Euskal ontziolen sektoreak «badu geroa», Arantza Tapiaren ustez

Ontziolek 'tax lease' sistema berriarekin bi kontratu sinatu dituztela jakinarazi du Jaurlaritzako Lehiakortasun sailburuakOntziolentzat kontratu gehiago lortzeko lantalde bat eratzea adostu du sektorearekin

xabier martin
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak euskal ontziolen auzian hartutako erabakiaren gainetik, bizirik irauteko abagune bat dauka sektoreak. Hala islatzen dute Eusko Jaurlaritzako Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiaren hitzek: «Ontziolek badute geroa».

Sektorearekin batzartu zen sailburua atzo, Bilbon, ontziolen ordezkariekin, jabeekin eta sindikatuekin, eta tax lease finantzaketa sistema berria oinarritzat hartuta, bi kontratu sinatu berri direla ezagutarazi zuen, xehetasun gehiago eman gabe. Ontziak eraikitzeko kontratu gehiago lortzea da helburua orain, jarduera hauspotzea, ahalik eta lan kargarik handiena bereganatzea, tax lease berria eraginkorra dela frogatzeko batetik eta azken xedea lortzeko bestetik: sektoreak bizirik irautea.

Horretarako lantalde bat eratuko da, eta Euskal Herriko Itsas Foroak koordinatuta martxan jarriko da irailean. Hala adostu zuten eragileek atzoko batzarrean.

Joaquin Almunia EBko Lehiakortasun komisarioaren proposamenari jarraituz, 2007tik 2011ra tax lease bidez jasotako laguntzak itzultzea ebatzi du EBk; inbertitzaileek itzuli beharko dituzte laguntza horiek, eta Espainiako Gobernuak zehaztu beharko du kopurua. Europako erabakiak sektorea «hilzorian» utziko duela esan zuten eragileek, eta Jaurlaritzak berak esan zuen uste horretakoa zela, baina orain gauzak bestela ikusten ditu, Arantza Tapia sailburuaren hitzei erreparatuz gero: «Sektoreak lanean jarrai dezake».

Merkatu berrien bila

Espainiak ontziolei eskainitako tax lease sistema baliogabetu du Europako Batzordeak, beraz, eta inbertitzaileek milioika euro itzuli beharko dute. Baina indarreansartua da beste sistema bat, tax lease berria, eta ontziolen jarduera sustatze aldera sortutako laguntza sistema egonkortzea dute helburu orain sektorean. «Erabateko segurtasun juridikoa» eman nahi diote finantzaketa sistema berriari, arazoak gerta ez daitezen atzera. Bruselaren oniritzia du, eta inbertitzaileek eta ontzi berrien jabeek ikusi behar dute sistema eraginkorra dela, legezkoa erabat. Horretarako, kontratuak sinatzen hastea «oso garrantzitsua» dela dio Tapiak.

Bi kontratu berri sinatuak dituzte sistema horren bidez, eta abiapuntu ona izan daiteke aurrerantzean kontratu gehiago erakartzeko. «Ontziak eraikitzea ahalbidetzen duen finantzaketa-alokairu sistema da, inbertitzaileak eta bankuak erakartzen dituelako», azaldu zuen sailburuak; «badu etorkizuna, baina egonkortu egin behar dugu», erantsi zuen tax lease berriaz aritzean.

Irailean lanean ariko den taldearen zeregin nagusia banku inbertitzaileak «erakartzea» izango da, hain zuzen. Eusko Jaurlaritza elkarlanean ariko da sektorearekin plan estrategiko bat garatuz, «epe motzera eta epe luzera». Nazioartekotzea ere aipatu zuen Lehiakortasun sailburuak, «merkatu berriak» aurkitzeko. Finantzaketa sistema berria juridikoki segurua eta eraginkorra dela erakustea da kontua, eta bezero berriak erakartzea. Espainiak Bruselan jarriko duen helegitearen auzitik haratago, jarduera «lehenbailehen normalizatu» nahi du sektoreak, eta oinarrizkoa da kontratuak lortzea hori lortzeko.

Ikerketa eta garapenari ere erreparatu zion Lehiakortasun sailburuak. «Eraiki daitezkeen ontziei begira, eta lantzen diren merkatu berriei begira garatuko lirateke ikerketa eta garapen lerro berri horiek». Offshore atala hartu zuen ahotan merkatu berriei buruz jardutean. Itsaso zabalean dauden instalazioen ontzi osagarriak dira atal horretakoak. Euskal ontziolek izango lukete aukeraren bat atal hori lantzen hasteko, sailburuaren ustez.

Espainiako Ogasuna, lanean

Bruselak erabakitakoaren arabera, Espainiako Ogasunari dagokio itzuli behar diren laguntzak kuantifikatzea; lanean dihardu oraindik kopuruak mugatzen. Jose Manuel Soria Industria ministroak Bruselan helegitea jarriko duela iragarri du, halere. «Helegite sendoa izango da, orain arte erabili ditugun argudio juridikoetan oinarrituta», esan du Soriak.

Helegitea jartzeak ez du zertan ekarri laguntzak itzultzeko prozesua geratzea. Behin-behineko neurriak eskatzen badira, baliteke laguntzen itzulketa behin-behinekoz geratzea, baina hori ere ez da segurua. Irailaren 28ra arteko dauka Espainiako Gobernuak Bruselaren isunari helegitea jartzeko.

Azkenean, helegiteak helegite, laguntzak itzuli behar badira, Eusko Jaurlaritzak eskatu dio Espainiako Gobernuari diru hori berriro sektorean inbertitzeko, eta bilketa egitean «malgutasun» handiaz joka dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.