Orangek eta Masmovil telefono konpainiek bat egin eta Masorange enpresa sortu zutenean, talde berriak iragarri zuen lantaldea murriztu nahi zuela, lanpostu asko «bikoiztuta» zeudela argudiatuta. Orotara, 795 langile kaleratu nahi zituen Masorangek, langile guztien %10, baina jakiteko zegoen kaleratze horiek nola eragingo zieten taldea osatzen duten enpresei eta, zehazki, zenbat izango ziren Euskaltelen. Aste honetan osatu da negoziazio mahaia Madrilen, eta enpresak mahai gainean jarri ditu datuak: Euskaltelek dituen 276 langileetatik 39 kaleratu nahi ditu, %14,1; horietatik 37 Bizkaian daude, eta bi, Gipuzkoan.
LSB sindikatuak eman dio datu horien berri Europa Press albiste agentziari. Sindikatuek uste dute kaleratzeak ez daudela «justifikatuta», eta enpresari eskatu diote enplegu erregulaziorako plana erretiratzeko, eta «kaltetutako enpresa bakoitzean benetako negoziazio esparru bat» irekitzeko.
LSBren datuen arabera, 4.607 langile ditu Masorange taldeak. Horrek esan nahi du 795 langile kaleratuz gero, langile guztien %17 kaleratuko lituzketela, eta ez %10, enpresak hasieran adierazi zuen moduan.
Euskaltelek ez ezik, OSP, Xfera, R Cable, Telecable, Osfi eta Lorca enpresek ere osatzen dute Masorange taldea. Enpresak aurkeztutako planaren arabera, kaleratzeek guztiei eragingo diete.