Zenon Vazquez. Elkargiko zuzendari nagusia

«Euskaldunak izatea ez da nahikoa: anbizioa falta da»

Elkargik inoizko ekinaldirik handiena egin du 2020. urtean: ia 950 milioi euroren maileguak bermatu ditu, eta diru horrek 150.000 lanposturi eusten lagundu du.

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Enpresei maileguen bermeak emateko bere eginkizun tradizionalean inoizko jarduerarik biziena egin behar izan du Elkargik; hain zuzen, zeregin horretatik harago joateko iraultza txiki bat egiten hasia zegoela. «Baina nork espero zuen pandemia?», galdetu du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1974). Elkarrekiko berme elkarteak milaka lanposturi eusten lagundu du 9.000 enpresatan, baina Vazquezek garbi utzi nahi du Elkargi ez dela jada soilik bermeak emateko erakunde bat, «luzerako enpresen bazkide bat baizik». Eta bazkide horrek, aholkularitza eskaintzearekin batera, enpresatan akziodun gisa sartzeko urratsa ere egin du, «sustraitzea lagundu nahian».

Eten al da iazko bermeen eskaera jario handia? Ala 2021ean oraindik ere badago finantzaketa behar gorri hori?

Iaz, izugarrizko egoera jasan behar izan genuen denok, eta ziurgabetasuna erabatekoa izan zen. Behar eta behar ez zutenek ere dirua eskatu zuten.

Behar ez zutenek ere eskatu zuten?

Bai, eta ondo iruditzen zait; ez genekien zer gertatuko zen, kasik munduaren akabera zela ematen zuen. Enpresak bere geroa ziurtatu egin behar du.

Eta nola doa orduan aurtengo eskaria?

Gure helburua ez da iazko errekorra gainditzea, baina, dagoeneko, 100 milioi mailegu baino gehiago bermatu ditugu. Aurrerantzean, ikusi beharko da jarioa gutxitzen den; hori espero dugu.

Elkargi prest zegoen krisi larri bati erantzuteko?

Ez genuen espero horrelako krisirik; ez genuen ikusi ere egin. Txinari begiratzen genion, eta hilabete bati buruz hitz egiten zen. Eta begira zer etorri den. Enpresek ahalik eta sendoen egon behar dutela argi geratu da, hurrengo krisi bat ere etorriko baita. Elkargi aliatu fidagarria da arlo finantzarioan, eta hori da argi esan nahi dieguna enpresei. Produktu ona egitea eta saltzea ez da nahikoa; arlo finantzarioa askoz gehiago zaindu behar dute enpresek, eta hor zeregin bat daukagu, luzera begirako bazkide gisa. Ez dakigu denetik, baina finantza arloaz badakigu zerbait, eta hori eskaintzen diegu enpresei, ez soilik bermeak.

Benetako kasu baten adibidea jar dezakezu?

Enpresa bat etorri zitzaigun aurreko urtean mailegu bat eskatzekotan zegoelako. Esan genion joango ginela Ogasunera harekin, baina hiru urte barru ere ezingo zuela itzuli zorra, oso argi ikusi genuelako ez zuela dirurik irabazten haren negozio ereduarekin. Aholkularitza eman genion, eta, dirua eskatu ez, birkapitalizazio bat baizik behar zuela esan genion. Azkenean, planta saldu eta alokairuan jarri zuen, eta beste kudeatzaile bat kontratatu. 60 urteko enpresario batentzat ez da erraza horrelako erabakiak hartzea. Enpresa salbatzeko bidean dago.

Kreditu merke eta orokorrek ez dituzte enpresa zonbi gehiago sortuko?

Egin dena egin behar zen, ez dago dudarik. Nahikoa izango da enpresa guztiak salbatzeko? Ez dut uste.

Kezkaturik zaudete zuen bermea jaso eta porrot egiten duten enpresen kopurua haz daitekeelako?

Gure bermea jaso ondoren porrot egiten duten enpresen ratioa oso apala da: %4 ingurukoa. Iaz, berme asko eman genituen, eta oso denbora gutxian, gainera; beharbada, ohi dugun azterketen sakontasunera iritsi gabe batzuetan. Ematen du ratio hori igo egingo dela; normala da.

Diru mozkorraldi bat egon al da enpresak finantzatzeko?

