Euskal lan esparru propioa indartzea izango da LABen helburua hurrengo urte politikoan

Euskal Herriko hitzarmenak indartzea, 1.600 gutxieneko soldata ezartzea eta Espainiak funtzio publikoan jarritako «betoa» gainditzea izango dira ardatzak. Sindikatua hilaren 22an bilduko da Pradalesekin.

Elbarrien sektoreko langileen elkarretaratzea. LABek irekitako gatazketako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elbarrien sektoreko langileen elkarretaratzea. LABek abiatutako gatazketako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 15a
13:30
Entzun

LAB sindikatuak etxeko lanak jarri dizkio bere buruari hurrengo urte politikoari begira, eta euskal lan esparrua lortzeko bidea sakontzea izango du lehentasunetako bat. «Bertako hitzarmenei berriz ere lehentasuna emateko egindako presioak fruituak eman ditu aurten, baina bidea ez da inondik ere hor bukatuko», iragarri du Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile orokorrak. Bide horren lehen pausoa heldu den astelehenean emango dute, Imanol Pradalesekin izango duten bileran.

Iragan urte politikoko ekintza sindikalaren balantzean mintzatu da betebeharrez Arroyo. Eskakizunaren nondik norakoa zehazteko, hiru borroka ardatz eman ditu. Lehena, bertako hitzarmenak berreskuratzea, besteak beste, Nafarroako grafikagintza eta Gipuzkoako egurgintza; eta berriak sortzea: Nafarroako zahar egoitzak, EAEko kimikak... «Haien lehentasuna lortu dugu; orain, hitzarmenak behar ditugu», zehaztu du.

«Euskal Herriko bi langiletik batek 1.600 euro gordin baino gutxiago irabazten du hilean. Jende asko oso justu bizi da. Erabaki handiak behar dira»

IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile orokorra

Bigarrena, eta zerbitzu publikoak indartzeko eskaeraren bidetik, Espainiak funtzio publikoen gainean ezarritako betoa «gainditzea» izango da. Arroyok kritikatu du administrazio publikoko langileen baldintzak ezartzeko EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde mistoa «aurrerapausotzat» jo bazen ere oraindik «estatalizatuta» egotea. Horren adibidetzat jo du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari den legea, «langile publikoei erosketa ahalmenaren galera eragingo diena».

Hirugarrena eta azkena 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata izango da. «Euskal Herriko bi langiletik batek hori baino gutxiago jasotze du. Jende asko oso justu bizi da», zehaztu du. Hori izango da, hain zuzen, lehendakariarekin izango duten bilerara eramango dituzten gai garrantzitsuetako bat, «erabaki handiak» hartzeko garaia dela uste baitu sindikatuak: «Langile guztientzat orube komun bat jarri behar da, eta horrek soldata arrakala murrizten lagunduko luke».

Oihana Lopetegi eta Igor Arroyo
Oihana Lopetegi eta Igor Arroyo LABeko ordezkariak, ekintza sindikal txostenarekin. BERRIA

Beste gaia zerbitzu publikoak indartzea izango da, eta Osakidetzaren eredua jarri du Arroyok: «Osasungintzan ituna nahi badu, aurrena langileekin hitz egin dezala; bere lantaldea da». Nabarmendu du azken hiru urteetan negoziazio kolektiboa garatzea ezinezkoa izan dela eta arazoak ukatu izan direla, eta orain Jaurlaritzak berak nabarmendu duela aldaketak behar direla. 

Gatazken %46, konponduta

Etorkizunaz mintzatu da Arroyo. Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko arduradunak, berriz, amaitzear dagoen urte politikoaren balantzea egin du. Azaldu du LABek 190 borroka abiatu dituela, 84tan greba erabili duela, eta gatazken %46,32 konpondutzat eman direla. Balorazio positiboa egin du; azaldu duenez, duela bi urte gatazken %25 eman ziren konpondutzat, eta «hura bai zela txikia»: Oraingo datua ona da, batez ere asko azpikontratak zirelako. Ikusi da borrokak eragina duela».

«Konpondutzat emandako borroken balorazio positiboa egiten dugu. Kopurua beti izan daiteke handiagoa, baina duela bi urte %25ekoa izan zen; hura bai zela txikia»

OIHANA LOPETEGILABeko Ekintza Sindikaleko arduraduna

Zehaztu du sektoreei lotutako gatazka gutxiago egon direla, baina enpresetakoek «gorantz» egin dutela. Sektore mailako itunen estaldura %53,3koa zen abenduan; halaber, enpresetan hainbat auzi izan dituzte: «Gatazken %51 hitzarmen kolektiboen defentsan izan dira, eta %33 itxierei, kaleratzeei edo jazarpenei aurre egiteko». Lopetegik jazarpen sindikala areagotu izana kritikatu du: «Oso agerikoa izan da; esaterako, Amazonen moduko enpresa batean. Grebalarien aurka jo dute, garbi».

Gai berari lotuta, nabarmendu du erakunde publikoekin negoziatzea zailagoa dela oro har enpresa pribatuekin hitz egitea baino, eta hurrengo urte politikoan ere gatazka horiek konpondu gabe egongo direla. Dena den, zehazten hasita, ireki asmo duten borroka bide bat nabarmendu du: «Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena sortzeko lan egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.