Kostuak gora eta prezioak behera. Balantza «jasanezin» horri aurre egin behar diote egunero Hego Euskal Herriko garraiolariek, Estitxu Ugarte Hiruko komunikazio arduradunak ohartarazi duenez. «Askoren fakturazioa erdira jaitsi da eta, dagoeneko, gero eta gehiago dira lan egitearekin dirua galtzen dutenak». Sektorea «ezkutuan eta bortizki» berregituratzen ari dela eta, ondorioz, garraiolari autonomoak desagertzeko zorian daudela salatu du sindikatuak.
Bi urtean Hegoaldeko 656 garraiolarik jarduera uztea erabaki dutela jakinarazi du Hiruk: 41ek Araban, 133k Nafarroan, 206k Gipuzkoan eta 276k Bizkaian. Sektorean, gaur egun, 11.000 lagun baino gehiago daude eta, orain arte, hamarretik ia bederatzi garraiolari autonomoak ziren. Azken urteetan, alabaina, Hego Euskal Herriko errepideko garraioaren merkatua «multinazionalen esku» gelditzen hasi da.
Ibilgailu edota garraiolari ugari kudeatzen dituzten enpresei salneurriak nabarmen jaitsarazi izana egotzi die Ugartek eta, era berean, prezio merkeak langileen soldatak eta eskubideak murriztuta lortzen dituztela ziurtatu du. Enpresa horiekin lehiatu beharra dutenez, «autonomoek ez dute prezioak negoziatzeko inolako aukerarik».
Erretiro duinaren aldarria
Garraioaren sektorearen egoeraren berri emateaz gain, hilaren 27rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egiteko agerraldia egin zuten Hiruko kideek. Patxi Agirre idazkari nagusiak lanuztean parte hartzeko «pisuzko arrazoiak» dituztela gogorarazi die garraiolari autonomoei eta, horrez gain, 60 urteko erretiroa «aldarrikapen historikotzat» daukatela azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak onartu asmo duen erreformarekin, aldiz, erretiro duina eskuratu nahi duten garraiolari autonomoek 30.000 euro gehiago ordaindu beharko dituztela azaldu du sindikatuak, bere bazkideen egoera aztertu ondoren.
Euskal Herriko garraiolari autonomoak desagertzeko zorian daudela dio Hiruk
Hilaren 27ko grebarekin bat egiteko eskatu die Patxi Agirrek sektoreko langileei, «pisuzko arrazoiak» dituztelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu