LAB sindikatuak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko «beste urrats batzuk» egiteko aukera eta beharra aldarrikatu du. Egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta soziala aintzat hartu eta konpromiso gehiago onartzeko prest dago. Bide horretan, beharrezkoa ikusten du eragile sindikalen, sozialen eta politikoen arteko «agenda partekatu bat» bultzatzea, Espainiako eta Frantziako estatuekiko autonomoa izango dena. Izan ere, LABen diagnosiaren arabera, eskaera ezin da mugatu «Espainiako Langileen Estatutuak ezarritako bertako hitzarmenen lehentasunera», eta, horrenbestez, Euskal Herrian «beste jokaleku bat» ezarri beharra dago.
30 urte bete dira gaur Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko manifestazio erraldoia egin zenetik. Aldarri hori babestu zuen lehen mobilizazioa izan zen, eta mugarri bat izan zen sindikatu abertzaleen batasunean. LABek efemeridea baliatu du gogoratzeko eskaera historikoari buruzko bere gogoeta plazaratu eta «zentralitate eta birtualitate osoa» mantentzen duela. Batzorde eragile osoa bildu du Bilbon eginiko agerraldian, eta Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile nagusiek irakurri dute Urratsez Urrats Bertan Erabaki izenburuko agiri mamitsua.
«LAB-ELA ekintza batasuna gorpuzteko egindako saiakerak agortuta, ez dugu lortu euskal sindikalimoaren indarrak bildu eta potentzial osoa askatzerik».
LAB SINDIKATUA
«Jokaleku berri» hori euskal sindikalismoaren aurrera begirako erronketako bat dela nabarmendu du LABek, «bertako lan hitzarmenen lehentasuna» berrezartzetik harago doana. Alegia, EAJk Espainiako Parlamentuan aurkezturiko lege proposamena motz gelditzen dela. Horretarako, baina, politika sozioekonomikoetan herri gisa erabakiak hartu ahal izateko «tresnak» eskuratu behar ditu lehenbizi. Baina zein tresna? «Euskal Lan Kode baten bidez lortu beharko lirateke», iragarri du: «Gure helburua ez da soilik Gizarte Segurantza kudeatzeko eskumena; hori lehen urratsa da guretzat Euskal Gizarte Segurantza eratzeko ibilbidean».
Bide horretan urrats jakin batzuen alde egingo du lan sindikatuak. Esaterako, EAEko zein Nafarroako estatus politikoak berritzearen alde; zerbitzu publikoak indartzearen alde; 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzearen alde; eta negoziazio kolektiborako esparru propioaren alde. Esparru hori ezinbestekoa ikusten du lan itunen «estatalizazioari aurre egin» eta hitzarmenik ez duten langileek «gure eremuan» negozia dezaten.
Gutxieneko soldata propioa
Horiek, baina, ez dira LABen usez Espainiak euskal lan esparruari ezartzen dizkion «muga» bakarrak. Agirian beste hainbat izendatu ditu: gutxieneko soldata ezartzeko ahalmenik eza, negoziazio kolektiboa egituratzeko aukera falta, eremu publikoko langileen soldatak eta birjartze tasak erabakitzeko eskubidea... Ipar Euskal Herriari dagokionez, negoziazio kolektiborako esparru propio baten aldeko proposamena «eguneratu» behar dela iritzi dio.
Erronka handiak direla onartu du LABek, are gehiago munduan inposatzen ari diren «errezeta neoliberal eta autoritarioak» kontuan hartuta, baina, sindikatuaren iritziz, Euskal Herrian bada beste norabidean jotzeko moduko «orube» sindikal, sozial eta politikorik. Aldaketa sozialaren eta burujabetasunaren alde dauden eragileen arteko «euskal agenda sozial partekatua» beharrezkoa dela nabarmendu du, «estatuekiko» autonomoa izango dena.
30 urte dira lan esparru propioaren aldeko lehe manifestazioa egin zenetik, eta, LABen ustez, gaiak «zentralitate» osoa merezi du oraindik
Hori bai, jakina da LABen eta ELAren arteko harremanak garai txarrak bizi dituela, ez duela 30 urte bezala. Gauzak hala, LABen ustez, agenda horren osaketan oinarrizko printzipio bat lortu beharko liratekeela uste du, mugimendu feministaren ekimenez zaintzaren inguruan proposatu den herri ekimenarekin eta lan istripuei erantzuteko elkarlanarekin gertatu bezala.
«Elkarlan sendoago» baten premia
Agirian, LABek euskal sindikalismoaren «argiak eta itzalak» aletu ditu. CCOO eta UGT elkarrizketa sozialaren amaraunean desaktibatuta ikusten ditu, eta gogoratu du Espainian hegemonikoak diren sindikatuak gutxiengoan daudela Hego Euskal Herrian: %34ko ordezkaritza guztira eta gehiengoa galduta Nafarroan (%48). Ipar Euskal Herrian, aldiz, sindikatu frantsesen monopolioa hausteko urrats erabakigarriak ematen ari direla uste du.
Dena den, eta sindikatu subiranistek gehiengoa izan arren, «kezkatzeko motiboak» ere ikusten ditu, baita zergatiak argi azaldu ere: «LAB-ELA ekintza batasuna gorpuzteko egindako saiakera ezberdinak agortuta, ez dugu lortu euskal sindikalimoaren indarrak bildu eta potentzial osoa askatzerik».
Bere diagnosian gehiago sakondu du, eta, bat egite puntualak egon diren arren, ondorio deigarria azaleratu du: «Elkarlan sendoagorik gabe, euskal sindikalismoak ez du bere eragiteko gaitasun osoa garatzerik, ez ekintza sindikalari dagokionez, ezta, bereziki, esku hartze soziopolitikoari dagokionez».
LAB-EN BILAKAERA ETA ERAGINA
LAB asko handitu da azken 30 urteetan. 1994an 18.000 afiliatu eta 3.000 ordezkari zituen; egun, berriz, 50.000 eta 5.000 ditu, hurrenez hurren. Hego Euskal Herrian ordezkaritzarik handiena duten sindikatuetan bigarrena da egun (%18). Halaber, sindikatuaren iritziz, sorreratik defendatu zituen ideia batzuk «nagusi» bilakatu dira euskal sindikalismoan: «Izaera soziopolitikoa, kontraboterea eta independentismoa, besteak beste». Halaber, aldarrikatu du LABek hasitako bideari esker euskal sindikalismoa egun feministagoa dela 1990eko hamarkadan baino.