Euskaldun bat, Alibabaren kobazuloan

Hamabost urte eskasean Alibaba enpresa 'Txinaren ametsa' denaren isla bihurtzeko gai izan dela dio Pello Zuñigak, merkataritza arloko munduko enpresa handienean lan egiten duen euskal herritar bakarrak.

Pello Zuñiga Hangzhou hiriko egoitzako kontrol gunean. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Hanghzou
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Beti izan dut obsesioa teknologiarekiko. Umetan kirolak gustatzen ez zitzaizkion tipo bitxi horietakoa nintzen». Ordenagailuekin lan egiteko jaio zen Pello Zuñiga (Bilbo, 1981); nola pentsatu, ordea,merkataritza arloko munduko enpresa handienean, Txinako Alibaba konglomeratuan arituko zen euskal herritar bakarra izango zela? «Publizitatea eta Ikus-Entzunezkoak ikasi nituen EHUren Leioako campusean, eta, Television Españolan master bat egin ostean, Madrilen jardun nuen lanean. Kanpoan aukera gehiago zeudela jakitun, diru pixka bat aurreztu eta saltoa emateko prestatu nintzen».

2009ko irailean lurreratu zen Pekinen, txinera ikasteko asmoz eta merkataritza elektronikoaren sektorean liderra den merkatuan murgiltzeko ideiarekin. «Urtebetera diru gabe geratu nintzen, eta atzerritarrentzako lan eskaintzen azoka batera joan nintzen. CCTV estatuko telebistaren espainierazko kateak kontratatu ninduen». Txina beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman zion lau urtean propaganda komunistaren aparatu nagusian aritzeak, eta erabaki zuen herrialdean jarraitu nahi zuela, aurrera egiteko.

On line marketinari eta sare sozialei buruzko ezagutzak eguneratu zituen beste master batekin. Hori izan zen inflexio puntua. «Amaitutakoan, Alibabako talentu ehiztari horietako bat nirekin harremanetan jarri zen, Linkedin bidez, eta enpresan sartzeko prozesua hasi nuen». Gaur egun, Aliexpress —enpresaren nazioarteko adarra— Espainiara hedatzearen arduradunetako bat da. «Salmentak, erosketak eta ordainketak egiteko moduan iraultza eragin du Alibabak Txinan. Are gehiago, eredu bat garatu du, eta hari jarraitzen dio Internetek herrialdean. 'Txinaren ametsa' denaren isla bihurtu da, eta hori guztia, hamabost urte eskasean». Hain zuzen, 1999an sortu zen Alibaba, 60.000 dolarreko aurrekontuarekin, Jack Maren apartamentuan. Ingeleseko irakasleak jakin zuen sarearen etorkizuna ikusten. Inperio bat da jada, eta merkatu balioan soilik Applek, Googlek eta Microsoftek gainditzen dute teknologien sektorean.

Txinako ziberespazioan egiten diren eskaeren %80 kudeatzearekin ez da konformatzen, ordea, enpresa —240.000 milioi eurotik gorako balioa dute urteko transakzioek, Amazonenak eta Ebayrenak batuta baino gehiago—. Mundu guztira eraman nahi du iraultza. Eta esan daiteke baietz, lortzen ari dela.

Mundu osoa, argituta

Pantaila handi bat dago konpainiak Hangzhou hirian duen egoitzako kontrol gunean. Denbora errealean erakusten ditu mundu mailan ixten ari diren tratuak. Txinako ekialdea nabarmentzen da, ehunka milarekin, baina argi gune handiak daude Europan eta Amerikan ere, oraindik gaua izan arren. Afrikak berak ere badu interesa. Horregatik, Aliexpressen bulego ikaragarrietan, jatorri ezberdineko hamarnaka atzerritarrek merkatu ezberdinekiko dituzten ezagutzen gaineko ekarpenak egiten dituzte —berrehunetan daude dagoeneko—. Ehunka txinatarrekin batera aritzen dira lanean, B2C adarraren —enpresetatik bezeroetara— nazioarteko hedapenean. «Gure plataformari esker, mundu osoko kontsumitzaileek zuzenean eros dezakete Txinako komertzioetan», azaldu du bilbotarrak.

Baina goranahiak presioa dakar. Lan erritmoa eromenezkoa da, eta apenas dagoen denborarik enpresako kiroldegian erlaxatzeko. «Alibaban lanarekiko pasioa bilatzen da. Akaso horregatik gara lantalde oso gaztea, gure proiektuak martxan jartzeko gogo oso handia dugulako. Lankidetza handia dago sail ezberdinen artean. Entzun egiten zaie langileei». Mimatzen dituzte. Gune arkitektoniko ikusgarria da lantokia —26.000tik 4.000 aritzen dira han—, zerikusi gutxi duena mendebaldeko imajinarioak Txinaz duen irudiarekin: Starbucksen kafetegia dago, mota ezberdineko jana diruz lagundutako prezioan eskaintzen duen jatetxea, supermerkatua, farmazia eta lehen sorospenetarako gunea, liburutegia Jack Mak argitaratutako liburu eta guzti, eta baita masajeak hartzeko zentroa ere. «Uste dut etxean baino baldintza dezente hobeak ditugula».

Enpresa munduan jauzi kualitatiboa eman nahi baitu Txinak. Kopiatzea ez da aski jada, hazten jarraitzeko beharrezko da sortzea. «Atzerritarrak gehien harritzen dituen gauzetako bat da, esaterako, zein aurreratuta dagoen Txina ordainketa elektronikoan». Alibabako langile guztiek ere identifikazio txartel guztiak Alipayra konektatuta dauzkate. Konpainiaren ordainketa sistema da hura, azken urtean 620.000 milioi eurotik gorako operazioak tramitatu dituena. Yuan billeteak ia ikusi ere ez dira egiten, dena txartelarekin kontaktua eginez ordaintzen baita. Zuñigak etxeko alokairua ordaintzeko ere erabiltzen du, eta taxiak ordaintzeko ere bai —taldearen Kuaidi Dache sakelako aplikazioaren bidez eskatzen ditu horiek—.

Alibabari lotutako guztiak txundiarazten duen arren, Zuñigak dio mendebaldeko merkataritzak ez duela haren hedapenaren beldur izan behar. «Publiko ezberdinari zuzentzen gara; elkarbizitza posible da». Horregatik, Aliexpressek badu buruan Espainiako eta Hego Euskal Herriko merkataritzara irekitzea ere, etorkizunean aukera emanez soilik Txinakoak ez diren komertzioen sare global bateko parte izateko. Aldaketa horrek buelta emango lioke egoerari, eta Txinako bezeroek aukera izango lukete Europako produktuak eskuratzeko bitartekaririk gabe. Ideia bat baino ez da oraindik, baina ikusita Txinako klase ertainaren erosahalmenaren igoera, oso interesgarria izan daiteke mendebaldeko enpresentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.