LAB sindikatuak greba orokor baten premia berretsi du. «Lantokietan eta kaleetan zabalik dauden borrokak bultzatu» eta haiek bateratzeko «beharrezkoa» litzakeela aldarrikatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Euskal gehiengo sindikalak egitasmoa babesten duela nabarmendu du, eta deialdiak «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» izan behar duela; alegia, «Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren erritmoaren baitan egon gabe». Datarik ez du zehaztu, ezta aurten edo 2022an izango den ere, baina berandu jota neguan beharko luke.
LABek egoera sozioekonomikoa aztertzeko eginiko agerraldian nabarmendu du greba deialdiaren beharra. Sindikatuak Maiatzaren Lehenean plazaratu zuen grebara deitzeko asmo,a eta azken hilabeteetan ELAk eta Pentsiodunen Mugimenduak ere esan dute begi onez ikusiko luketela. Aranburuk onartu du harremanetan daudela haiekin, eta greba orokorra «eraso» gisa planteatu behar dela, enpresei aurre egin, «gobernu autonomikoak» interpelatu eta Madrilgo gobernua presionatzeko.
Madrilera begira jarrita, Aranburuk kritika zorrotza egin dio Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren egiturari, «negoziazio kolektiboa zentralizatu» nahi duelako eta «ia erabateko boterea» ematen dielako enpresei: «Urtez urte, erreformaz erreforma, mahai horrek lege bermea eman dio prekaritateari». Era berean, UGTri eta CCOOri egotzi die «nahikoa presio sozial» ez egitea.
Mahai horren baitan daude lan eta pentsio sistemen erreformak, baita gutxieneko soldata handitzea ere. Azken eskaera horren harira, Aranburuk gogoratu du LABen proposamena zein den: «Batez besteko soldataren %60, 1.400 euro». Beste bi erreformak abenduaren 31rako egin beharra dauzka Espainiak. Europako Batzordeak jarritako epemuga da Europako funtsen bigarren ordainketa jaso ahal izateko. Ikusteko dago atzerako kontaketa horrek eraginik duen greba orokorraren egunaren hautaketan.
Pentsioak erreformatzeko proposamenean sakondu du Aranburuk, dagoeneko hainbat xehetasun ezagunak baitira. Haren ustez, KPIaren igoera hutsak ez du pentsio duinik bermatzen, eta, ondorioz, «eskasa da». Erreforma proposamenaren lehen zatia onartu da, baina hainbat xehetasun argitzeke daude oraindik. Alde horretatik, sindikatuak susmoa du iraunkortasun faktorea delakoa ez dela desagertuko: «Ematen du izena aldatuko diotela eta antzerako beste adierazle bat sortuko dela».
Enpatia eskaera, «txantxa»
Egunerokotasunari buruzko beste gai batzuk ere aztertu ditu. Esaterako, Tubacexek langileek enpresarengandik jasotako azken eskaintza baloratu du, eta hark negoziatzeko duen «borondaterik eza» kritikatu. «Langileek esan dute edozer gauza baloratzeko prest daudela epaiketako ebazpena errespetatzen bada». Era berean, Jaurlaritzari egotzi dio beti zuzendaritzaren alde jokatzea.
Argindarraren garestitzea ere aipatu du. «Eskandaluzkoa» dela iritzi dio, eta energiaren moduko sektore estrategikoak esku publikoetan egon beharko luketela. «Argindar enpresei enpatia soziala eskatzea txantxa bat da», nabarmendu du. Aranburuk gogoratu du energia enpresa hauek Europako funtsen diruaren eskale pribaturik handienak direla, eta bide horretatik diru publiko gehiago jasoko dutela.
«Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» greba orokor baterako deia egin du LABek
Protestaldiak ez du data finkorik oraindik, baina sindikatuak uste du ez duela egon behar Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren erabakien baitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu