Sagardoa. Sor-marka bakar baten sorrera

Euskal Sagardoa, Euskal Herri guztiko lehen sor-marka

Hego zein Ipar Euskal Herriko sagardo ekoizpena jatorri izen bakar batekin babesteko eskaera aztertzen ari da Europako Batzordea. Sagardo mota anitz sartu dituzte arautegian

Irisarri Ithurrartiako aurtengo sagar biltzea, irailean. SARL SEGIDA.
Iñaki Etxeleku.
Jatsu
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Baliteke heldu den urte hastapeneko Euskal Herriak lehen jatorri izen babestua lortzea: Euskal Sagardoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileek abiatu zuten eskaera Euskal Herrikoa bilakatu da, eta halako besterik ez da Euskal Herrian: lurralde guziko ekoizpenak izen beraren pean aterpetzen dituen babesa.

Ikusi gehiago:Hartzidurako karbono dioxidoa dela eta jende gehiago ez hiltzea nahi dute

«Europako Batasunean lehen aldia da mugaz gaindiko arautegi bakarra egiten dela. Eder da, halere», goraipatu du Ipar Euskal Herriko ekoizleen izenean elkarrizketetan parte hartu duen Bixintxo Aphaulek. Gisa berean aritu da Unai Agirre, Euskal Sagardoa izeneko ekoizleen ordezkaria: «Ilusioa egiten digu denoi jatorri izena zazpi lurraldeetara zabaltzeak. Zentzu handia dauka, sagardoa baita aspaldian lurralde guztietan egin den produktua».

Aurtengo sagarrak bilduak, jo edo lehertuak, tinkatuak dira, eta kupel edo dupetan sartuak. Hartzitzen hasia da zukua, azukreak alkohol bilakatzeko bidean dira, eta heldu den urte hastapenean dastatzen ahalko da sagardoa. Baliteke ordukoz Bruselara eraman eskaerak erantzuna erdiestea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardo ekoizleek 2017tik badute JIK jatorri izen kontrolatua, Euskal Sagardoa izenekoa, baina urrunago eraman nahi izan zuten, eta Europara pasatu. Jatorri izen kontrolatu horiek estatuko sor-markak dira. Europak, berriz, JIB jatorri izen babestuak onesten ditu. Agirre Europari egin galdearen eramailea da erkidegoko hiru lurraldeetako ekoizleentzat. Adierazi du iturburuko helburua sagardoari balioa bermatzea izan dela: «Sagardoak milaka urte ditu gurekin, eta ikusten genuen kalitatezko produktu gisa saldu eta dagokion balioa emateko garaia zela». Bestalde, garrantzitsua zitzaien «bertako sagarra» gordetzea, «altxor handia baitaukagu», Agirreren erranetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileak ontsa aitzinatuak ziren, eta Bruselak urte hastapen honetako aurkeztu arautegia kontuan hartua zuen. Hortik zabaldu da «oposizio» egiteko epea. «Holako txosten bat aurkeztua delarik, Bruselako erakundeek epe bat uzten diete gaiarekin lotura duten guziek beren ikusmoldea ekar dezaten», esplikatu du Aphaule sagardogile baxenabartarrak.

Aphaulek arnoa eta sagardoa ekoizten ditu, baita sagar jusak ere, Garazi aldeko Jatsu herrian. Joan den udaberritik, Hegoaldeko eta Iparraldeko sagardogileen artean izan diren solas guzietan parte hartu du, egitasmo bateratu eta adostu batera heltzeko. Hainbesteraino, non Ipar Euskal Herriko ekoizleek sindikatu bat ere sortu baitute sarea antolatzeko, eta Aphaule ezarri dute buru. Joan den ekainean sortu zuten Iparraldeko Sagardoen Sindikatua jatorri-izen eskaeraren ondorio bat da. Iparraldeko sagardogileak, sagar ekoizleak eta Sagartzea tokiko sagarren kontserbategiak bilduko ditu sindikatuak. Jatorri izen babestuaren bermatzailea izateaz gain, gaurko eta biharko sagardogileentzat laguntza teknikoa ekartzeko tresna izan nahi du.

Aniztasuna alde

Hegoaldeko ekoizleek jakinarazi zieten Iparraldekoei eskaeraren berri, baina horiek ez ziren saretuak, eta ez zuten ikusten arazorik izan zitekeenik. Inaok, Frantziako Jatorriaren eta Kalitatearen Institutu Nazionalak deitu zituen arte, Aphaulek salatu duenez: «Inaok deitu duenean, erran diegu ez genuela arazorik Hegoaldekoek galde hori egiten bazuten, baina institutuak berehala ihardetsi zigun: 'Kasu emazue, zeren eta eskaera onartua bada, hortik goiti Euskal Sagardoa deituko den oro babestua izanen da haien jatorri izenaren pean bakarrik'». Hots, bazter utziko zituen Iparraldeko sagar motak, sagardo egiteko moldeak. Aphaulek argi utzi du Hegoaldetik ez zela borondate txarrik: «Anitz lan bazuten eginik, eta, sinpleki, aitzina egin zuten beren galdearekin. Jakinez 250 ekoizle direla».

Horri oharturik lotu zitzaizkion lanari. Aphaulek uste du Hegoaldean ere ez zutela neurtu zenbateraino hertsatzaile bilaka zitekeen sor-marka. «Ez dut uste zinez ohartu zirenik». Iparraldekoek ikuspegia zabaltzera dei egin zieten orduan: «Ezin dugu gure euskal nortasuna gabe egin, gure erroak dira, gure laborantza». Aphaulek dio berehala ulertu dutela, eta elkarlanean hasi direla.

