Euskaltel argindarra eta gasa ere eskaintzen hasi da

Marken arteko lehia gogorrak telekomunikazio konpainiak beste merkatu batzuetan aritzera eraman ditu.

jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 12a
12:05
Entzun

Aste honetatik aurrera, Euskaltelek argindar eta gas hornidurak kontratatzeko aukera eskainiko die bere bezeroei, beste telekomunikazio konpainia batzuk egiten ari diren moduan. Marken arteko lehia gogorrak telekomunikazio konpainiak beste merkatu batzuetan sartzera eraman ditu. Aurretik ere egina du antzeko mugimendu bat Euskaltelek: 2022ko udan alarma zerbitzua abiarazi zuen.

Konpainiak argindarraren kilowatt ordua 0,118 eurotan eskainiko du, eta gasarena, berriz, 0,078 eurotan. Hileko tarifak prezio finkoa izango du eguneko 24 orduetan, bai argiari dagokionez, bai gasari dagokionez. Euskaltelek ez du energia merkaturatzaile jakin batekin lan egingo; hainbat konpainiarekin negoziatuko ditu prezioak.

Zerbitzua kontratatzen dutenek bederatzi euroko deskontu gehigarri bat izango dute telekomunikazio fakturetan: sei eurokoa argindarraren kasuan, eta hiru eurokoa gasarenean. Euskaltelen jabeak, Masmovilek, eskaintza bera du izen bereko markarekin. Horrez gain, eguzki plakak instalatzeko eskaintza bat prestatzen ari da, Naturgyrekin lankidetzan.

Bezero partikularrek, autonomoek eta enpresa txikiek kontratatu ahalko dute zerbitzu berria. Konpainiak ohar batean azaldu duenez, aldaketa «berehalakoa» izango da: ez da beharrezkoa izango teknikari bat etxera joatea eta hornidura etetea, eta nahikoa izango da nortasun agiria, ordainketa agiria eta faktura bat aurkeztea.

2021ean Masmovil taldeak (Euskaltel, Guuk, Masmovil...) Euskaltel erosi zuen. 1,3 milioi bezero ditu Hego Euskal Herrian, 900.000 telefonia mugikorrean eta 400.000 banda zabalean, eta horien %80 Euskaltelenak dira.

Konpainia Orangerekin bat egiten ari da. Otsailaren 20an, Europako Batzordeak oniritzia eman zion operazioari, eta astearte honetan gauza bera egin du Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.