Euskal Herriko lan kode berria eta gizarte segurantzaren legea proposatu ditu LABek

Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du beharrezkoak direla lana eta babes soziala «koma» egoeratik ateratzeko. Delegatuek babestu dituzte

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Lan harremanekin eta babes sozialarekin lotutako kontuak funtsezkoak dira jendeari bizitza duina bermatzeko. Horregatik jarraituko dugu lanean gai soziolaboraletan eskumen osoak izango dituen estatus berria lortzeko». Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkariak horrela aldarrikatu zituen atzo bere sindikatuak lana eta babes soziala «koma» egoeratik ateratzeko diseinaturiko bi lege proposamenak: Euskal Herriko lan kodea eta gizarte segurantzaren lege propioa.

«Estatus berria» izendatu zuen Aranburuk, eta kontzeptu teoriko hori lurrera jaitsi zuen bi proposamenak aletuz BEC erakustazokan bildutako sindikatuko 500 delegatuen aurrean. Euskal Herriko lan kodea «lan harremanek behar duten eraldaketa sakonerako» proposamen bat da. Kode horrek «lan guztiak» aitortu beharko lituzke, zaintza lanak berrantolatu, eta zaintzarako baimen bereziak sortuz. «Langile klase osoa» aintzat hartuko luke, erregimen orokorretik kanpo gelditzen diren langileak ere araututa. «Etxeko langileak, rider-ak, ekonomia ezkutuan ari direnak, eta ekonomikoki menpekoak diren langileak» izendatu zituen.

Kodeak «enplegu duina bermatu» beharko luke, baina nola? Lau oinarri errespetatuz: kontratu mugagabea izango da arau orokorra; gutxieneko eta gehiengo soldatak arautuko ditu; lanaldi partzialen erabilera mugatuko du; eta kaleratze librerik ez da izango. Oro har, lan harremanak «demokratizatzeko» proposamena da kodea, «patronalaren aldebakartasuna amaitu» eta langileen ordezkariak eta negoziazio kolektiboa indartuz.

Gizarte segurantzarako legeari dagokionez, azken urteetako erreformak atzera botatzea da lehen pausoa, eta, ondoren, euskal lege propioa onartzea. Lege horrek pentsio sistema publiko duina bideratuko luke, babes sozial sistemak izango dituena. «Langile guztiei bermatu behar zaizkie etxebizitza edo elikadura bezalako behar sozialak», aldarrikatu zuen Aranburuk. Administrazioari egokituko zaio herritar orori enplegu duina bermatzeko ardura, eta horrela egin ezean, oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea izango dute herritarrek.

Aranbururen ustez, legezko marko berri hori «eredu zaharretik berrirako» trantsizio bat da, eta hor ezarri du LABek hirugarren lehentasuna: «Zerbitzu publikoa indartu eta sistema publikoa eraikitzea». Herritarrek kalitatezko hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea dute, eta, horretarako, besteak beste, azken urteetako murrizketak «atzean utzi» behar dira, langileen baldintzak hobetu eta zerbitzuak publiko bihurtuz.

Haren ustez, alde horretatik «Iñigo Urkulluren eta Maria Txibiteren gobernuek» askoz gehiago egin dezakete, kontzertu eta hitzarmen ekonomikoek modua ematen dutelako. Halere, ez du ikusten zerga erreformarako borondaterik: «Diru gehiago bildu behar da, baina ez BEZa eta halako zeharkako zergekin. Gehiago irabazi behar da kapitalaren errentak eta enpresen irabaziak are gehiago zergapetuz».

Ondorioz, «erronkaz beteriko» garaiak datoz, eta horri aurre egiteko «indarrak metatu» behar direla nabarmendu zuen mezu argi batean. Horretarako fronte soziosindikalak antolatzea da apustua: «Borrokaren helburuetan bat egiten dugun sindikatu guztion artean, Bizkaiko metalean edo orain hezkuntzan, osasungintzan eta azpikontratetan egiten ari garen bezala».

Gehiengoa alde

Idazkari nagusiak LABek bere historian antolaturiko lehen Biltzar Arteko Batzarrean eman zuen hitzaldia, sindikatuak hainbat gai bozkatzeko baliatu zuena. Biltzarkideen %90ek babestu zuten azken hilabeteetako txostena. Aurrera begirako ildoei dagokienak, berriz, Aranbururen hitzaldiaren muina zena —sindikatuen arteko elkarlana barne—, bozen%93,4 jaso zituen. Sektorializazioaren aldeko apustuak %66ren babesa jaso zuen, eta zuzendaritza aldaketek, %97rena. Sindikatuaren datuen arabera, LABek egun ordezkaritzaren %19,5 du EAEn, eta %17 Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.