Euskal esparrua ukatzea leporatu dio ELAk negoziazio kolektiboaren erreformari

Aldaketaren ondorioz Euskal Herriko langileen lan baldintzak Madrilen negoziatuko direla salatu du

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Negoziazio kolektiboaren erreforma joera antidemokratiko baten ondorioa da, eta euskal esparruko gehiengo sindikalen eragina ukatu nahi du», zioen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Espainiako CCOOk, UGTk, CEOEk eta CEPYMEk martxoaren 19ra arteko epea dute erreforma hitzartzeko. Bestela, Espainiako Gobernuak erabakiko du. ELAk bere Nazio Batzordeak gaiari buruz egindako ebazpena aurkeztu zuen atzo. Horren arabera, Hego Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eskubidea murriztuko zaie langileei, eta erreforma horren izaera politikoa kritikatu dute.

«Berriro egiaztatu da estatu mailako legeen menpeko garela funtsezko gai batean, eta gure lan baldintzei buruz erabakitzeko orduan», salatu zuen Muñozek. Horregatik sindikatuen gehiengoari indarra kendu nahi izatea kritikatu du ELAk. Euskal Herriko lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Orain arte egin diren gainerako erreformak ikusita, geratzen den bakarra negoziazio kolektiboarena dela gogorarazi zuen. Euskal alderdi politiko guztiei eskatu die negoziazio kolektiboaren erreformari aurre egiteko. EAJk alde egingo duela uste du.

Lehen adostasunak

2010eko irailean onartu zen lan erreforman hartu zen negoziazio kolektiboaren erreforma egiteko konpromisoa. CEOE, CEPYME, CCOO eta UGTk hainbat lan ildo zehaztu zituzten. ELAk salatu du hainbat eskubideren murrizketa planteatzen dutela.

Negoziazio kolektibo zentralizatua inposatzea da ELAk salatzen duen lehen neurria. Horren arabera, lehentasuna izango dute Espainiako hitzarmenek, eta galarazi egin nahi dute Euskal Herriko edozein esparrutan negoziazio ahalmena, lurralde mailako sektore hitzarmenak desagertzeraino. Adolfo Muñozek salatu zuenez, Valeriano Lopez Lan ministroak ere horren alde egin du. Euskal sindikatuei indarra kendu nahi izate horri «LOAPA sindikala» deitu zion ELAko idazkari nagusiak.

Erreferentziatzat Espainiako lan hitzarmenak hartuz gero, kaskartu egingo dira Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak, normalean Espainiako hitzarmenetan soldata apalagoak eta lanaldi luzeagoak hitzartzen baitira (ikus goiko taula).

Erreformak biltzen duen aurreakordioen artean sartzen da, bestetik, hitzarmenen ultraaktibitatea kentzea. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi ondokoak gaitzetsiduenez, erreforma honekin, hitzarmenen iraunaldia amaitutakoan, lan baldintza berriak negoziatu bitartean aurretik adostutako baldintzak ez dira errespetatuko.

Greba eskubidea ere mugatuko litzatekeela azpimarratu du Muñoak. Negoziazioa zentralizatuta, greba egiteko aukera mugatuko luke, Espainiako legeek legez kanpokotzat jotzen baitute indarrean dagoen hitzarmen baten aurkako greba egitea.

Azkenik, enpresek hitzarmenak aplikatzeko salbuespenak eta bestelako akordioak ez betetzeko aukera gehiago izango dituztela ere salatu du ELAk.

Adolfo Muñozek atzoko agerraldian azaldu zuen luzera begira soldatak murrizteko erabakia ere hartu dutela agintariek. Horren harira, enpresen produktibitatearen barnean soldatak baldintzatzeko ereduak zentzurik ez duela salatu zuen, «soldata igoerek ez dutelako inflazioa eragiten, alderantziz, prezioen igoera etekinen hazkundeak eragiten du». Produktibitateari dagokionez, Euskal Herria puntan dagoela nabarmendu zuen, baina etekinak ez direla behar bezala banatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.