Euskadiko Kutxaren helegitea, ekarpenaren auzian

Mondragon taldeko aurrezki kutxak dio ardurarik ez duela Eroskik emandako informazioarekiko

Erredakzioa
Donostia
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak«erabateko desadostasuna» azaldu zuen atzo, ohar baten bidez, Gasteizko epaitegi batek Eroskik eta Fagorrek jaulkitako ekarpenen inguruan emandako lehenengo ebazpenarekin, eta helegitea jarriko duela iragarri zuen. Epai horren arabera, Euskadiko Kutxak dirua itzuli beharko dio Eroskiren ekarpen baten erosleari, 14.800 euro hain zuzen. Kooperatibak ekarpena azaltzeko kaleratu zuen informazioa «ez oso garbia, idazkera nahasikoa eta agian engainagarria» da, epailearen ustez.

Aurrezki kutxak dio ezin duela onartu Eroskik emandako informazioa, «CNMVk balekotzat eman zuena», Euskadiko Kutxaren-Ipar Kutxaren ardura denik, «informazio horren mamiak ez duelako loturarik kutxa honekin». Mondragon taldeko finantza erakundeak onartzen du epaitutako kasua «berezia» dela, baina uste du «epaia ez datorrela bat operazio zehatz horren salerosketaren inguruko baldintzekin».

Epaia eragin duen Eroskiren ekarpena saltzean informazio «partziala, ez-egiazkoa eta lerratua» eman zion Euskadiko Kutxak bere bezeroari epailearen arabera. Aurrezki kutxa ez dago ados balorazio horrekin. «Desadostasuna» azaldu du oharrean, «probarekiko epaileak egindako balorazioarekin». Desadostasun hori, halaber, epaileak egindako «azterketa juridikoarekiko ere» bada.

Argudio horiek guztiak tarteko, Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak epaiari helegitea jartzeko «asmo irmoa» iragarri du. Arabako Lurralde Auzitegietan jarri beharko du helegitea.

40.000 erosle

Eroskik eta Fagorrek 2002-2007ko epean jaulki zituzten orain menpeko ekarpenak, eta operazio horien bidez 800 milioi eurotik gora lortu zituzten beren hedapen prozesuak finantzatzeko. Kaltetuak elkartearen arabera, 40.000 izan daiteke menpeko ekarpenen erosle kopurua.

Finantza erakundeen bidez saldu ziren ekarpenak. BBVAk saldu zituen Eroskiren ekarpen gehienak (%44), eta Santanderrek, berriz, Fagorrek jaulkitakoak (%57). Euskadiko Kutxak ekarpen guztien %21 baino ez zituen saldu —%27 Mondragon taldeko bazkideen artean saldutakoak ere zenbatuz—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.