Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxa kreditu kooperatiben bat egiteko «funtsezko aurrerapausoa» eman zuten atzo bi erakundeetako batzarrek. Ustekaberik gabe, fusiorako proposamena onartu zuten, aurretik kontseilu errektoreek egin zuten moduan. Bat egitean sortuko den erakundeak Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak zuten izaera mantenduko du; hau da, kreditu kooperatiba izango da. Euskadiko Kutxak Gasteizen egin zuen batzarra; Ipar Kutxak, berriz, Bilbon. Asmoa da bat egiteko prozesua urtea amaitu aurretik bukatzea; horretarako, hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dute proiektua bideratzeko sortutako taldeek.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren finantza erakundea izango da, Kutxabanken atzetik. Arrasaten (Gipuzkoa) egongo da egoitza soziala, eta Hego Euskal Herrian 860.000 bezero izango ditu. Bat egiteko proposamenaren arabera, kreditu kooperatiban aldi baterako osatutako kontseilu errektoreak 15 kide izango ditu: hamabi Euskadiko Kutxakoak eta hiru Ipar Kutxakoak. Erakundeko lehendakari Txomin Garcia izendatu dute, Euskadiko Kutxako egungo lehendakaria.
25.000 milioi euroren aktiboak izango ditu bat egitetik sortuko den kreditu kooperatibak, guztira 1,3 milioi bezero baino gehiago, 451 bulego, eta oinarrizko kapital eta berankortasun tasa osasuntsuak. «Bankarizazioaren alternatiba gisa» aurkeztu dute euren proiektua Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak. «Kooperatibismotik abiatuta, finantza erakundeak beste era batera kudeatzen dituen eredu baten aldeko apustua da gurea».
Kaudimenean eta likidezian«sektoreko onenen artean» daudela diote bi aldeek, eta horretaz baliatu nahi dute «lurraldeari errotuta eta gizartearekin engaiatuta dagoen» proiektu bati bultzada emateko. Bat egitearekin, Bizkaian eta Araban erakundearen kokapena «nabarmen» indartuko dela uste dute bi erakundeek. Biek bulego ugari dituzte bi lurraldeetan, eta litekeena da zenbait bulego itxi eta langileak kaleratu behar izatea. Ordezkarien hitzetan, ordea, «doikuntza neurriren bat behar izatekotan», «adostasunen bitartez» kudeatuko da.
Bat egitearekin parekatu egingo dituzte bi erakundeetako bazkideen eskubide eta betebeharrak. Euskadiko Kutxako bazkide gehienak langileak dira, Ipar Kutxakoak ez bezala. Dena den, Ipar Kutxako langileei erraztu egingo diete erakunde berriko bazkide izatea.
Fusioari begira prestatutako negozio plana «zuhurtasunez» egin dute bi erakundeetako ordezkariek, eta egindako aurreikuspenak finantza sektorearentzat «ezkorra» den testuinguru batean oinarritzen dira, haien arabera. Plan horretan, «zenbakien gainetik benetan garrantzitsua erakundearen sendotasuna» izango dela azpimarratu dute.
Elkarrizketak, martxotik
Bi kreditu kooperatibek iaz izandako irabaziek jaitsiera nabarmena erakusten dute 2010. urtekoekin alderatuz. Euskadiko Kutxak 19,4 milioi euroren irabaziak izan zituen, duela bi urte baino %62 gutxiago. Ipar Kutxak 10,93 milioi euro irabazi zituen iaz, 2010ean baino %18,2 gutxiago.
Martxoaren 20an ekin zieten bi aldeek fusiorako elkarrizketa formalei, eta geroztik egutegia «zorrotz» bete dutela diote, aurreikuspenak betez. Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako kontseilu errektoreek maiatzaren 29an baiezkoa eman zioten proposamenari —horiek dira bi kreditu kooperatibetako organo gorenak—.
Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako batzarrek bat egitea onartu dute
Urte amaierarako espero dute bat egiteko prozesua bukatzea; 1,3 milioitik gora bezero izango dituzte guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu