. Helburu bakarra da kaleratze kopuru jakin batera iristea, eta ez zaie axola murrizketak non egiten diren».
«Ez da berdin zerbitzua Madrildik edo hemendik eskaintzea. Hemengo profesionalek badute harreman zuzena bertoko bezeroekin. Euskalteli horrek ekarri dio arrakasta; hori galtzen bada, markaren etorkizuna kolokan geldituko da» JAVIER DEL BLANCOEuskalteleko langile batzordeko lehendakaria (CCOO)
Del Blancok dioenez, kaleratzeak borondatezkoak izatea auzi nagusia izan da negoziazioetan: «Enpresa saiatu da iritzi publikoari adierazten espedientea borondatezkoa dela, baina ez da horrela», esan du Del Blancok. «Nahi duten kopurura iristen ez badira, kaleratze behartuak egingo dituzte. Gure planteamendua beste bat zen; guk nahi genuen pertsona bakoitzak erabakitzea joan nahi duen ala ez, eta enpresak hori lortzeko baldintza duinak eskaintzea».
Masorangek 6.400 milioi euro lortu zituen bankuetatik prozesu horri ekiteko, baina, sindikatuek salatzen dutenez, horietatik 400 milioi inguru inbertitu nahi dituzte, eta gainerako 6.000 milioiak dibidenduak banatzeko, zuzendaritzako kideei eta akziodunei ordaintzeko eta antzekoetarako erabili nahi dituzte: «Lotsagarria ez ezik, amorragarria ere bada», azaldu du Del Blancok. «Negozioa errentagarria da, baina zorpetu egiten dira dirua zuzendaritzakoen eta akziodunen artean banatzeko. Hori langileak kaleratzearekin orekatu nahi izatea ez da arrazoizkoa, ezta bidezkoa ere. Soldatak enpresaren gastuen %4,7 baino ez dira».
Euskaltelen geroa
Lehendik ere, Euskaltelen egoera ez zen bikain-bikaina, baina oraingo enplegu espedienteak are gehiago baldintzatu dezake enpresaren geroa. Del Blanco, esaterako, ez dago ados Masorangeren zuzendaritzak «enpleguen bikoizketaz» esaten duenarekin: «Ez dute ulertzen kulturak desberdinak direla, eta ez dela berdin zerbitzua Madrildik edo hemendik eskaintzea. Hemengo profesionalek badute harreman zuzena bertoko bezeroekin, ondo ezagutzen dituzte hemengo merkatua, pentsamoldeak eta lan egiteko moduak. Euskalteli horrek ekarri dio arrakasta; hori galtzen bada, markaren etorkizuna kolokan geldituko da».
Del Blancoren ustez, Euskaltelen gainbehera ez da atzo goizekoa, eta atzera jo behar da horren sustraiak topatzeko; gutxienez, 2011ra, Euskaltelen eta Amenaren arteko akordioa apurtu zutenekora: «Horren ondorioz Euskalteli ezarri zioten isuna zama handia izan zen hurrengo urteetan. Geroago, inbertsio funtsak sartu ziren, kargudunei dirua banatzen hasi ziren, eta gainbeherak ez du etenik izan». 2021ean Masmovilek Euskaltel erostea eta erabakigune nagusia Euskal Herritik kanpora ateratzea kate luze horren azken katebegietako bat izan zen.
«Euskaltelen bideragarritasuna aspalditik dago kolokan», azaldu du Del Blancok. «Ez dugu erabakitzeko edo eragiteko gaitasunik; ez dago proiekturik. Tristea da hori esatea, duela zenbait urte non geunden ikusita, baina langileok dugun sentsazioa da botata utzi gaituztela, ez gaituztela kontuan hartzen eta hau guztiz amortizatuta dagoela».
Kronologia
- 1995. Jaurlaritzak Euskaltel sortu zuen, baina ez zeukan jarduerarik, Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuelako.
- 1996. EAJk Aznar presidente egitearen alde bozkatzearen truke, Euskaltel abian jartzeko baimena eman zion Madrilek Eusko Jaurlaritzari.
- 1997. Marka ezagutarazteko, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldea babesten hasi zen.
- 1998. Lehen telefonia eta Internet zerbitzuak eskaintzen hasi zen.
- 2003. BBK, Kutxa eta Iberdrolak kapitala hedatu zuten, Telecom Italiari akzioak erosita.
- 2006. Euskaltelek Orangerekin (orduko Amena) zuen merkataritza akordioa hautsi zuen. Operadore independente egin zen, baina Vodafoneren sarea erabiltzen hasi zen.
- 2015. Burtsan kotizatzen hasi zen Euskaltel. Polemika izan zen kargudunen gainsariengatik. Azaroan, R Cable galiziarra erosi zuen, 1.190 milioiren truke.
- 2016. R Cableren bezeroen bidez, bezeroak eta negozio bolumena ia bikoiztu zituen Euskaltelek, eta irabazi oparoa eman zioten 2016. urtean: 62,1 milioi.
- 2017. Asturiasko Telecable erosi zuen, 686 milioi euro ordainduta.
- 2019. Zegona funts britaniarrak Euskaltelen akzioen %21 eskuratu zituen, eta, horrela, enpresako akziodun nagusi bilakatu zen.
- 2020. Virgin taldearekin hitzarmena sinatu zuen. Horren arabera, Euskaltelek Espainian marka hori erabiltzeko eskubidea zuen, Euskal Herrian Euskaltel markari eusten bazion ere.
- 2021. Masmovilek Euskaltel erosi zuen. Aurrerantzean ere, Euskaltelek egoitza fiskala Euskal Herrian izango zuen, baina erabakigune nagusia Madrilera pasatu zen.
- 2024. Masmovilek eta Orangek bat egin zuten, eta, horren ondorioz, Masorange sortu zen. Talde berriak iragarri zuen lantaldea murriztuko zuela, eta enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen. Irailaren 17an hasi zen Madrilen horren negoziazioa sindikatuekin.