EAJk erreformaren aurka egindako martxen oihartzunpean hartu ditu gehiengo sindikalak, ELA, LAB eta ESK, Sabin Etxean, eta bilera horretan oso mezu argia igorri die sindikatuei: euskal lan harremanen esparrua babesteko konpromisoari eusten dio EAJk, eta, lan hitzarmenen lehentasunak ez badira aldatzen erreformaren dekretuan, haren aurka bozkatuko du, etzi, Espainiako Kongresuan.
EAJko presidente Andoni Ortuzar bera elkartu da sindikatuetako ordezkariekin, eta hark helarazi die zein den Madrilen sei diputatu dituen alderdiaren jarrera: «Bat gatoz sindikatuen eskaera ia guztiekin, baina, aintzat hartuta sindikatuek, patronalak eta Espainiako Gobernuak egindako akordioaren edukia eta Europako Batasunaren baldintzak, erkidegoaren esparruari eusteko egingo ditugu negoziatzeko ahalegin guztiak». Ortuzarrek erantsi du euskal itunek nagusitasuna izateko aldaketa hori «lorgarria» dela oraindik.
ELAk, LABek eta ESK-k EAJri azaldu diote 2010eko eta 2012ko lan erreformek ezarritako desorekak lehengoratu egin behar direla, aurreko ostiralean EH Bilduri azaldu zioten moduan, eta erreformaren aurka bozkatzeko eskatu diote. Euskal esparruari eustea bakarrik ez, kaleratze errazen eta merkeen araudia zuzentzea ere «oinarrizkoa» dela esan diete EAJko ordezkariei. Bi gaiak moldatu ahal izateko proposamen tekniko batzuk egin dituzte: batetik, «patronalak kaleratze objektiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzeko» eta, bestetik, «euskal negoziazio kolektiboa errespetatua izateko, kanpo injerentziarik gabe».
ERC ere ezezkoan dago
Ortuzarren erantzunak ez du zalantzarako tarterik utzi: euskal esparrua defendatuko dute jeltzaleek, eta, euskal itunen lehentasuna bermatu gabe, ezezkoa izango da EAJren botoa, baina hura izango dute marra gorri bakarra. Hau da, enpresen barne malgutasunaren mekanismoei eutsi izana, alegia, kaleratze errazei eta merkeei, ez da marra gorri bat izango Ortuzarren alderdiarentzat etziko bozketan.
Bien bitartean, PSOEren eta Unidas Podemosen ordularia gero eta ozenago hasi da tik-tak egiten, lan erreformaren dekretuak ez baitu oraindik babes nahikorik lortu. ERCk ezezkoari eusten diola jakinarazi du azken orduetan, ez duelako onartzen dekretua «koma bat bera ere aldatu gabe» babestea: «negoziazioa ukatzea izango litzateke».
Horiek horrela, gero eta indar handiagoa hartzen ari da PSOE eskuineko bidean saiatuko den aukera, gaur arte ez baitu inolako asmorik erakutsi testuan aldaketak onartzeko, ezta txikiak badira ere. Ciudadanosen eta UPNren botoak bilatzea aukera erreala da, hortaz. PPren eta Voxen ezezkoak seguruak dira, baina, ERCk, EH Bilduk, EAJk, CUPek eta BNGk ez beste guztiek baiezkora joz gero, gobernuak aurrera aterako luke dekretua. Bide horretan, ordea, zalantza ugari azaltzen dira; hasteko, UPNrena. PPk beste alde batera begiratuko luke Nafarroako boto eskuindarrak baiezkora joanez gero? Ezkerreko alderdi txiki guztiek onartuko lukete baietza ematea Ciudadanosekin batera? PDeCATek besterik gabe bozkatuko luke baietz Ciudadanosekin lerrokaturik?
CEOEren betoa, irmo
Bozketa eguna iritsi arte nekez argituko diren galderak dira horiek. Edonola ere, negoziazioek aurrera jarraitzen dute, bizi-bizi, eta UP Unidas Podemosek jarraitzen du ezkerreko bidetik urratsak egiteko saioan. Bide horretan nahikoa bailitzateke EAJk eta ERCk abstentziora jotzea. UPk badaki Espainiako Gobernuak legegintzaldiko lege gailena bere bazkideen aurka onartzeak lan erreformatik haragoko ondorioak izango lituzkeela, eta erreforma horren ustezko ezkertiartasuna ezbaian utziko lukeela erabat: hori ere badaki.
CEOEren betoa, ordea, dena baldintzatzen ari da, alderdien arteko negoziazioa ukatuz. Hainbeste, ezen PSOE prest agertu baita norabide aldaketa bat erabakitzeko gobernura eraman duten bazkideekiko aliantzetan.
Egoera ikusita, abisu argia eman du EAJko presidenteak: «Patronalak ezin ditu gobernua eta Kongresua bahitu». Ortuzarren ustez, «beharbada, norbaitek pixka bat bere lekuan jarri beharko du patronala». Oraingoz, CEOE patronala ari da Pedro Sanchez bere lekuan jartzen.
Eta Espainiako patronalaren posizioari indarra eman dio azken orduetan Bizkaikoak. Cebekek hitz batzuk zuzendu dizkio EAJri blokeo egoerari buruz galdetu diotenean: «Ulergaitza izango litzaiguke estatuan eta Euskadin elkarrizketa sozialaren alde egitea eta gero akordioak auzitan jartzea». Cebekeko idazkari nagusi Fran Azpiazuk alde batera utzi du Espainiako elkarrizketa sozialean badagoen edo ez dagoen euskal langileek erabakitako gehiengo sindikala, eta EAJ estu hartzeko mezuan sakondu du: «Egiaz sinesten badugu kontzertazio sozialean, balioa eman behar zaio akordioari».
Lan erreforma
Euskal esparrua da EAJren marra gorri bakarra erreformaren auzian
Ortuzarrek gehiengo sindikalari esan dio bat datorrela haren «eskaera ia guztiekin», baina «ahalegin guztia» itunei begira egingo duela. Cebekentzat «ulergaitza da» erreformaren ituna auzitan jartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu