220 langile; haietarik 170, tokiko herritarrak. Eta zeharkako beste 50 lanpostu, segurtasuna, garbiketa eta banaketa lanentzat —horiek tokikoak direnez, ez dute zehaztu—. Horiek ziren atzoko zifra aipatuenak Baiona Ametzondoko Ikearen estreinarako Ikeako buru eta tokiko hautetsiek egin hitzartzeetan.
Nahiz eta mundu guzian hedatua den saltegi marka izan Ikea, tokikoari zein ongi errotua zen frogatu nahian aritu ziren Ikeako arduradunak, hain zuzen. Aldiz, 50 arduradunak kanpotik ekarri dituztela, eta zuzendaria barne, hori ez zen hain baloratua izan. Kokaguneaz, bereziki ikusten dutena, ororen buru, A63 eta A64 autobideen gurutzagunean izatea ezin izan zuten ere luzaz gorde. Christian Kaelen Baionako Ikeako zuzendariak autobideez arduratzen den ASF enpresako buruak eskertu zituzten, beren zabaltze proiektua aldatzeagatik, Ikeara egokitzeko.
Halere, tokikotasun xede hori azpimarratzen segitu, eta saltegian berean ere tokikora egokitu direla azaldu zuten, eta saltegi inguruetako 75 etxe bisitatu zituztela, hemengo «beharrei» erantzuteko. Adibidez, surf taulak nola bildu. Edo pintxoentzako ostatuak nola antolatu. Ostatu modelo bat jarri dute saltegian, «Bar a tapas» deitu dutena: «Horientzako altzari aukera eskainiz, tokiko merkatura egokitu gara. Frantzia eta Espainia barne. Ohartu baikara anitz bazirela eskualde honetan», azaldu du Marine Bretonek, Ikeako etxe barneko antolaketez eta komunikazioaz arduratzen denak. Euskarari ere leku bat eman diotela nabarmendu zuten, oinarrizko seinale batzuk. Frantsesaren azpian, eta txikiago. Dena den, frantsesa da nagusi. Ikeak beste Ikea guztien antolaketa sistema bera du.
Sos kontuekin segituz, hautetsien beste argumentu bat fiskalitatearen ingurukoa izan zen. Ikearen finantza mailako ondorioak baikortzat jo zituen Roland Hirigoien Mugerreko auzapezak eta Aturri Errobi Herri Elkargoko presidenteak, baina zifrarik zehaztu gabe. Ikearen partetik ere, argi utzi zuten urteko negozioa zenbatekoa izanen den ez dutela nehoiz komunikatzen. Komunikatu zifra inbertsioarena izan zen: 91 milioi euro. Komunikatu beste zifra milioi bat eta erdikoa izan zen: urtean Ikeara bil litekeen bezero kopurua. Haien artean, %30 Hego Euskal Herritik jinen direla pentsatzen dute. Bezero horiek Ikea ez balitz ez liratekeela Ipar Euskal Herrira etorriko kontsumitzera, hori ere baitute beste argumentuetako bat Ikeakoek. Izan ere, Ikeak, eta bereziki Ikeari lotua izanen den merkataritza zentroak —heldu den urtean estreinatuko dute—, kezka anitz sortu ditu. Haien artean, beste saltegietako lanpostuen desagertze arrangura. 2013an Merkataritza eta Industria Ganberak eskatu ikerketa batean, eskaintza komertziala handiegia zela azaldu zuten. Baionako hiri barneko saltegiei ekarriko ziela kalte gehien: «Guk deritzogu guztientzat izanen dela lekua. Eskaintzek elkar osatzen badute, gu —merkataritza zentroarekin— zortzi milioi bisitari ekartzeko gai bagara, guztientzat izanen da onuragarri hori. Eremu biziki erakargarri batean gaude», berretsi zuen Olivier Baraillek, Frantziako Ikeako zuzendariak. Atzo poza eta ilusioa ziren nagusi guztien begietan, oro har. Baita langileen artean ere, itxuraz. Zeelanda Berriko errugbilarien Haka berregokitua lekuko, hori ere tokiko errugbi zaletasunari eginiko begi keinua. Horrekin hasi zuten estreinaldia langileek, eta «zuek zerbitzatzea / guk hori gustukoa dugu!» oihukatzen aritu ziren. Esku-zartak bukaerako. Entrenatzaileek beroturik, eta txarangen soinuek harroturik.
Ilusio horiek arrakalak dituztela ikusteko, berriz, zenbait elkartetara joan behar. Haien artean, Mouguerre Cadre de Vie (Mugerre Bizi ingurumena). Auzibideetatik saiatu da proiektua geldiarazten. Ez du lortu.
Eredu «lehengotarra»
Arazoari globalki begiratzera gonbidatzen du elkarteko Martine Bouchetek: «Damugarria da Ikea ekarri izana. Lehengotarra den garapen ekonomikoa kopiatzen ari dira». Tokikoa hobestea beti, hori dela egin behar dio: «Ikea gabe posible zen. Soluzioa politikoa da». Lurralde antolaketa kontu bat dela dio Bouchetek. «Nola egin 900 euro irabazten duen bat bizi ahal izan dadin sanoki, guztiak beherera garamatzan sistema elikatu gabe?». Horri behar zaio erantzun, dioenez.
Bizi elkartearentzat argi da: «Gure erosketa bakoitzak jendarte eredu jakin bat plantan ematen laguntzen du. Hein batean, hauta dezakegu», Xabier Harluxeten hitzetan, nahiz aitortzen duen hautua ez dela beti erraza: «Nor iristen da lehenik guregana? Ikearen katalogoa. Baina, halere, alternatibak badira. Antolatzen ari diren Alternatiba herrixketan, adibidez, arlo guztietan eta uste baino hurbilago alternatibak badirela erakusten dute, moltsa guztientzat».
Merkataritza. Baionako Ikearen zabaltzea
Euskal Herriko bigarren Ikea
Ireki ditu ateak Baiona Ametzondoko Ikeak.Irriak nagusi izan dira estreina ofizialean, baina saltegiak eraginen dituen kalte ekonomiko, ekologiko eta sozialen arrangurak ez dira eztituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu