Euskaltel %3 hazi da, eta dibidenduak emango ditu lehen aldiz

Bezero gehiago lortu ditu Interneten, linea finkoetan eta telebistan, telekomunikazioen sektorea %7 inguru erori den urtean

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ehunka enpresa itxi, kontsumoa jaitsi eta langabeziaren hazkunde nabarmena izan bada ere, Euskaltelentzat «urte handia» izan da 2009a. Hala esan zuen atzo Jose Antonio Ardanza enpresako presidenteak, eta datuekin egiaztatu zuen: Euskaltelek 26,2 milioi euroko irabazi garbiak izango ditu urte amaieran, iaz baino %3,1 gehiago, eta 325,3 milioi euroko sarrerak lortuko ditu, 2008koak 0,3 milioi gaindituta. Zerga aurretiko mozkinetan (Ebitda) bi milioi euro gora egin du. Telefoniaren sektoreak, bitartean, %7 inguruko atzeraldia izango du.

Euskalteleko zuzendari nagusi Alberto Garcia Erauzkinekin batera, aurtengo emaitza ekonomikoen berri emateko agerraldia egin zuen atzo Ardanzak, Bilbon. Krisi garaian lortutako hazkundearen garrantzia azpimarratu zuen Erauzkinek, izan ere, Euskaltelek ia negozio guztietan izan ditu emaitza hobeak.

Telefonia finkoan 3.500 bezero inguru irabazi ditu Zamudioko konpainiak eta, dagoeneko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako373.112 etxebizitzetan instalatu du bere linea. Banda zabalean, bestetik, %7ko hazkundea izan du Euskaltelek eta«lidergoari eutsi» dio, merkatuaren %48 bereganatu duela. Telebista digitalari dagokionez, «errekor historikoa» lortu dutela esan zuten. 80.321 harpidedun dituzte, iaz baino %65 gehiago, sektorea %4 erori den bitartean.

Telefonia mugikorrean baino ez ditu bezeroak galdu Euskaltelek. Galerak, alabaina, aurretiko ordainketako alorrean eman direla zehaztu zuten, urtea 2008an baino 11.000 bezero gutxiagorekin bukatuko dutela. Kontratuko telefonoetan, aldiz, 2.000 lagun erakarri dituzte. Edonola ere, udatik aurrera negozioa gora doala eta, oro har, sakelako telefoniaren merkatuarena baino bilakaera hobea izan dutela azpimarratu zuen zuzendari nagusiak.

2010eko aurreikuspenei buruz,aurreko urtean baino euro bat gehiago irabaztearekin pozik leudekeela berretsi zuten.

Akziodunak saritzeko garaia

Aurkeztutako emaitza positiboekin batera, konpainiaren jabe diren erakundeei begirako albiste pozgarria iragarri zuten buruzagiek. Konpainia sortu zutenetik, hamabi urtean lehen aldiz, dibidenduak banatuko dituzte: «Bazen garaia Euskaltelen akziodunak bere garaian egin zuten apustuagatik aitortu eta saritzeko».

Dibidenduak 20 milioi euroko balioa duten akzioetan ordainduko dituzte enpresaren jabeen artean, bakoitzari dagokion ehunekoan. Euskaltelek berak gordetzen dituen akzioetatik, bere buruaren %6 inguru dauka, ia erdia lagako du ordainketarako. Horri esker, konpainiaren likidotasuna ez dutela kaltetuko eta, etorkizunari begira, «indartuta» aterako direla esan zuen Erauzkinek.

Datorren urteko inbertsioari begira, 2010ean linea eta zerbitzu berriak eskaini ahal izateko 50 eta 60 milioi euro bitartean gastatuko dituela iragarri zuten atzokoan, eta aurten 70 milioi erabili direla. Nafarroan zabaltzea eta bestelako egitasmo batzuk, aldiz, krisiagatik atzeratu dituzte.

Edonola ere, Nafarroan «operadore oso» gisa aritzea gustatuko litzaieke, horretarako aukerak bilatu behar dituzten arren. Telefonia mugikorrean ere, etorkizuneko egitasmoak ditu Euskaltelek, baina Espainiako kable konpainien eskutik lizentzia berria eskuratzea baino, lurraldekako lizentziak zabaltzeko eskatu diote Zapateroren gobernuari.

EAEko bezero nagusia

Eusko Jaurlaritzaren telefono kontratuak berritzeko datorren urteko deialdiaren harira, bestetik, lasai daudela esan zuten Euskaltelekoek, gobernuan dagoen alderdia aldatu bada ere. Jaurlaritza konpainia batek «EAEn izan dezakeen bezerorik garrantzitsuena» izan arren, lehiaketa publikoak «argitara» egiten direla eta auzitara eraman daitezkeela gogorarazi zuen Erauzkinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.