Hasi dira Euskal Herriko parke fotovoltaikorik handienetako bat eraikitzeko lanak, Erriberriko lurretan (Nafarroa). Herri horretako Pagos de Araiz upategia bultzatzen ari da parkea, eta Bizkaiko enpresa bati eman dio enkargua, GES Global Energy Services izenekoari. Hurrengo asteetan 74.000 eguzki panel jarriko dituzte upategitik gertu dauden lurretan.
Parkeak 50 megawatteko potentzia izango du, eta, GESek nabarmendu duenez, haren bitartez %25 handituko da Nafarroan energia fotovoltaikoaren ekarpena.
Potentzia hori askoz gehiago handituko da baldin eta Iberdrolak Azkoienen egin nahi duen parkearekin aurrera jarraituko balu —475.000 panel ditu, eta 300 megawatteko potentzia izango du—. Joan den irailean geratu zituen lanak, argindarraren prezioa merkeegia zela argudiatuz. Azken asteetan, ordea, asko garestitu da elektrizitatea, haize gutxi ibili delako eta ziklo konbinatuko zentralek bete behar izan dutelako energia eolikoak utzitako lekua.
GES arduratu da parkea diseinatzeaz eta ingeniaritza lanez, eta hark eraikiko du azpiegitura osoa. Lanak 2025eko lehen erdian bukatu nahi dituzte, eta, probak egin ondoren, urte horren amaieran konektatu nahi dute sarera, handik oso gertu dagoen Erriberriko azpiestazioaren bitartez. Urtero 85.000 megawatt-ordu argindar ekoitzi ahal izango dituztela kalkulatu dute, 24.000 etxebizitzak urte batean kontsumitzen dutena bezainbeste.
Erriberrin bertan, Pagos de Araiz upategitik oso gertu, La Pedrera izeneko parke fotovoltaikoa dago, 4,5 megawattekoa.
170 megawatt Nafarroan
GESek nabarmendu duenez, 2023an soilik 3 megawatteko potentzia gehitu zuten parke fotovoltaikoek Nafarroan. Red Electricaren arabera, urte horren amaieran 170 megawatteko potentzia zuten zentral fotovoltaikoek, Nafarroako potentzia osoaren %5,1.
Ekarpena are txikiagoa da Euskal Herriko beste lurraldeetan. Haietan dagoen parke fotovoltaikorik handiena Ekian da, Erriberabeitian (Araba), 24 megawattekoa. Handik gertu, Armiñongo lurretan, Iberdrolak, Energiaren Euskal Erakundeak, Arabako Aldundiak eta Kreanek Ekienea parkea jarri nahi dute, 100 megawattekoa.