Euskaltel Masmovilen esku geratu da

Euskal operadorearen akzioen %98 erosi ditu. Jabe berriak eutsi egingo die lanpostuei, eta gehiago sortzeko asmoa agertu du

Telefono operadoreak Derion (Bizkaia) duen egoitza. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Amaitu da Euskaltelen historia, telefonia konpainia independente gisa behintzat. Masmovilek lortu du haren jabetza, akzioen %98, 1.965 milioi euroren truke. Euskaltel erosita, Masmovil Hego Euskal Herriko lehen telefono operadorea izango da, Movistar, Vodafone eta Orangeren gainetik. Hiru bezerotik bat berea izango da. Operazioak, halaber, lau milioi euro utziko ditu Bizkaiko Ogasunaren kutxan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitzartu berri duen Tobin tasaren transferentziari esker.

Salmentak akziodunen % 75en oniritzia behar zuen. Martxo amaieran, Masmovilek erosketa eskaintza iragarri zuenean, Euskalteleko inbertsiogile nagusien oniritzia zuela jakinarazi zuen: Zegona funts britainiarrarena, Kutxabankena eta Alba korporazioarena; trukean 421, 390 eta 216 milioi euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Euskalteleko 52 kideren artean, halaber, 27 milioi euroren pizgarriak banatuko dituzte: Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariak 7,5 milioi euro jasoko ditu, eta Xabier Iturbe presidenteak, 675.000 euro.

Gainerako inbertsiogileentzat, eskaintza ekonomiko erakargarria egin zuen Masmovilek: 11,17 euro akzio bakoitzeko. 11 euro izan dira azkenean, akziodunek beren buruari emandako saria deskontatu ondoren. Aurreko sei hilabeteetan akzioek batez beste kotizatu zutena baino %27 gehiago da hori.

Telekomunikazioen sektorearentzako une erabakigarri batean gauzatu da operazioa. Euskaltelek, gainera, zenbaki gorrietan hasi du urtea. Konpainiak joan den astean jakinarazi zuenez, urteko lehen seihilekoan 5,5 milioi euro galdu ditu; bi arrazoirengatik: Espainiako merkatuan zabaltzeko Virgin Telco marka sortu eta horrek eragindako kostuengatik, eta bere sarea berritzeak eragindakoengatik. Gastu horiek gabe urteko lehen erdian 13,4 milioi euroko irabazia izango zukeela ziurtatu zuen Euskaltelek.

Erosketa estrategikoa

Atzo kaleratutako oharrean, Masmovilek berretsi zuen eutsi egingo diola Euskaltel markari, eta egoitza soziala eta fiskala Euskal Herrian mantenduko duela gutxienez bost urtez. Gainera, ziurtatu du ez duela hartuko langileei eragingo dien «neurri traumatikorik», eta lanpostu gehiago sortzen saiatuko dela telekomunikazio taldeak garatu nahi dituen beste negozio esparruetan, hala nola energien eta aseguruen alorretan.

Duela urtebete, gainera, Guuk telefono operadorea sortu zuen, Hego Euskal Herrian bakarrik jarduteko. Masmovilen asmoa da biei eustea eta elkarren artean lehiatzea. Azpimarratu du Euskaltelentzat duen plana «industriala» dela, ez dela espekulatiboa, eta Euskaltel burtsatik ateratzeko asmoa agertu du. Gaineratu du hura erosita haren 5G sarea eta zuntz optikoa baliatu nahi dituela, eta horren bitartez «Euskadi telekomunikazioen abangoardia teknologikoan» jarri. Markak lurraldearekiko duen «konexio emozionala eta kulturala» sustatuko duela agin du, halaber.

Euskaltel duela 25 urte sortu zen, Espainiako telekomunikazioaren sektorea liberalizatu ondoren, EAJk Jose Maria Aznar PPko lehendakarigaiaren inbestidurari bide emateko egindako itun baten ondoren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aritzen zen konpainia txiki bat zen hasieran, eta haren sarea batez ere diru publikoarekin finantzatu zen. Gaur egun, Euskal Herritik kanpora hedatuta dagoen konpainia guztiz pribatu bat da. 2015ean, Galiziako R operadorea erosi zuen, eta 2017an, Asturiasko Telecable. Iaz, Virgin Telco marka sortu zuen, Iberiar penintsulan zabaltzeko.

Bere ibilbidean, aldaketa ugari izan ditu jabeen artean. Nagusia 2019an gertatu zen, Kutxabankek konpainiaren kontrola galdu zuenean eta Zegona funts britainiarraren esku geratu zenean. Inbertsio funts horrek hasieratik argi utzi zuen zein zen bere asmoa: konpainia handiago eta errentagarriago bat egitea, bere partaidetza mozkinekin saldu ahal izateko. Eta hala gertatu da, azkenean, Masmovilen esku geratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.