Masorangeko enplegu erregulazioaren alde egin dute UGT eta Fetico sindikatuek, eta, horrenbestez, aurrera egingo du. Langileen ordezkariak eta enpresa asteazken honetan bildu dira berriro, zuzendaritzaren azken proposamena aztertzeko. UGTren eta Feticoren launa ordezkariek aldeko botoa eman dute; CCOOko bostek, berriz, aurkakoa.
Masorange duela sei hilabete sortu zen, eta Espainiako Orangek eta Masmovilek — Euskaltel kide duena— bat eginda. Horren ondorioz, enpresak 8.000 langile ditu guztira. Kaleratzeekin, enpresak batzeak eragin dezakeen enplegu bikoizketa saihestu nahi du taldeak. Enplegua erregulatzeko espedienteak sei sozietateri eragingo die; 650 langileri, tartean Euskaltelekoak.
Zuzendaritzaren hasierako proposamenak 795 kaleratze jasotzen zituen, baina, negoziazioen ondoren, 650era gutxitu du. Euskaltelek 276 behargin ditu, eta, lehen proposamenaren arabera, 39 kaleratuko dituzte, lantaldearen %14; horietatik 37 Bizkaian, eta bi Gipuzkoan.
Negoziazioak Madrilen egin dira, eta han bestelakoa da sindikatuen indar korrelazioa. Euskaltelen langile batzordeak dio enpresak erabakitzeko gaitasun oso urria duela Masorange taldean
Negoziazioak Madrilen egin dira, eta Masorangeko zuzendaritzak eta langile batzordeak parte hartu dute. Euskaltelen beste bat da sindikatuen indar korrelazioa: CCOOk du gehiengoa, zazpi ordezkarirekin; ELAk hiru ditu, eta beste hiru Feticok, baina horrek ez du eraginik Madrilen hartutako erabakietan.
Euskalteleko langile batzordearen arabera, oraingo enplegu espedienteak are gehiago baldintzatu dezake enpresaren geroa. Azpimarratu du enpresak erabakitzeko gaitasun oso urria duela Masorange taldean.
Borondatezkoak ala behartuak
Kaleratzeak borondatezkoak izatea edo ez izatea izan ari da negoziazioaren gakoetako bat: enpresak borondatezkoak izatea lehenetsi nahi du, baina ez du baztertzen kaleratze behartuak egitea 650 langileren kopuru horretara iristeko.
Negoziazioa hasi zenetik, zuzendaritzak apaldu egin du kaleratzen kopurua: 795etik 650era. Kalte ordainei dagokienez, kalera joatea onartzen duten langileek 47 egunekoa jasoko lukete lan egindako urte bakoitzeko, eta 45 egunekoa behartuta kaleratutakoek. Biak ere 24 hilabeteko mugarekin, eta 300.000 eurorainoko mugarekin.
CCOO: «langileen hitza Ez da kontuan hartu»
CCOOk salatu du ez dela kontuan hartu langileen iritzia. Azaldu duenez, bozketa bat egin zuen atzo taldearen enpresa guztietan, eta botoa emandakoen %78k zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu zuten. UGTk erantzun du bozketa horrek ez duela baliorik, «partziala» dela.
Kontra agertu denez, hemendik aurrera CCOOk ez du espedientearen jarraipen batzordean parte hartuko. Aldeek bihar arteko tartea dute akordioa sinatzeko. CCOOk esan du «ahal duen guztia» egingo duela aurrera egin ez dezan.
Azken proposamenean, halaber, Masorangek prima bat sartu du, espedienteari batzen zaizkion langileek kobratu ahal izango dutena. CCOOren ustez, langileak «estutzeko» neurri bat izan da.
Zuzendaritzak 3.000 euro eskaini dizkie enpresan zortzi urte baino gutxiago daramaten langileei, 8.000 euro bederatzi eta hamabi urte bitarteko antzinatasuna dutenei, eta 15.000 euro hamabi urtetik gora daramatenei.
Erretiro aurreratua hartzeko aukera ere jasotzen da testuan; 56 eta 62 urte bitartekoentzat da, eta, horretara batzeko, gutxienez bederatzi urteko antzinatasuna beharko dute 56 eta 58 urte bitarteko langileek, eta bostekoa 59 eta 62 urte bitartekoek.
Horrez gain, espedientera batzen direnek mediku aseguru pribatua izango dute bi urtez, eta enpresak konpromisoa hartu du enplegua erregulatzeko beste espedienterik ez egiteko 2025eko abenduaren 31 baino lehen.
CCOOren arabera, Masorangek 6.400 milioi euro lortu berri ditu bankuetatik, eta horietatik 400 milioi baino ez ditu erabili nahi kaleratzeekin loturiko kalte ordainak pagatzeko; gainerakoa zuzendaritzako kideen eta akziodunen artean banatzeko izango dela salatu du.