jokin sagarzazu
Geure kontu

Euskal agenda Madrilen

2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Asteon, Andoni Ortuzarrek harro erakutsi ahal izan du ELAren afiliatu karneta, azkenean 2017an emandako hitza ez bete eta kuota ordaintzeari utzi ez bazion behintzat. Ez litzateke harritzekoa EAJren buruak poz hori hartu izana sindikatuak adierazitako esker hitz eta txaloengatik, jeltzaleek Madrilen Hego Euskal Herriko lan hitzarmenak Espainiakoen gainetik lehenesteko lortutako akordioa dela eta.

Ezohiko erreakzioa izan du ELAk, nekez egiten baitu halakorik inongo alderdirekin. Hura izan zen akordioaren berri jakin eta gutxira oharra kaleratu zuen bakarra. Gainerakoak ere mintzatu ziren, berri agentziek adierazpenak eskatuta edo sare sozialetan, eta txalotu zuten akordioa. LAB, EH Bildu, CCOO, UGT. Azkenengo bien kasuan, hori bai, errezelo eta ñabardura gehiagorekin eta oso modu desberdinetan Euskal Herritik mintzatu ala Madrildik hitz egin.

Yolanda Diaz Lan ministroa, Espainiako patronal eta sindikatu nagusietako buruen artean. MARISCAL / EFE
Yolanda Diaz Lan ministroa, Espainiako patronaleko eta sindikatu nagusietako buruen artean. MARISCAL / EFE

Erreakzioek erakusten dute ezen akordioak, lan harremanen esparrura mugatuta egonda ere, eragin politiko zabalago bat izan dezakeela. Eta auzia nondik zetorren eta nola konpondu den ikusteak balio dezake zer beste aukera ireki daitezkeen aztertzeko.

Lurraldeko lan hitzarmenen lehentasuna sindikatuen «eskaera historikoetako» bat da, abertzaleena bereziki. 2010ean PSOEren gobernu batekin egindako lan erreformak eta 2012an PPkoarekin egindakoak modua eman zuten estatuko itunak gainetik jartzeko. Horrek zer esan nahi du? Enpresek Espainian negoziatutako lan itunak ezar ditzaketela autonomikoak edo probintzialak baldintza hobeak izan arren, eta, oro har, Hego Euskal Herrian hala dira.

Bere burua konfederaltzat daukan alderdi bateko ministro batek ez luke arazorik izan behar lan harremanen euskal esparrua aitortzeko edo, gutxienez, bide horretan urratsak egiteko.

Hori aldatzeko eskaera Pedro Sanchezen mahaian egon da gobernura heldu zenetik, eta ate bat zabaldu zen 2022ko lan erreforman. Baina konpondu gabe utzi zituzten gai nagusietako bat izan zen, Madrilgo negoziazio mahaian egon ziren eragileek —Yolanda Diaz Lan ministroak (Sumar), CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak— ez baitzuten egin soluzio bat emateko ahalegin berezirik.

Azkenean, iaz, Sanchezen hirugarren inbestidura babestearen truke, EAJk PSOErekin adostu zuen legea aldatzea sei hilabeteko epean. Aurtengo urtarrilean, gobernuak parlamentura eraman zuen gaia, baina ez zuen aurrera egin, Unidas Podemos ez zegoelako ados dekretu berean jasotzen zen beste neurri batekin.

Azkenengo hilabeteetan, Diazek esku artean izan duen patata bero bat izan da, eta luzamendutan aritu da. Haren argudio nagusia: neurria Espainiako patronalarekin eta sindikatuekin adostu nahi zuela. Azkenean hori gabe irentsi behar izan du, eta ez dirudi gustukoa izan duenik, asteartean Ministroen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko egindako prentsaurrekoan jarri zuen aurpegia ikusita behintzat. Kazetari batek galdetu ez balio, ez zukeen gaia aipatu ere egingo.

EAJk aurrea hartua zion, ordu batzuk lehenago eman baitzuen akordioaren berri. Eta, beste ezeren gainetik, gauza bat azpimarratu zuen: neurriak «Euskadiko sindikatu guztien eta Confebask patronalaren» babesa duela. Argudioak balekoa izan beharko luke bere burua konfederaltzat daukan alderdi bateko ministro batentzat. Ez luke arazorik izan behar lan harremanen euskal esparrua aitortzeko edo, gutxienez, bide horretan urratsak egiteko. Baina ez da horrela.

Euskal Herrira itzulita, sindikatuek hainbat fronte ireki dituzte. Langile publikoena da horietako bat. Haien lan baldintzen aldeko aldarrikapenean, UGT ez beste guztiak bat eginda ari dira. Baina badaude aldarrikapen gehiago ere: pentsio sistemarekin loturikoak, eta beste hainbat. Sindikatuek eskaera zuzena egin diete alderdiei: Sanchezen beharrak eta Espainiako Kongresuan gaur egun dagoen gehiengoa baliatzeko bide horretan aurrera egiteko. Lan arloko gaietarako balio du horrek. Baina euskal agenda zerbait zabalagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.