Euskadiko Parke Teknologikoko enpresek hazten segitzen dute

Iaz 8.243 milioi euro fakturatu zituzten, aurreko urtean baino %11,5 gehiago. Aeronautikarena da diru gehien mugitu duen sektorea, baina IKTak eta biozientziak hazi dira gehien.

Langile bat Arabako Parke Teknologikoan, Aernnovaren lantegian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Langile bat Arabako Parke Teknologikoan, Aernnovaren lantegian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 16a
11:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Enpresa gehiago, langile gehiago eta diru gehiago. Euskadiko Parke Teknologikoak dituen sei campusetan 673 konpainia daude dagoeneko, eta 8.243 milioi euroren fakturazioa izan zuten iaz, 2023. urtean baino %11,5 handiagoa. Inoiz baino langile gehiagok dihardute haietan: 23.674 lagun dabiltza beharrean Zamudioko, Gasteizko, Donostiako, Leioako, Hernaniko eta Abantoko parke teknologikoetan.

Parkeak gaur plazaratu du bere jardunari buruzko urteroko txostena, eta hark dio fakturazio handiena izan duen sektorea aeronautikarena dela beste behin ere, 2.479 milioi euro fakturatu baititu. Dena den, Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako sailburuorde eta parkeko presidenteak nabarmendu du biozientziena bihurtu dela enpresa gehien dituen alorra (129), IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotutakoekin batera (127). Horrek du fakturazio handienetan bigarrena: 1.980 milioi eurokoa. Atzerriko kapitala duten konpainiak 69 dira.

Iaz, gainera, 642 langile kontratatu zituzten enpresek. 12.792 beharginek, gehienek, unibertsitateko tituluak dituzte, baina gora egin du lanbide heziketatik heldutakoen portzentajeak: 6.092 dira.

I+Gn eginiko gastua ere nabarmen handitu zen iaz: 2023. urtean 660 milioi eurokoa izan zen, eta 2024an, 754 milioi eurokoa (+%14,2).

 7.369 lagun aritzen dira I+Gari lotutako jardunetan esklusiboki, eta horietatik 3.093 dira emakumeak. Horri lotuta, Parkek nabarmendu du 146 enpresatako zuzendari nagusiak emakumeak direla, eta 4.489 beharginek 30 urte baino gutxiago dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.