Euskal enpresen erronkak

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Inflazio handiak, ziurgabetasunak eta krisiak, finean, gogor eragiten diete herritarrei Argentinan. Baina enpresentzat ere egoera ez da samurra. 50 inguru dira han dauden euskal enpresak, bai lantegiekin bai ezarpen komertzialekin, eta gehienak fabrikazio aurreratuko, automozioko eta energia sektorekoak dira. Euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko Basque Trade & Investment agentziaren arabera, «gaur egun euskal enpresek ez dute interesik Argentinan ezartzeko, eta jada han daudenek beren lantegiak batez ere Latinoamerikara begira dituzte».

Edonola ere, igartzen ari dira krisia, eta hala azaldu dute Basque Tradeko iturriek: «Inflazio handiak barne merkatuari eragin dio, enpresen kostuak handituz, eta gobernuak prezio batzuen igoera mugatzea eta inportazio batzuk murriztea ekarri du. Horrek kalte egin dio Argentinaren lehiakortasunari nazioartean, esportazioei eragin die eta inbertsioak nabarmen gutxitu».

Inportazioei jarritako mugek hornikuntza arazoak eragiten dizkiete puntualki euskal enpresei. Halere, Basque Traden ustez, «euskal enpresentzako erronka handienak Argentinako hiperinflazioa eta pesoaren debaluazioa dira, horiekin izugarri zaila egiten baitzaie epe ertain eta luzera planifikatzea».

Bozek ere ziurgabetasuna areagotu dute, eta hori badakite Basque Trade agentzian: «Historikoki, Argentinako hauteskunde aldien ezaugarriak izan dira bai pesoak balioa galtzea dolarrarekiko eta bai inflazio handia. Hala gertatu zen 2015ean eta 2019an, eta hala gertatzen ari da orain, baina larriago, Argentinaren egoera makroekonomikoa higatuta dagoelako».

Basque Tradek dio herrialdeak ekonomia suspertzeko potentziala baduela, meatzaritzan, nekazaritzan, abeltzaintzan, litioan eta energia iturri konbentzional eta berriztagarrietan oinarrituta. «Baina hiperinflazioarekin, zorpetzearekin eta, orain, bozek dakarten ziurgabetasunarekin, agertokia ez da onena», uste du agentziak, gogoratuz OCDEren arabera Argentinako BPG %2 eroriko dela aurten eta beste %1,2 jaitsiko dela 2024. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.