Industriaren Defentsarako Taldea eratu da. 18:00etan bildu dira, lehen aldiz. Bi orduko bilera izango dela iragarri dute, baina ez da espero erabakirik hartuko dutenik. Foroa martxan jartzea da gaurko eginkizuna, Eusko Jaurlaritzako iturriek esan dutenez. «Erakunde arteko eta faktore anitzeko partaidetzarako gune egonkor gisa eratu da taldea, euskal industriak gaur egungo nazioarteko testuinguruan dituen erronkei erantzuteko modua emango duten politika berritzaileak aztertu, adostu eta proposatzeko».
Donostiako Kursaal jauregian daude elkartuta. Imanol Pradales lehendakariak gidatuko du batzarra. Hasi aurretik kazetariei egindako adierazpenetan, esan du «partida azkar» jokatu behar dela, eta «Europako taulan kokatu». «Gaitasuna badugu, eta aukerak. Gure Industria Plana babestu behar dugu, eta Europako Industria Planarekin lotu».
Lehendakariak garrantzia eman dio erabakiak Europarekin sintonian hartzeari. Eusko Jaurlaritza eta Europako Batasuna, biak ari dira dira tokian tokiko industria hauspotzeko planak garatzen, eta estrategiak konpartitua izan behar duela esan du. Otsailaren 26an aurkeztuko ditu Europak bere asmoak, eta aurrerago egingo du Jaurlaritzak. Taldeak, besteak beste, ekarpenak egingo ditu Euskadiko Industria Plana sakontzeko.
Taldekideei elkarlana bultzatzeko eskatu die. «Ezin dugu dena Euskaditik bakarrik egin. Lankidetzaren eta batasunaren bidez bakarrik egin ahal izango diegu aurre erronkei, eta sortuko diren aukerak aprobetxatu». Lehendakariarekin batera, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta merkataritza ganberetako, foru aldundietako, Confebaskeko eta Euskadiko klusterren eta ekoizpen sareetako ordezkariek osatu dute taldea.
Taldeak beste hiru misio ere izango ditu: muga zergen errealitate berriari buruzko diagnostikoa partekatzea eta eragindako sektoreen jarraipena egitea; enpresei laguntzeko zer tresna, baliabide eta politika erabil daitezkeen identifikatzea; eta testuinguru global berriaren aurrean euskal industriaren gaitasunak eta aukerak indartzea.