ESPAINIA

Eurotaldeak onartu du Espainiako bankuen erreskatea

Erreskatearen baldintzak ere jakinaraziko dituzte, aurki. Bundestag Alemaniako beheko ganberak gehiengo osoz onartu zuen atzo Espainiako bankuak diruz laguntzea eta gaur, Finlandiak ere babesa ematea onartu du. 

2012ko uztailaren 20a
14:05
Entzun

Eurotaldeko finantza ministroak eguerdian elkartu dira, telefono bidez, Espainiako bankuentzako erreskateari argi berdea emateko. Orotara, 100.000 miloi euroko mailegua izango da eta lehenengo diru sorta hilaren amaieran iritsiko zaio Espainiari, 30.000 milioi euro, hain zuzen.

Halaber, gaur argituko dituzte erreskatearen baldintzak. Dirua finantza erakundeentzat izango da baina horrek ez du esan nahi baldintzak haientzat bakarrik izango direnik. Aintzat hartu behar da dirua Gobernuak eskatuko duela, eta dirua bueltatu ere berak bueltatu behar duela. Beraz, Europak bermatu egin nahi du dirua bueltan jasoko duela. 

Finantza sistema berriro berregituratzera behartuko dute Espainia eta Europako Batasuneko erakundeen kontrola jasan beharko du. Beste neurri batzuk hartzera behartuko dute, esaterako, autonomia erkidegoak kate motzean lotzea.

Finlandiako Parlamentuan onartu dute Espainiako erreskateari babesa ematea. Gaur egindako bozketan aldeko 109 boto izan dira eta aurkako 73 boto. 17 diputatu ez dira bozketan izan. Finlandiak eta Espainiak finantza erakundeen erreskaterako bermeak itunduta zituzten aurretik: Espainiak 762,92 milioi euroko berme maximoa eman beharko dio eurotaldeak eskainitako 100.000 milioi euroak erabiltzea erabakitzen badu.

Atzo, Alemaniak onartu zuen

Bundestag Alemaniako beheko ganberak gehiengo osoz onartu zuen atzo Espainiako bankuen erreskatea eta, Alemaniak 30.000 milioi euro jartzea. 473 diputatuk aldeko botoa eman dute eta 97k kontrakoa; 13 abstentzio izan dira. 

Wolfgang Schäuble Finantza ministroak Espainiak Eurotaldearen laguntza behar duela esan du bozketa izan baino lehen. Schäublek azaldu duenez, Espainiak azken hilabeteotan egindako erreformak eta aurki etorriko direnak, "beharrezkoak" dira, baina, ez dira nahikoak izango bankuen arazoari irtenbidea jartzen ez bazaio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.