Ez dut uste mozkorraldi bat egon denik, baina diru hori ondo inbertitu beharko dute enpresek, Europako funtsak jasotzen dituztenek bezala; dirua, azkenean, itzuli egin behar baita. Alegia, eman diren eta emango diren maileguak ez dira aski euskal industriak bide egokia har dezan. Eraldaketa behar-beharrezkoa da, eta diru hori zirkulante kutxarentzat izan da askorentzat, baina beste batzuek eraldatzeko baliatu beharko lukete. Azkoitia ez da lehiatzen Azpeitiarekin, Txinarekin baizik, eta sektore batzuetan neurriaren garrantzia argia da. Jai dugu paparra atera eta lasai geratzen bagara; euskaldunak izatea ez da nahikoa izango. Batzuetan, anbizioa falta da.

Enpresa txiki asko oso ondo doaz, ordea.

Bai, noski, eta ezin dira denak enpresa handiak izan, baina enpresa txiki gehiegi dauzkagu, eta enpresa handi gehiago behar ditugu, hemengo kapitalarekin eta erabakiguneak hemen dituztenak.

Elkargik enpresen akzioak erosteko erabakia hartu du. Zergatik arriskatu dirua orain?

Urte askoan pilatutako jakinduria alferrik galtzea aukera okerragoa delako. Familia enpresa asko daude arazoekin belaunaldi berriei lema uzteko, milioi bat eta zortzi milioi artean fakturatzen dutenak, adibidez. Enpresa horien euskal sustraiari eustea garrantzitsua da, eta, horretan, guk gure ekarpena egin dezakegu. Gure aholkularitza ez da interesatua, profesionala baizik. Elkargi irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, baina, orain, aurrerapauso bat eman dugu, nazioarteko dirua sartu beharrean enpresa batean, gu sar gaitezen, gure neurrian, betiere.

Parte hartze txikiak hartuko dituzue orduan?

Bai, gure parte hartzea gehiago izango da kalitate aldetik, kantitate aldetik baino. Gure laguntza ez da mugatuko akzioak erostera: aholkularitza ere emango dugu. Eta beste inbertitzaile batzuk erakar ditzakegu, ikusita Elkargi ere sartu dela enpresa jakin batean. Gure errekurtsoen %25 baizik ezin ditugu baliatu parte hartzeak erosteko, eta horiek errentagarri egin behar ditugu, lortzen diren mozkinak enpresa gehiagori laguntzeko izango baitira.

Elkargiren iraunkortasunari ez diote eragingo akzioak erosteko operazioek?

Parte hartze txikiak izango dira, berriro diot. Ideia da gure jakinduria erabiltzea bideragarriak diren proiektuek aurrera egin dezaten euskal kapitalarekin. Gure parte hartze txiki horrek beste parte hartze handiagoak erakar ditzake. Are, agian enpresa saltzera doan 65 urteko enpresariak ez du zertan dena salduko beste proiektu bat mahairatzen bazaio. Guk ezin dugu egin lardaskeriarik enpresariari zerbait kobratzeko kosta ahala kosta; guk formula bat aurkezten badugu enpresa batek aurrera egiteko, enpresariak badaki formula hori sakon aztertu dela, modu serioan, nahiz eta inbertsio guztiek duten arrisku maila bat, noski.

Luzerako bazkideak edukitzeko helburuan beste formula bat izan daiteke akzioak erostea?

Hori da, hain zuzen. Familia enpresa asko daude arazoekin jabe berriak lortzeko. Guk ezin dugu beste alde batera begira dugun eskarmentua dugula jakinda. Ardura kontua da. Soilik bermeak eskaintzen jarrai dezakegu, baina bermeak eskaintzearen helburuan aurrera egin nahi badugu, gure enpresetan inbertitzen hastea da urrats naturala. Momentuz, milioi erditik milioi eta erdirainoko inbertsioak baizik ez ditugu egingo. Ikusten duzu ez gaudela enpresa handietan eragiteko moduan, eta mikroenpresak ere ez dira gure helburua, baina, esaterako, bost milioi euroko fakturazioa dutenetan badugu zer esana.

Susperraldia hasi dela ematen du. Uste baino azkarragoa izango da ala ez?

Ni baikorra naiz; ateratzen hasi gara, baina krisi honetatik desberdin ateratzea izango da gakoa gure enpresentzat. Hurrengo krisia kudeatzeko gaitasun handiagoa eskuratu behar dugu. Digitalizaioaz eta beste hitz potoloez hitz egiten da, baina hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu. Orain egin behar da; ezin dugu trena galdu. Oso argi daukat trena galtzen dutenak desagertzeko bidean jarriko direla. Ez da katastrofista izatea, kritikoa baizik. Ezin dugu egon besterik gabe. Eraldatzen ez denak jai dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.