Alde juridikoari lotu direlarik, bi errealitate izan dituzte parean: Europako araudia, baina, oroz gainetik, bi estatuetako arau desberdinak. «Hegoaldeko euskal sagardoentzat Espainiak minkortasun airakor hein bat onartzen du, Frantzian baino aise hein goragoak; funtsean, Frantzian hein horiek ez dira onartuak», erran du Aphaulek, kontu tekniko bat azaldu nahian.

Araberan jokatu behar izan dute, eta Aphaulek dio irizpide bat izan dutela lagun: batasuna. «Batzen gaituzten gauzetan oinarritu gara, ez ezberdintzen gintuztenetan. Ezberdintasun horiek traba gisa ikusteko partez, abantaila gisa agerian eman ditugu». Hizkuntza eta nortasun bereko lurralde ttipian aberastasun eta aniztasun handia badela goraipatu nahi izan dute. «Jatorri izen babestu baten erran nahia bera da, azkenean: lurralde bateko ekoizpenaren eta historiaren arteko lotura hori izatea; egiazko harreman kultural bat bada sagardoarekin». Iparraldean Hegoaldean bezala, tokiko sagar motetarik egin ekoizpena da.

200 sagar mota

Jatorri izen horren aberastasunik handiena, Euskal Herriko laborarien historiari loturik, tokiko sagar moten andana eta joritasuna da. Jatorri izenerako genetikoki sailkatu eta izendatu dituztenetan, Hegoaldean 106 badira, eta Iparraldean 94. Denetarat, berrehun sagar mota.

Aphaulek esplikatu du Europan harriturik zirela produktu bakarrarentzat —sagardoa— 106 tokiko sagar mota izatea. «Horrez gain, Iparraldekook erraten diegu: 'Guk ere bilketa lana egin dugu; baditugu Hegoaldean bezalako sagar mota batzuk, baina beste 94 ezberdin gehiago ere bai'».

Sagardoetan ere aniztasun bat aurkeztu dute. Iparraldean badira Hegoaldeko sagardo batzuen egite dutenak, baina badira beste mota batekoak ere. «Sagardo familiak definitu ditugu», segitu du Aphaulek; «batzuk bi aldeetan badira. Hortik, egin dugu Euskal Sagardoa edo Sagarnoa».

Orain Bruselako bulegoetan da gaia. «Erro sakonak dituen egitasmoa da. Aitzinean ematen du hemengo jendearen lana; gaurkoena eta biharkoena». Aphaulek uste du jatorri izenak ekoizle berri batzuk akuila ditzakeela. Gainera, uste du tokiko moten aberastasunaz «harro izateko arrazoirik» badela. «Tokiari egokituak diren motak dira, ez dira eritzen, ongi ontzen dira, halako sagarrik ez da jaten beste lurralde batean, dupaldi arras desberdinak lantzen ahal ditugu aniztasun horretarik —sagardo pindartsuak, pindar gutikoak, idorrak, gozoak...—.» Agirrek ere azpimarratu du aniztasun hori eta mendeetako lana badela gibelean: «Milaka urtez sagardoak eduki duen garrantziagatik, sagar mota asko sortzeko tokia izan da Euskal Herria. Hori hemengo baserrietan mendeetan egindako lana izan da. Kalkulatzen da mila sagar motatik gora edukiko ditugula». Ez denak segurtasun guziz sailkatuak izateko gisan.

Aniztasuna kontuan hartzeko helburuarekin, sagardi mota bat baino gehiago sartu dituzte arautegian: «Zoko bateko sagartze galdu batzuk, baita sagardi landu eta hesituak ere», dio Aphaulek. Jatorri izena ukaiteko baldintza da segitua eta zaindua izan dadin. «Bermatu behar da arautegian bildu sagar mota bat dela, eta zein sagarditatik heldu den».

Inao institutuan, Akitania Berria eta Okzitania eskualdeetako eremu zabaleko arduraduna da Laurent Fidele, eta euskal sagardoaren jatorri izen babestuaren galdea aztertu du. «Osaketan hautagaitza originala da, Hego Euskal Herriko zein Ipar Euskal Herriko ekoizpenak bilduko dituelako», aitortu du. «Euskal sagardoak berezitasun ukaezina badu, eta bi aldetakoak familia berekoak dira». Inaoren ikuspegitik, euskal sagardoak guziz ezberdinak dira Bretainian eta Normandian egiten direnetarik; «idorragoak, bixi edo minkorragoak dira». Berezitasun hori finkatzeko «txosten ederra» zaio Fideleri.

Heldu den urteko

Sagardo moten definizioen fintzen ari dira Bruselarako azken urratsetan. «Jada deskribatu dugu lurretik tinkatzekora nahi duguna; badakigu zer egin nahi dugun tinkatzetik botilara. Orain, ari gara deskribatzen botila horietako bakoitzean ateratzen den edari mota», azaldu du Aphaulek. Agirrek gehitu du lan hori bukatuta igortzen ahalko dutela dena: «Lan teknikoa da. Orain oso aurreratua daukagun dokumentazioa ixtea falta zaigu azken gauzekin eta Bruselara bidaltzea». Oraino bi hilabeteko lana ikusten du Agirrek. Inaoko Fidelek zehaztu du gauzak oraino ez daudela burutuak: «Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko ekoizleek, Madrilgo eta Parisko agintariek arautegi komun bat bururatzen ari gara. Ez da oraino bururatua».

2024rako esperantza dute Europako Batzordearen baimena, eta, beraz, jatorri izenaren erabilpena. «Segur da bi hilabeteren buruan Europako Batzordearen erantzun bat izanen dugula», aitortu du Fidelek.

Nafarroako ekoizleak integratzea da hurrengo pausoa «Batzuek interesa azaldu dute», azaldu du Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.