Euskaltelek 25 milioi banatuko dizkie akziodunei

2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak bankuei jartzen dizkien mugak ez dira oztopo euroguneko enpresa ez finantzarioentzat. Horietako batek, Euskaltelek, atzo iragarri zuen 25 milioi euroren dibidendua banatuko diela bere akziodunei. 178 milioi akzio ditu telekomunikazio enpresak, eta akzio bakoitzeko 0,14 euro banatuko ditu 2021eko otsailaren 12an.

Dibidendu hori ongi etorriko zaio Kutxabanki, banku negozioan irabaziak zailagoak diren garai batean. Ia bost milioi euro patrikara ditzake, Euskaltelen akzioen %19,8 baititu. Akziodun nagusia, berriz, Zegona funts britainiarra da (%21).

Telekomunikazioen sektoreari ezer gutxi eragin dio koronabirusaren krisiak. Are gehiago, itxialdiak indartu egin du zerbitzuen kontratazioa eta erabilera, eta horri etekina ateratzen ari dira. Euskaltelek, esaterako, iazko irabaziak (62 milioi euro) gainditzekotan dago aurten, urteko lehen hiru hiruhilekoetan jada 53 milioi euroko irabazi garbia izan duelako.

Emaitza horien eskutik Espainia erdialdera eta hegoaldera hedatzen ari da Derioko konpainia, Virgin Telco markarekin. Sei hilabetean 60.000 bezero lortu ditu Virgin Telcok, espero baino gehiago.

Irabazi asko banatu ahal izatea garrantzitsua da Zegonarentzat; horren ondorioetako bat da akzioen balioa handitzea eta, behin maila batetik gora, funtsak bere partaidetza saldu ahal izango du, irabaziekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.